San Cernin ikastetxeko ikasleek arrakastaz garatu dute ‘Energia Xahutzearen Kontrako Ekintza’ hezkuntza-proiektua, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak diseinatu duena. Guztira, hamar eta hamaika urte bitarteko ehun bat mutil eta neskak hartu dute parte, eta gaur goizean alkateari pertsonalki azaldu diote proiektua nola garatu duten eta lan-hilabete horietan atera dituzten ondorioak. Proposamenak energia eta klima-aldaketa ditu ardatz, eta erronka eta sarietan egituratutako metodologia erakargarri eta berritzailean oinarrituta dago. Lortutako emaitza onen ondoren, proiektua ezarri nahi duten ikastetxe guztiei irekiko zaie hurrengo ikasturtean, eta eskaera egin dezakete martxoaren 18ra bitarte https://educacionambiental.pamplona.es/comunidad-educativa/grupo-de-accion-contra-el-despilfarro-energetico/ Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako webgunean edo 948420984 telefonoan.
‘Energia xahutzearen kontrako ekintza’ hezkuntza-tresna bat da eta ikasleei erronka egiten die, erronken, aurrerapen-mailen eta sarien bidez, beren ikastetxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eragile aktiboak bihurtu ahal izateko. Proposamena https://accioncontraeldespilfarroenergetico.es/ webgunean garatuta dago, eta proiekturako sortutako testuek, fitxa didaktikoek eta bideoek osatzen duten askotariko formatua dauka. Halaber, ikastetxe bakoitzari irakasle-gida bat eman zaio, emanen diren urrats guztiak behar bezala gidatu ahal izateko.
Stardust proiektu europarraren barruko ekintza-ildo gisa sortutako tresna horren xedea da ikasleei ikaskuntza sustatzea modu erakargarri zein berriztagarrian energia eta klima-aldaketaren inguruan eta beren azturak aldaraztea berotegi efektuko gasen isurpen gutxiagoko bizimodu baterantz jotzeko. Ekintza hori Iruñeko Udalak garatutako ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barruan jasangarritasunaren arloan egiten ari diren jarduketen barruan dago, eta proposamen eraldatzailea da, osasungarriago den eta klima-aldaketaren kontra engaiaturik dagoen hiri baterantz.
Energia Xahutzearen kontrako Ekintza Taldeak egiteko ikastetxean energiaren erabileraren inguruko ohiturak ezagutzeaz arduratuko diren taldeak sortu dira, energia-diagnostikoa egiteaz arduratzen direnak. Prestakuntza amaitutakoan, hezkuntza-komunitatean aztura-aldaketak eragiteko proposamen bat garatzeko gaitasuna izanen dute, eta horrela ikastetxeko energia-aurrezkian eta -eraginkortasunean inpaktua sortzeko.
San Cernin, ‘Energia xahutzearen kontrako ekintza’ proiektua martxan jarri duen lehen ikastetxea
Aurreko ikasturteko hirugarren hiruhilekoan zehar San Cernin ikastetxeak tresna hori pilotu gisa garatu zuen Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako lau ikasgelekin, eta guztira 108 parte-hartzaile egon ziren. Prozesu horien emaitza ikastetxeko energia kontsumoa murrizteko Ekintza Plan bat egitea izan zen, hamaika ekintza-proposamenek osatua, eta gero, aurtengo lehen hiruhilekoan zehar garatu zuten. Ekintza horiek ezartzeko, Udalak 1.000 euroz diruz lagundu die Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren bitartez.
Proposamenen artean, ikastetxe guztian aztura aldaketak egitera eta energiaren inguruko gaietan sentsibilizatzera zuzendutako ekintzak zeuden. Hala, hamaiketakoetan erabilera bakarreko ontzien kontsumoa murriztea proposatzen zen ikasleek beraiek egindako ‘boc&roll’ lantegi baten bitartez. Halaber, ikasleek sentsibilizazio-lanak eta ikasgeletan zaborren gaikako bilketa lanak egin dituzte, eta jolastokian hondakinak birziklatzeko edukiontziak jarri dira. Proiektu horretako beste ekintza batzuk ardatz izan dute xahutzea ekiditea, besteak beste ikasgeletan argi naturalaren aprobetxamenduaren alde eginez eta argiak eta gailu elektronikoak (arbel digitalak eta ordenagailuak) itzaltzea sustatuz ikasgeletatik ateratzean.
Halaber, proposatutako ekintzen artean hobekuntza teknikoak ezarriz energia-kontsumoa murriztera bideratutako hainbat zeuden, hala nola luminarien ordez LED teknologiakoak jartzea eta argi-eraginkortasuna bilatzea paretak zuriz margotuz eta mugimendu-detektagailuak instalatuz argiak automatikoki piztu eta itzaltzeko. Ikasleen proposamenaren berri izan eta gero, ikastetxeak mota horretako 44 gailu instalatu ditu guztira komunetan eta eskaileretan.