Plazara zentro komunitarioak bere instalazioak prestatu ditu Zentro Elkarlaneko Gunea bertan hartzeko otsailean zehar

Plazara zentro komunitarioak bere instalazioak prestatu ditu Zentro Elkarlaneko Gunea bertan hartzeko otsailean zehar
Martxoaren 18an amaituko da epea irabazi asmorik gabeko elkarteek zentro komunitarioen erabilera eska dezaten entitate erabiltzaile egonkor gisa
visita plazara

Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak Plazara zentro komunitariora bisita egin du gaur goizean; otsailean zehar irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatutako jarduerak egiteaz gain, bertara lekualdatuko da Zentro Elkarlaneko Gunea. Orain zentroan lehen solairuan gune bat moldatu eta hornitzeko  lanak egiten ari dira zerbitzua bertan ezarri ahal izateko.
 

Zentro Elkarlaneko Gunea Kondestablearen jauregitik -han ezarri zen 2017ko apirilean- Plazara zentro komunitariora lekualdatuko da. Herritarrei, elkarte eta kolektiboei, Udaleko eta beste administrazio publikoetako politikariei eta teknikariei, eta arlo sozio-komunitarioko (hezkuntza, kultura, osasuna edo ingurumena) langileei zuzendutako jarduera- eta zerbitzu-gune gisa sortu zen.
 

Iruñeko Udalak prozedura bat abian jarri du entitate erabiltzaile egonkorrei Iruñeko auzoetako zentro komunitarioak erabiltzeko baimenak emateko.   Prozedura hilabete honetan abiatu da eta  elkarte eta kolektibo interesdunek martxoaren 18ra bitarte arte aurkezten ahalko dituzte eskaerak. Betekizun modura, elkarte horiek ez dute irabazi asmorik izan beharko  eta euren estatutuetan xede modura islatuko da herritarren partaidetza sustatzea, auzoetan elkarrekin bizi diren pertsona eta kolektiboen ikuspegitik jarduerak sortzea, Zentro Komunitarioak arautzen dituen Ordenantzarekin bat.
 

Erakunde erabiltzaile egonkorrak
 

Prozedura hau zentro komunitario batean modu egonkorrean jardun nahi duten elkarteentzat da. Zentro komunitarioak puntualki ere erabili ahal izanen dira jarduera edo ekitaldi zehatzak egiteko. Noizbehinkako erabileretarako, kolektibo, talde, elkarte eta eskatzaileek eskaera egiten ahalko dute hitzarmenik sinatu beharrik gabe, nahikoa izanen delarik eskabide bat aurkeztea, bertan azalduta zer jarduera egin nahi duten eta zein egunetan. Noizbehinkako erabilera-baimenak emateko baldintza da tokia libre egotea horretarako.
 

Zentro Komunitarioak udal-titulartasuneko ondasunak dira, jabari eta zerbitzu publikokoak izan daitezke edo ondarekoak, Iruñeko auzoetan daude eta elkarte-bizitza zein herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea dute xede. Udal-titulartasuneko lokalak dira, auzotarrek erabiltzekoak, irekiak, balioaniztunak eta integratzaileak, auzo bakoitzeko lokal batean edo batzuetan dute egoitza eta Iruña zentro komunitarioen sare batez hornitzen dute.
 

Entitate egonkorrentzako baimena lehentasunezko erabileren irizpidearen arabera emanen da, kontuan hartuz, honako hurrenkera honetan, gunea jarduera egiteko egokia izatea, jardueraren gizarte-eragina, auzo inguruan errotuta egotea, jarduera egiteko beste lekurik ez egotea, eta garatzen diren jarduerak irekiak, doakoak eta inklusiboak izatea. Zentro komunitario bakoitzean gunea era egonkorrean erabiltzea esleitu zaien entitateek Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, non esleipenak dakartzan betebehar eta eskubideak bilduko baitira. Erabiltzeko baimenaren iraupena lau urtekoa izanen da gehienez ere.
 

Txandakako bisitak zentro komunitarioetara
 

Herritarren Aferen Batzordeak hurrengo hilabeteetan hiriko zentro komunitario guztietara bisita egiteko asmoa du. Txandakako bisita hauei abenduan ekin zitzaien Azpilagañako eta Milagrosa - Ilargienea zentro komunitarioetara eginiko bisitekin, Herritarren Aferen Batzordearen gai-zerrendaren barruan. Azpilagañako zentro komunitarioa, Buenaventura Iñiguez kaleko 18-20an, izan zen zentro komunitarioen udal sarean sartzen azkena, joan den urteko maiatzean.
 

Bestalde, Milagrosa - Ilargieneako  zentro komunitarioak hobekuntzak egin ditu bere instalazioetan, 108.000 euroko inbertsioa eginez gunea prestatu eta egokitzeko obretan. Zehazki, kanpoko zureria berritu eta barneko patioaren estalkia aldatu dute. Zentro komunitario hau Blas de la Serna kaleko 61.ean dago, beheko solairuan, eta 2014an jarri zen abian.

¿Te ha sido útil esta página?