San Jorge HLHIPko patioa ingurune naturalagoa eta jasangarriagoa bihurtuko da topografia desberdina izanen duten uharte gisako berdegune eta jarduera-eremu berriei esker

San Jorge HLHIPko patioa ingurune naturalagoa eta jasangarriagoa bihurtuko da topografia desberdina izanen duten uharte gisako berdegune eta jarduera-eremu berriei esker
Urte amaierarako bukatuko dira Amaiur Ikastolan eta Iturrama HLHIPn ere gauzatzen ari diren patioak birnaturalizatzeko obrak
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak joan den abuztuan hasi zituen San Jorge HLHIP, Amaiur Ikastola eta Iturrama HLHIP ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeko lanak. Helburua da ikastetxeetako kanpoko espazioen ikusmolde orokorra eraldatzea, naturan hezteko, natura espazio horietan integratzeko, eremu jasangarriak sortzeko eta pertsonen ingurumen-ongizatea eta habitataren biodibertsitatea sustatzeko. Egiten ari diren lanek landaretza-gune eta itzalgune berriak sortuko dituzte, bero-uharte efektuari aurre egiteko eta kirol-jarduerez bestelako jolas libreko guneak sortzeko. 

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak San Jorge HLHIP bisitatu dute gaur goizean, non hilabete bat baino gehiago daramaten patioaren fisionomia aldatzeko lanetan.  Gaur egun, patioaren diseinuak eta funtzionamenduak ikastetxearen hezkuntza-, gizarte- eta ingurumen-helburuetatik urrun dagoen eredu bati erantzuten diote, erdiko kirol-pistak baitira nagusi. Askotariko guneak ditu, batez ere kiroletakoak, aire zabalekoak zein estaliak. Aire zabaleko gunea asfaltoz zolatuta dago eta tamaina desberdinetako zuhaitzak ditu. Zuhaitz horiek lauki bat osatzen duten txorkoetan sartuta daude, eta landaretza-errezel bat sortzen dute alde perimetraletan.

Hiru ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeko lanak Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatu zitzaizkion, 438.673,28 euroan. Horietatik 324.000 euro inguru San Jorge HLHIPko lanetarako dira, 59.000 Amaiur Ikastolakoetarako eta 56.000 Iturrama HLHIP ikastetxekoetarako. Aurreikuspenen arabera, lanak urte amaierarako amaituko dira hiru ikastetxeetan. 2024-2025 ikasturtean San Jorge HLHIP, Iturrama HLHIP edo Amaiur Ikastolan eskolatutako 800 haurrek baino gehiagok jasoko dituzte birnaturalizazio horren onurak.

Birnaturalizatutako patio berria San Jorgen
San Jorge HLHIPn, patioak eskaintzen dituen guneak eta jarduerak berrantolatuko dira. Helburua da erabilerak  ugaritzea maila desberdinetako irla itxurako guneen bidez. Patioa ibai-parkeko berdegunetik hurbil dagoenez, bi guneak bisualki konektatu nahi dira, inguruko hesiaren zati bat kenduz. Patioa birnaturalizatzeko zoladura bigunak, landareak eta topografia berriak sartuko dira Kirol-pistak birkokatuz,, berdeguneak edo egoteko guneak sortuz  eta zoladurako kolore-jolasei esker, ibilbidea eta jolasteko eremua batuko dituen patio bat sortuko da, eta espazioa dinamikoa izanen da bere hedadura osoan.

Patioko hegoaldeko egungo kirol-eremua jolas anitzetarako gune bihurtzen ari da, lurzoru bigun eta birnaturalizatuak eta testura desberdinak dituzten irlak eta haien arteko tarteak sortzeari esker. Proiektuak  jarduera- eta jolas-gune desberdinak sortzea proposatzen du, elementu naturalak baliatuz, testura ezberdinetako (pinu-azala edo harea) zoladura-guneak diseinatzeko eta jolaserako edo jarduera pedagogikoetarako elementu gisa erabiltzeko. Halaber, muinoz eta dolinaz osatutako topografia aldakorra baliatzen da, harridura eta aurkikuntza sentsazioa indartze aldera.

Ia kirol-eremu osoa mendebaldeko gunera lekualdatu denez, baloiarekin jolasteko eremua lorategiko eremutik bereiziko da. Azalera naturalak handitzeak eta zuhaitz gehiago landatzeak, gune berrietako erliebeekin batera, askotariko ingurune atsegin eta estetikoak sortzen lagunduko dute. Horri ingurumen-hobekuntzak batuta, San Jorge HLHIPn hezkuntzarako eta jolaserako paisaia berri bat sortuko da.

Obrak Iturrama HLHIPn eta Amaiur Ikastolan ere
San Jorge ikastetxekoekin batera Amaiur ikastolako eta Iturrama HLHIPko patioetan ere, birnaturalizazio lanak gauzatzen ari dira. Iturrama ikastetxe publikoan batez ere hegoaldeko patioan ari dira lanean. Beste bi ikastetxeetan bezala, ingurumen-, paisaia-, josteta- eta hezkuntza-hobekuntzak eginen dira, patio-kontzeptua aldatzeko. Zuhaitz berriak jarriko dira eta erliebe desberdinetako topografia naturaleko irlak sortuko dira. Jolas libreko guneak eta egoteko guneak uztartuko dira, ikasleen erabilera eta gozamenerako.

Amaiur Ikastolan ere patioko fisionomia aldatuko da, kirol-pistetako bat kenduko baita gunea birnaturalizatzeko. Lanei esker egungo futbito pista erabilera anitzeko pista bihurtuko da, ertzak zabalduta eta saskibaloi-pista bertan integratuta. Horrela, saskibaloi-pista jolas desberdinetarako erabiliko da, erliebe desberdinetako lorategiekin eta berdegune berriekin batera. Horrela, trantsizio natural eta jasangarria lortuko da eta baloiarekin egiten diren jolasak eta jolas libreak bereiziko dira sortutako gune berrian.

¿Te ha sido útil esta página?