Sagrario Azcona artista iruindarrak Ziudadelako Bolborategian aurkeztu du ‘Zirkulua ixten den unea’ erakusketa, eta bertan intuiziotik abiatutako artea egiteko modua defendatu du, kolorea eta material desberdinekin egindako esperimentazioa aurkezpen-gutuntzat hartuta. Erakusketa asteartetik larunbatera bisita daiteke, goizez eta arratsaldez –11:30etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era–, eta igande eta jaiegunetan, goizez –11:30etik 13:30era–, martxoaren 14ra bitarte.
Sagrario Azconak erakusketa horretan arte-estilo oso pertsonala erakusten du, intuiziotik abiatuta sortzen duena, senetik, oinarrizkotik, egiazkotik marraztuz. Hori agerian geratzen da bere obran aurkezten dituen formen apaltasunean eta erabiltzen dituen apaingarrietan. Argia da bere identitate-zeinuetako bat; dioenez, harekin bilatzen du, bizitzan, pinturaren bidez. Bere obraren beste bereizgarri bat material ezberdinak erabiltzea da. Horrela, bere obran, pinturarekin batera, artilez, zetaz, paper japoniarrez, tindagai naturalez, beiraz edo ehun-gai ezberdinez egindako arte-adierazpenak aurki ditzakegu. Adierazteko aukeratu duen bideetako batzuk besterik ez dira, bere sormen-prozesua etengabeko esperimentazioa baita.
Kolorearen garrantzia eta hura bere obra guztietan egotea beti izan da Sagrario Azconaren ibilbide artistikoaren ezaugarri bat. Kolore zuria laguntza modukoa ikusten du, “garbiketa eta argi sakratu gisa”, eta gogoratzen du bere koloreekiko lilura oso txikia zelarik heldu zitzaiola, eta hain zuzen zuria izan zela “bereganatu zuen lehenengoa”. Bere obran, kolore sendagarriak erabiltzen ditu, puruak, hala nola zuria, urdina eta berdea, urre kolorearekin nahasten duena, argiaren sinbolo gisa. Kolorea du bere lanaren motorra, geruzaz geruza, marraz marra, sortuz “sendatzeko, energia berreskuratzeko, emozioak, sentimenduak askatzeko, eta, gehien bat, ulertzeko eta onartzeko”, Azconak dioenez.
Artea zainketa intentsiboetako unitate batean bizi izandako emozioen bidez
Artistari kolorearekiko eta hainbat materialekin esperimentatzeko grina sortu zitzaion ospitalean zainketa intentsiboetako unitate batean lan egiten zuen garaian. Lanetik etxera heltzean, minutu batzuk ematen zituen lanaldian bizi izandako emozioak, sentimenduak eta esperientziak margotzen. Orain gogoratzen du nola laguntzen zion ariketa horrek “mina, sufrimendua eta heriotza askatzen”. Horrela ekin zion aurkikuntza eta esperimentazioko esperientzia pertsonalari; gero beste materialak gehitzen joan da, eta horietan aurkitu du sentitzen duena adierazteko modu erosoa.
Denborak aurrera egin ahala, Azconak artea eta bere obra bere buruarekin komunikatzeko bide gisa ikusi zituen. Mihiseari edo obra sortzeari ekiteko unean bere burua libre utziz, pinturak bere izenean hitz egitea lortzen du, “kontzientea ez dena kontziente bihurtu materiaren bidez”, bere burua gehiago ezagutzeko. Eta horrekin lortzen du bere obra adierazpen oso pertsonala bihurtzea, inkontzientea dena bizitzara, kontzientziara eramanez.
Artearekiko duen harremanean, Azconak ikusi du, halaber, gaixotasunek bere bizitzara eraman dituzten minetatik eta gaitzetatik ihes egiteko modua. Kontatzen duenez, mihiseek, formek, materialek eta koloreek une latzetan utzi dio “emozioak, geratutako energiak edo mota guztietako sentimenduak askatzen”, eta ariketa horren bidez ulertzea eta onartzea lortu du. Zentzu horretan, gogorarazten du kasu askotan mina izan dela esperimentatzera eraman duena, “ahal nuenarekin margotu dut, oinekin, esku akbloke batean nituela, nire izate guztiarekin”. Bizitzako esperientzia horietatik sortzen da bere obraren bereizgarria den jolas artistikoa, koloreekin, argiarekin, formekin eta hainbat materialekin.