Salaketen kopuruak behera egin du jaietako lehen bi egunetan, 398tik 276ra, 2025ean baino % 31 gutxiago; 50 pertsona atxilotu dituzte, % 15 gutxiago

Salaketen kopuruak behera egin du jaietako lehen bi egunetan, 398tik 276ra, 2025ean baino % 31 gutxiago; 50 pertsona atxilotu dituzte, % 15 gutxiago
Objektu Galduen Bulegoan 212 objektu berreskuratu dira; horien artean, 17 telefono mugikor eta 115 diru-zorro eta NAN; horietako 32 jabeei itzuli zaizkie
Irudia
Irudia
Irudia

Jaietako lehen bi egunetan erregistratutako salaketen kopurua % 31 murriztu da 2025eko jaien hasierarekin alderatuta; 2025ean 398 salaketa jarri ziren, eta aurten 276. Era berean, atxilotuen kopurua % 15 murriztu da; aurten 50 pertsona atxilotu dituzte, eta 2025ean, 59. Datu horiek salaketa-kopuruaren beheranzko joera berresten dute; izan ere, 2023tik ia % 50 murriztu dira arian-arian.

Delituei dagokienez, gehienak ebasketak dira; aurten 161 izan dira, % 51 gutxiago 2025arekin alderatuta (331); bigarrenak lesio delituak dira (16 kasu); eta azkenik, indarra edo indarkeria erabiliz egindako lapurretak (13 salaketa). Familia barruko indarkeria kasuak murriztu dira; 2025ean zortzi erregistratu ziren, eta aurten, aldiz, 5. Besteak beste, datu horien berri izan du  Babes Zibileko Tokiko Batzarrak asteazken honetan Herritarren Segurtasuneko Alorrean egin duen bileran.

Objektu Galduen Bulegoan mota guztietako 212 objektu berreskuratu dituzte. Horietatik 32 itzuli egin zaizkie objektu horien jabe direla egiaztatu duten pertsonei. Segurtasun-kidegoetako agenteek, garbiketako langileek, taxilariek eta herritarrek jaso dituzte objektu horiek, besteak beste, honako hauek: 17 telefono mugikor (horien artean, 4 iPhone), 1 audifono eta 115 diru-zorro eta nortasun-agiri. Hauek dira orain arte bildutako objekturik bitxienak: neskatoendako trolley bat eta bizkar-zorro bat osorik.

Salatu diren eraso guztien egileak atxilotu dituzte
Eraso sexistei dagokienez, uztailaren 7ko goizeko 06:00etatik uztailaren 8ko goizeko 06:00ak arte, hiru salaketa erregistratu dira ukituengatik; bi Foruzaingoaren bulegoetan aurkeztu dituzte, eta bat Udaltzaingoan.  Ustezko egile guztiak atxilotu dituzte. Era berean, ukitu kasu bat erregistratu da Nafarroako Gobernuaren Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroan (SIAIZ), baina ez da salaketarik jarri. 

Gazteluko plazan dagoen eraso sexistei buruzko argibide-gunean irain sexisten kasu baten berri eman da. Ez da aktibatu behar izan Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorrak biktimei laguntzeko prestatutako zerbitzua. Argibide-gunean, eraso sexista baten biktima izan diren emakumeei arreta emateko udal-baliabideen inguruko informazioa jakinarazten da, eta bertan erasoei dagozkien laguntza-zerbitzuak eta protokoloak aktibatzen ahalko dira, hala eskatuz gero.

Tenperatura altuek bere horretan segituko dute
Iragarpenen arabera, festa-egun guztietan muturreko tenperaturak izanen dira; hori horrela, Iruñeko Udalak herritarrak ohartarazi nahi ditu bero handia egiten duen orduetan babestu daitezen eta kontu handiz ibil daitezen. Eguzkitan dauden jarduerak 12:00etatik 19:00etara ez irekitzeko neurriari eutsiko zaio Kirolari Sports Kids (Media Lunan) eta Hauek Festak Hauek! (Askatasun plazan) guneetan. Gainerako jarduerek normaltasunez funtzionatuko dute bi gune horietan.

Horrez gain, Udala Ziudadelako lubanarroetako segurtasun eremuak ureztatzen ari da, su artifizialen bildumak jaurtitzearen ondorioz inolako suterik egon ez dadin. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) jarraibideei men eginez, herritarrei zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatzen zaie, horrela ur gehiago edan eta alkohola neurrian kontsumitu dezaten. Halaber, eguzkitik behar bezala babestea eta ahal den guztietan toki freskoak bilatzea gomendatzen da. 

¿Te ha sido útil esta página?