Rubik Teatrek emanen dio hasiera, ostegun honetan, Antzerki Aroa zikloaren beste edizio bati, ikusizko antzerkia, antzerki-hizkuntza berriak eta mugimenduaren poetikoa oinarri dituen antzezlan bat taularatuta

Rubik Teatrek emanen dio hasiera, ostegun honetan, Antzerki Aroa zikloaren beste edizio bati, ikusizko antzerkia, antzerki-hizkuntza berriak eta mugimenduaren poetikoa oinarri dituen antzezlan bat taularatuta
Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, 20:00etan, eta sarrerak 8 euro balio du
Antzerki


Rubik Teatre konpainiaren eskutik emanen zaio hasiera, ostegun honetan, urriak 17, gazteei eta helduei zuzenduta dagoen Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloaren beste edizio bati. Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak antzezlana taularatuko dute, antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakontzeko asmoz sortutako ikuskizun bat, non mugimenduaren nahiz ikusizko antzerkiaren poetika jorratzen baita. Sarrerak 8 euroan daude salgai, eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian zein www.laescueladeteatro.com webgunean eskuratu daitezke.
 

Emanaldiak urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte antzeztuko dira Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre Antzokian eta Iturramako Civivoxean. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Rubik Theatre konpainiaz gain, Producciones Vaivén, Artedrama-Axut -Dejabu Panpin Laborategia, Hika Teatroa eta Atx Teatroa arituko dira toki horietako batean edo bestean. Sarrerek 8 euro balio dute, eta emanaldiak non egin eta han bertan eskuratu daitezke, edo horien webguneetan: www.laescueladeteatro.com, www.teatrogayarre.com eta www.pamplonaescultura.es edo www.pamplona.es Iturramako Civivoxean eginen den kasuan.
 

Rubik Teatre kolektibo artistikoa 2013. urtean sortu zen, eta 2016ra bitarte Euskadin eta Katalunian eduki zuen egoitza; urte horretatik aitzina, Euskadin bakarrik. Hizkuntza berrietan esperimentatzea da taldearen borondatea, aktore/performerrek keinua eta mugimendua oinarrizko tresnatzat hartuta, gorputzek beraiek idatzitako dramaturgia mota bat eskaintzeko. Estitxu Zalduaren eta Juanjo Herreroren arteko batze artistikotik sortu zen taldea; biak lizentziadunak dira, Antzerki Fisiko eta Ikusizkoko espezialitatean, Institut del Teatren (Bartzelona). Dantza, testua, objektuen manipulazioa eta biomekanika aplikatua dira haien prestakuntzaren oinarria. Gestualtasun jakin baten bila egiten dute lan, eta sakon jorratzen dituzte mugimendua, gorputz-adierazpena, hitza, espazioa eta konposizio plastikoa, berezko dramaturgia duen arkitektura eszenikoa sortzeko. Ohiko jardunean, diziplina ezberdinetako artistekin aritzen dira elkarlanean: koreografoak, dramaturgoak, ikus-entzunezkoen artistak eta musikariak. Eta horrela, diziplina askoren topagune bilakatzen dira, ikusleei halako proposamen intuitiboa, interpretagarria eta sentikorra eskaintzeko.

     

    Antzerki aroa

     

    2019ko Antzerki Aroa. Urriak 17 – Abenduak 11. Sarrerak: 8 euro

    Urriak 17, osteguna 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola

    • Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak
    • Rubik Theatre
       

    Urriak 30, asteazkena. 20:00. Gayarre antzokia

    • Erlauntza (gaztelaniazko goitituluekin)
    • Vaivén Producciones
       

    Azaroak 13, asteazkena. 20:00. Gayarre antzokia

    • Zaldi urdina
    • Artedrama - Axut - Dejabu Panpin Laborategia
       

    Azaroak 14, osteguna. 20:00. Gayarre antzokia

    • Zaldi urdina (gaztelaniazko goitituluekin)
    • Artedrama - Axut - Dejabu Panpin Laborategia
       

    Azaroak 22, ostirala. 20:00. Iturramako Civivoxa

    • Txarriboda
    • Hika Teatroa
       

    Abenduak 11, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola

    • 7ak bat
    • Atx teatroa