Iruñeko Udalak ‘PamplonaUp. Gora Iruñeko negozioak!’ bonuak salgai jarri ditu, % 30eko deskontuarekin erosi ahal izateko. Abenduaren 13ra bitarte erosi eta erabiltzen ahalko dira. Kanpainaren bigarren edizio honetan erosketa www.pamplonup.es webgunearen bidez eta 912302200 doako telefonoaren bidez egiten ahalko da.
Gainera, parte hartzen duten establezimenduak sektore berrietara zabaldu dira, hala nola, elikadura-saltokietara, akademietara edo jolas- eta kultura-zerbitzuetara, zeinak batu eginen baitzaizkie hainbat esparrutako establezimenduei, ostalaritzari eta beste zerbitzu batzuei. Une honetan 499 establezimenduk eman dute ongi izena. Kopuru horrek gora egin lezake bat egiteko aurkeztutako agirietan hutsegiteren bat zuzentzen ari direnekin –100 baino gehiago dira–. Guztira 670 establezimenduk egin dute atxikimendu-eskaera.
Beste berritasun bat da 18 urtetik gorakoek gehienez ere 25 bonu eskura ditzaketela; lehenengo edizioan 5 eskura zitezkeen. Ez da beharrezkoa izanen Iruñean erroldatuta egotea erosketa egiteko. Bonu bakoitzak berriz ere 14 euro balioko du, eta haiekin 20 euroren erosketak egiten ahalko dira; hortaz, gainerako 6 euroak Udalaren dirulaguntza izanen dira.
Dirulaguntza bat denez, abenduaren 31 baino lehen itxi behar da hura ematea, betiere aldez aurretik nahitaez izapidetuta. Hori dela eta, kanpaina abenduaren 13an itxiko da jendearentzat. Hala, establezimenduek bi aste izanen dituzte dokumentazioa aurkezteko eta Udalak dagozkion ordainketak egiteko, Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez. Aurkezpenean ere honako hauek izan dira: María Jesús Alonso Ensanche Área Comercialeko kudeatzailea, Juan Mari Idoate Nafarroako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteko (AEHN) lehendakariordea eta Beatriz Huarte Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteko (ANAPEH) idazkari orokorra.
Kontsultatu establezimenduak www.pamplonup.es-en
Modu egokian bat egin duten 499 establezimenduak hiri guztian barna sakabanaturik daude eta webgunean bertan dagoen mapa interaktiboan kontsulta daitezke. Kategoria zein kokapena kontutan harturik agertzen dira. 499 establezimendu horiek honela banatzen dira: 93 moda eta osagaien dendak, 18 zapata-denda, 80 farmazia, 60 ileapaindegi eta bestelako zerbitzu pertsonalak, 53 ostalaritza-establezimendu eta 30 elikagai-denda. Horiez gain, badaude 19 liburu-denda, 15 loradenda, 14 optika, 13 argazki- eta fotokopia-denda, 11 liburu-denda eta beste horrenbeste lurrin-denda, eta 8 bitxi-denda.
Zerrenda beste hauek osatzen dute: akademiak, bidaia-agentziak, albaitari-klinikak, dentistak, dietistak, drogeriak, fisioterapeutak eta masajistak, gida turistikoak, musika-tresnen dendak, jostailu-dendak, garbitegiak, altzari eta etxeko ekipamenduko dendak, podologoak, puerikulturakoak, zinema-aretoak, zerbitzu medikoak, oroigarri-dendak, lantegiak eta etxeko ehungintzakoak.
NAN bakoitzeko gehienez ere 25 bonu erosten ahalko dira. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan, nahi adina bonu erabil daitezke. Erositako artikulu edo zerbitzuek 20 euroko prezioa izanen dute edo hortik gorakoa. Ez da itzuliko erosketa-prezioaren eta bonuaren arteko aldea. Ez da itzuliko erabili ez diren bonuen zenbatekoa. Itzulketarik izanez gero, establezimendu bereko beste produktu batekin trukatuko da. Bonuen salmenta abenduaren 13ra arte luzatuko da eta egun horretaraino gastatzen ahalko dira atxikitako negozioetan.
Telefono bidez erosteko modu berria
Bonuak webgunearen bidez erosten ahalko dira, kanpainaren lehen edizioan bezala, eta telefonoz. Hala nahi duenak 912302200 doako telefonora deitzen ahalko du, eta bertan erosketa modu seguruan egin banku-txartela erabiliz. Behin erosketa egin eta gero, bonuak posta elektronikora bidaliko zaizkio edo mugikorreko WhatsApp aplikaziora.
www.pamplonup.es webgunean sartu ondoren, klik egin behar da ‘Bonuak erosi’ estekan. Datu pertsonalak sartu ondoren, zenbat bonu eskuratu nahi diren adieraziko da. Eskuratutako bonuak ordainketa elektronikoko pasabidearen bidez ordainduko dira, 20 euroko bonu bakoitzeko 14 euro bakarrik ordainduz. Ondoren, QR kodea duten bonuak jasoko dira, horiek dendetan irakurriko dira eta bonu bakoitzari 20 euroko balioa aplikatuko zaio. Horrela, % 30eko deskontua gauzatuko da. Bonua hala gailu mugikorrean deskargatuta nola paperean inprimatuta aurkez daiteke, betiere QR kodea zuzen irakurtzen bada.
