Larunbatean interpretazio-bisita bat egin zuten Elortz ibaian barna; bisita Iruñeko Udalak antolatutako sentsibilizazio-jardueretako bat da, RUNA 2025 proiektuko Europako funtsen bidez finantzatuta. Proiektuak Iruñeko ibai-inguruneetako biodibertsitatea birnaturalizatzea eta babestea du helburu, eta horretarako, hainbat ekintza jarri dituzte martxan. Hain zuzen ere, bisita uraren kalitatea hobetu eta kontrolatzeko B16 ekintzaren barruan egin dute.
Agian, hiriko ibairik ezezagunena da Elortz ibaia: Iruñeko hegoaldeko udal-mugartearen muga ezartzen du, eta Etxabakoitzen barna doa. Forma bihurri eta ibaiertz mailakatuen ondorioz, ibaia Elortzibar eta Iruña lotzen dituen igarobide ekologiko handia da, eta egindako azken lanei esker, handiagoa da orain. Gabi Berasategi biologoak bisita gidatu bat antolatu zuen larunbatean: Iruñeko hiru ibaien uraren kalitatea neurtzeko lanak azaldu zituen, eta bisita egin zutenek Elortzeko ibai-ingurunean bizi den flora eta fauna ezagutzeko aukera izan zuten; izan ere, bertan jende gutxiago ibiltzen denez, eta gune basatia izateari esker, animaliek intimitate handiagoa dute.
Jarduera hori RUNA 2025 proiektuaren barruan sartuta dago eta 2,7 milioi euro jaso ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitatea Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Presa txikiak kentzea
Iaz, hiru presa txiki eta beste egitura batzuk kendu zituzten Elortz ibaian, eta lan horiek ere RUNA 2025 proiektuaren ekintzen barruan daude. Lan horiei esker, ibaia naturalizatu dute, jatorrizko morfologia berreskuratu dute, eta arrain-faunaren konektibitate naturala hobetu dute ibilguan zehar. Lanekin batera, hainbat zuhaixka- eta zuhaitz-espezie landatu dituzte gunea lehengoratzeko eta ingurumenari dagokionez erakargarriagoa izateko xedez.
Aróstegui etorbideko zubiaren eta Iruñeko udal-mugartearen amaieraren artean, Zizur Nagusiko mugan, aspaldian inolako funtzionaltasunik ez zuten bi presa txiki eta beste presa txiki baten hondakinak zeuden. Ura ureztaketarako eta beste erabilera batzuetarako baliatzeko xedez sortu zituzten presa horiek, ura desbideratzeko egitura aproposak baitziren. Halaber, iazko urte amaieran, eraitsitako hormigoizko bi pasabideren hondakin batzuk kendu zituzten Urdánoz etxe-multzoaren inguruetan.
