
Tokiko Gobernu Batzarrak Rochapea HLHIPko patioa birnaturalizatzeko lizitazioa onetsi du: Europar Batasunak % 75ean finantzatu du FEDER funtsen bidez, SUDOE Europako Hego-mendebaldeko Espazioko Lurralde-lankidetzako programaren barruan. Kontratuak 231.913,14 euroko (BEZa barne) aurrekontua du eta lau hilabete inguru iraunen du, 2026ko azarotik aurrera. Lehenengo lizitazioa hutsik geratu zen eta deialdi honetarako proiektua berrikusi da.
Arrotxapeko ikastetxeko hezkuntza-komunitateak planteatutako eskaerei erantzuten die jarduketak, joan den ikasturtean (2025-2026) elkarrekin egindako diseinu-prozesu baten bidez, eta patioko hiru eremu birnaturalizatuko dira: aurretik aparkalekuak hartzen zuen ipar-mendebaldeko eremua erabat eraldatuko da berdeguneen, jolasen eta bizikletendako eremuen bidez; erdigunearen ekialdeko eremuan aldaketak eginen dira eraikinetik hurbil itzalguneak sortzeko, gizarte-harremanetarako guneak sortzeko eta goiko eta beheko plataformen arteko elkargunea berregiteko (harmailak eta jolaserako aldapak sortuko dira, baita txirrista bat ere); eta hegoaldeko eremuan, aurretik zeuden jolasak inguratzen dituen lorategi-eremu bat eginen da.
Kontratua adjudikatzeko irizpideak lau multzo nagusitan banatu dira: proposamen teknikoa (gehienez ere 45 puntu), eskaintza ekonomikoa (gehienez ere 40 puntu), gizarte-irizpideak (10 puntura bitarte) eta ingurumen-irizpideak (5 puntura bitarte). Eskaintzak aurkezteko epea Nafarroako Kontratazio Atarian lizitazioaren iragarkia argitaratutakoan adieraziko da.
Ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeak helburu du gune atseginagoak eta jasangarriagoak eta hezkuntza- eta pedagogia-gaitasun handiagoa dutenak sortzea. Landareak, itzala, jolasa eta elkarbizitzarako guneak txertatzeari esker, patioak jolas-orduekin lotutako beharretarako ez ezik, zentroaren eta auzoaren hezkuntza-, gizarte- eta ingurumen-helburuak betetzeko ere balio du.
2009tik zazpi zentrotako patioak birnaturalizatu dira, horien artean Amaiur Ikastolakoa, Iturrama HLHIPkoa, Sanduzelai HLHIPkoa eta San Frantzisko HLHIPkoa –uda honetan hasi dira bertako lanak–, eta horiei gehituko zaie birnaturalizazio-proiektu hau. Xedea da urtero ikastetxe berriak gehitzea: hurrengo biak Vázquez de Mella IP eta Ermitagaña IP izanen dira eta hezkuntza-komunitate guztiarekin parte hartzeko prozesu bat eginen dute beren patioetako proiektuak nolakoak izanen diren erabakitzeko.