
Arantzadiko kirolguneko eta Sanduzelaiko Aquavoxeko udal-igerilekuak prest dira dagoeneko udako denboraldirako. Ekainaren 15ean zabalduko dituzte, igandearekin, kanpoko igerilekuak, berdeguneak eta udako zerbitzu guztiak, eta dagoeneko salgai daude udaz gozatzeko abonamenduak. Online erosten ahal dira bai abonamenduak eta bai sarrerak, https://aranzadi.provis.es/Public/Inicio.aspx webgunean, eta aurrez aurre ere bai, instalazioetan bertan, 09:00etatik 21:00etara. Hainbat sarrera mota daude: udako abonamenduak; 30, 90 edo 180 egunekoak; eguneko sarrerak, eta igande eta jaiegunetarako sarrerak. 2024an, udako 1.724 abonamendu saldu zituzten Arantzadin, eta 812 Sanduzelain.
Prezioetan ez da aldaketarik izanen, iazko berberak izanen dira. 25 eta 64 urte bitartekoendako udako abonamenduak (ekainaren 15etik irailaren 15era) 82,40 euro balio du; 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 61,70 euro, eta 65 urtetik gorakoendako eta 13 urtetik beherakoendakoak, 41,10 euro. 25 eta 64 urte bitartekoendako eguneko sarrerak 4,50 euro balio du (5,60 euro igande eta jaiegunetan); 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 3,10 euro (4 euro igande eta jaiegunetan), eta 65 urtetik gorakoendako eta 13 urtetik beherakoendakoak, 2,80 euro edozein egunetan, bai lanegunetan eta bai igande eta jaiegunetan.
Hainbat deskontu daude gainera: 30 urtetik beherakoek eta langabezian daudenek % 10eko deskontua eskatzen ahal dute; familia-unitatearen Gizarteratze Errenta edo horren errenta bermatu baliokidearen arabera, % 50-90eko deskontua eskuratzen ahalko da; familia ugariek eta guraso bakarrekoek % 50eko deskontua eskatzen ahal dute, bai eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek, terrorismoaren edo indarkeria fisiko edo psikikoaren biktima direnek, familia-harreran daudenek eta gizarte-bazterketa pairatzen duten migratzaileek ere. Deskontuak eskuratzeko eskubidea dutenek tarifa hori dagokiela ziurtatzeko dokumentazioa bidali beharko dute dagokion helbide elektronikora abonamenduak erosi baino lehen: descuentossanjorge@sedena.es edo descuentosaranzadi@serveo.com.
Abonudunaren karneta norberarena eta besterenezina da. Udal-instalazioak 10:00etatik 20:30era egonen dira zabalik ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte. Abonamenduak eta eguneko sarrerak online erosteko prozesua errazteko, bideo bat sortu dute argibideekin, gaztelaniaz.