Babesa tokiko merkataritzari eta gertuko beste zerbitzu batzuei
Inprimatutako bonuetan inskripzio berri bat txertatu da, non gogoratzen baita erosketa horrekin hiriko negozioak mantentzen laguntzen dela, Iruñeko Udalak tokiko merkataritza, ostalaritza eta gertuko beste zerbitzu batzuk babesteko bultzatutako lan-ildo berean.
Hori horrela, ‘PamplonaUp. Gora Iruñeko negozioak!’ kanpainan parte hartu dezakete autonomoek, mikroenpresek edo ETE (enpresa txiki eta ertaina) delakoek, hiriko edozein auzotan daudela ere. Hala, erosketak gertuko saltokietan egitea suspertu nahi da, hiri-eredu bizi-biziari eusteko, herritarrengandik gertuen dauden saltokien eta zerbitzuen eskaintza zabala erakutsiz, dela erdigunean dela auzoetan daudela.
Gabonetako erosketak aurreratzea
Kanpaina honen bidez, herritarrak animatu nahi dira Gabonetako erosketak eta enkarguak aurreratzera. Salmenta horiek oso beharrezkoak dira beti tokiko negozioen emaitza ekonomikoetarako, eta aurten, inoiz baino gehiago, babes garrantzitsua izanen dira hiriko sektore horien enpleguei eusteko. Gabonetako erosketak aurreratzea ere lagungarria izanen da abenduko azken egunetan establezimenduetan pilaketak eta edukiera arazoak ez daitezen egon.
Bigarren kanpaina honek piztu duen ikusminaren adibide dugu www.pamplonup.es webgunean bisitek gora egin dutela azken egunotan. Esate baterako, azaroaren 12an 2.320 bisita izan zituen webguneak; 16an, 2.200etik gora; atzo, 3.952, eta gaur goizeko 11:00ak arte 3.216 bisita izan dira.
Bigarren kanpaina honen irudia lehenengoaren antzekoa da, garai berriari pixka bat egokituta. Izan ere, Gabonak gertu direnez, tonu gorriekin eta festak berezko dituen beste elementu batzuekin jolasten da. Ingelesezko up horrekin, gora egiteko ideiarekin jolasten jarraitzen du, horregatik koloretako puxikekin airean gora egindako pertsonak erakusten ditu. Irudi nagusi gisa aurrekoa mantenduko da, hainbat erosketen poltsak daramatzan pertsona bat, eta aurreko beste batzuk ere mantenduko dira: erosketak egitera doana, liburu-denda bisitatzen duena, sukaldari bat eta ile-apaintzaile bat.
1,8 milioi bideratu dira aurten merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei babesa emateko
Kanpainaren xedea da Iruñeko saltokietan eta ostalaritza- zein zerbitzu-establezimenduetan erosketak sustatzea, COVID-19aren pandemian jarduera etetearen ondorioz larri kaltetuta dagoen sektore horren garapen ekonomikoari bultzada emateko. Modu horretan kontsumoak eta hiriko jarduera ekonomikoak behera egitea saihestu nahi da, hiriaren ekonomia suspertzeko estrategikotzat jotzen diren sektoreei babesa emanez. Izan ere, tokiko enplegua sortu eta mantentzeko gaitasuna duten esparruak direla uste da, eta pisu garrantzitsua dutela Iruñean guztira alta hartuta dauden jarduera ekonomikoen kopuruan.
Lehenengo edizioan 44.969 bonu saldu ziren hilabeteko epean, eta Iruñeko Udalak dagoeneko ordaindu die bonu bakoitzeko 6 euroko dirulaguntza ordainagiriak modu egokian aurkeztu dituzten merkatariei.
Iruñeko Udalak aurten 800.000 euro bideratu ditu bonuen bi kanpainetarako eta milioi bat euro merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak beren gain hartzen ari diren gastuak –espazioak osasun-neurri berriekin bat seguru bihurtzeko– diruz laguntzeko. 1,8 milioi euroko gastu hau Iruñeko Udalak egindako COVID-19 neurrien planaren barruan dago, koronabirusak osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan eragindako egoerari aurre egiteko.