San José hilerrira ibilgailu partikularrarekin sartzea mugatuko da datorren asteazkenetik (urriak 30) ostiralera bitarte (azaroak 1). Iruñeko Udaltzaingoak San José hilerrira sartzeko ohiko kontrol-sistema ezarriko du Domu Santuen Egunaren harira bertara joanen diren pertsona guztien segurtasuna bermatze aldera.
Urriaren 30 eta 31n, eta azaroaren 1ean, 08:00etatik 20:00etara, errepideko zirkulaziorako itxita egonen dira hilerrirako sarbide hauek: Nafarroa etorbidea, Donibane Kirol Elkartearen ondoan; Orkoien eta Biurdana kaleen arteko bidegurutzeko biribilgunea, Julio Caro Baroja – La Granja BHIaren ondoan, eta Miluzeko errepidea, Barañaindik gertuen dagoen sarbidetik aurrera. Hilerrirako sarbidea Nafarroa etorbidetik, Donibane Kirol Elkartearen ondoan, uneoro oinezkoek baino ezinen dute erabili.
Behar bezala arrazoitutako baimen berezien eskaera
Sarbide librea izanen dute taxiek, loradenda-enpresetako ibilgailuek (Udaltzaingoak emandako baimen-txartelarekin) eta indarreko minusbaliotasun-txartela duten ibilgailuek –betiere gidaria txartelaren titularra bada–. Ibilgailu horiek hilerriaren inguruetan aparkatzen ahalko dute aldi mugatu batean. Zio arrazoitua edo aldi baterako ezgaitasun fisikoren bat duten pertsonek Udaltzaingoan eska dezakete ibilgailu bakar baterako baimena hilerriaren inguruetaraino ordu batez sartzeko.
Hilerriraino doazen ibilgailuak Julio Caro Baroja-La Granja BHIren ondoan eta Orkoien eta Biurdana kaleen artean den bidegurutzeko biribilgunetik abiatzen den errepidean barna baino ezin dira sartu, eta Miluzeko errepidetik irten, Barañaingo norabidean. Ibilbide hori bera eginen dute gorpu-eramateek eta segizio-ibilgailuek.
Nolanahi ere, pertsona eta, batez ere, ibilgailu ugari ez dabilen orduetan, Udaltzaingoak errepideko zirkulazioa baimendu dezake Julio Caro Baroja – La Granja BHIaren ondoko biribilgunetik eta Miluzeko errepidetik.
Egun horietan, urte osoan bezala, ibilgailuendako aldirietako aparkalekua egonen da erabilgarri, Nafarroa etorbideko biribilgunearen ondoan, Donibane Kirol Elkartearen eta Biurdanako parkearen artean. Halaber, hilerritik gertu dauden Donibane auzoko bideetan aparkatze arautuko eremuak daude, alde urdinekoak, bertara ibilgailu partikularrarekin doazenek erabil ditzaten.