Arrosadiko Printzearen Harresi haur-eskolak energia garbia izanen du estalkian jarriko den 38,52 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bati esker; halaber, egunean eguneko funtzionamenduan aerotermia-teknologia baliatuko dute berokuntzarako eta ur bero sanitariorako. Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak EULEN SA enpresari esleitu dizkio lanak, 225.059 euroan (BEZa barne); enpresa horrek berak, halaber, mantentze-lan prebentibo eta zuzentzaileak eginen ditu hiru urtez, gutxienez.
Esku-hartzea Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan eginen da, zeinak zenbatekoaren % 35,38 finantzatuko baitu, eta urte amaiera baino lehen bukatu beharko dira lanak. Printzearen Harresi eguzki-instalazio fotovoltaikoa duen laugarren haur-eskola da: Donibane Haur Eskolan instalazioa (33 kW) martxan jartzeko kudeaketa bukatzeko bidean zeuden 2024an, eta Lezkairuko Haur Eskolan (75 kW) eta Mendabaldea Haur Eskolan ere eguzki-instalazio fotovoltaikoak dituzte; azken horri dagokionez, instalazioari 10 kW gehitzea onetsi da.
Udalaren Printzearen Harresi haur-eskolak eta Lezkairukoak aerotermia erabiltzen dute, besterik ez: lanen bidez, gas-galdarak kenduko dira; aldiz, lanak gauzatu aurretik, aerotermia mugatua zen, gas-galdara horien osagarria baitzen. 104 haur ditu haur-eskolak: egonaldi osoko ikaspostuak dira, eta bi eredu eskaintzen dira, gaztelaniaz eta inglesez, eta, euskaraz eta ingelesez.
Iruñeko Udala 2001ean hasi zen eguzki-energia fotovoltaikoa eraikin publikoetan eta hiri-altzarietan jartzen (pergolak kasurako), eta ia ehun azpiegituratan jarri dute instalazioa; hala ere, ikastetxe publikoak izan ziren egitasmoaren abiapuntu. Hiriko sare publikoaren parte diren haur-eskoletako eraikinetan eragina dute instalazioek, baina ez hori bakarrik: deskarbonizazioari mesede egiten diote, eta haiei esker, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiako beste helburu guztiak betetzen dira.
Haur-eskoletako instalazio fotovoltaikoek 220.000 kWh energia garbi sortzen dituzte urtean; horrek esan nahi du urteko 57.000 kg CO2 gutxiago isurtzen direla. Gainera, udal-instalazioek sare elektrikora isurtzen dute sortutako energia, geroago kontsumitu dadin; horri esker, Iruñeko Udaleko energia-kostua merkeagoa da.
Zazpi bero-ponpa eta 72 panel fotovoltaiko
Helburu hauek ditu kontratuak: instalazio fotovoltaikoa jartzea, elektrizitatea mihiztatzea, instalazioaren elementuen arteko loturak ezartzea eta gas-galdaren bidezko ekoizpen-sistema zaharra kendu eta aerotermia-mekanismoak jartzea. Bata bestearen osagarri diren bi ekoizpen-iturri berriztagarriagoak erabiltzea da ideia, baita klimatizazio-sistema eraginkorragoa izatea ere; horregatik, bi esku-hartzeak aldi berean eta modu koordinatuan egiten dira.
Eguzki-energia fotovoltaikoa energia berriztagarri mota bat da, eta eguzkiaren erradiazioa energia elektriko bihurtzen du, material erdieroalez (gehienetan silizioa) osatutako zelula batzuen bidez. Eguzki-energia fotovoltaikoaren eta eguzki-energia termikoaren arteko desberdintasuna hauxe da: lehengoak elektrizitate bihurtzen du eguzki-irradiazioa eta bigarrenak energia ura berotzeko baliatzen du.
Instalazio fotovoltaikoa sare elektrikora konektatutako 72 panel bideragarriz osatuta egonen da: 535 Wp-koak izanen dira, monokristalino erako panelak (silizio puruzko kristal bakar bat), eta beroarekiko erresistentzia handia izanen dute. Hormigoizko bloke baten gainean jarriko dira panelak, eta multzo osoa haizearen eta elurraren gainkargei eusteko gauza izanen da.
Aerotermia, berriz, klimatizazio-sistema eraginkorra da, eta bero-punpa bat erabiltzen du kanpoko airetik energia termikoa atera eta bero, hotz edo ur bero sanitario bihurtzeko, batez ere eraikin eta etxebizitzetan. Printzearen Harresi Haur Eskolan zazpi bero-punpa jarriko dira, bost berokuntzarako eta beste bost ur bero sanitariorako.
Lanek eraikinaren funtzionamendu egokia ahalbidetu beharko dute, eta oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan ahalik eta eragin gutxien izan beharko dute, baita obretarako sarbideetan ere. Areto teknikoetan eta eraikinaren estalkian eginen dira lanak, eta beraz, ez dute eraginik izanen haur-eskolaren ohiko jardunean; gainera, elektrizitate-hornidura eta kalefakzio-sistema etetea, eta, ur bero sanitarioa ekoiztea haur-eskolaren ordutegitik kanpo eginen dira.
Azkenik, kontratuak lanak egin bitartean sortutako kalteak konpontzea barne hartzen du, hala nola lorategietan, urbanizazioan, instalazioetan, zurgintzetan, bide.zoruan, estalduretan, hiri-altzarietan etab.