San Frantziskoko liburutegia gaurtik (astelehena) otsailaren 15era bitarte egonen da itxita, higiezinaren zorua eraberritzeko lanak direla eta

San Frantziskoko liburutegia gaurtik (astelehena) otsailaren 15era bitarte egonen da itxita, higiezinaren zorua eraberritzeko lanak direla eta
Linoleumezko zoruaren zati bat ordeztuko da, oso kaltetuta baitzegoen
Biblioteca San Francisco

 

Iruñeko San Frantzisko plazako liburutegi publikoa gaurtik, astelehena, otsailaren 15era bitarte egonen da itxita lanak direla eta. Denbora-tarte horretan linoleumezko zoruaren zati bat aldatuko dute, erabiltzaileen segurtasunari eta mugikortasunari eragiten dioten kalte nabarmenak baititu. Iruñeko Udalak 20.137,40 euro (BEZa kanpo) inbertituko ditu zorua berritzeko. 

Erabileraren eta higaduraren ondorioz, zoruko hainbat eremutan erortzeko arriskua eragiten duten kalte garrantzitsuak daude. Hori dela eta aldatuko dute zorua. 2011n liburutegia birmoldatu zenean jarri zen linoleumezko zorua da. Orain planteatutako jarduketan partzialki ordezkatuko da zorua, eta, beraz, jatorrizko material bera instalatu beharko dute, ehundura, kolore eta mailen arteko desberdintasunak saihestu eta gunearen estetika homogeneizatzeko. Halaber, materiala soinua xurgatzeko berariaz diseinatuta dago, beharrezkoa baita liburutegian eta ikasteko gunean. 

Eraikina 1912an eraiki zen hotel gisa eta 1972az geroztik liburutegi bat da. Hasiera batean eta 2010. urtera arte, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren egoitza izan zen. Orduan Mendebaldeara lekualdatu zuten, eta Nafarroako Gobernuak eraikinaren erabilera Udalari laga zion 50 urtez, auzoko liburutegia bertan jartzeko. 2011n, Udalak goitik behera zaharberritu zuen espazioa eta 1,3 milioi euro inbertitu zituen horretarako. Higiezinaren sotoa eta beheko solairua berritu ziren: 1.350 metro karratuko azalera zuten guztira. Liburutegiak 2012an ireki zituen berriz ateak, birmoldaketa amaitu ondoren. 

Egungo zaharberritzea beheko solairuan eginen dute, bertan baitago jendearendako irekitako zerbitzuen gunea (923 metro karratukoak). Hala ere, ez da espazio guztiko zorua altxatuko, hori egin ordez adabakiak jarriko dira erabileraren ondorioz kaltetuen dauden eremuetan, batez ere haurren eta helduen irakurketarako gunean, baina baita hemeroteka dagoen tokian ere.

¿Te ha sido útil esta página?