Plaza On Iruñeko boluntarioen sare berriak beren denbora eta esperientzia eskaintzera animatu ditu herritarrak, hirian ongizatea lortzeko

Plaza On Iruñeko boluntarioen sare berriak beren denbora eta esperientzia eskaintzera animatu ditu herritarrak, hirian ongizatea lortzeko
Sareak Kondestablearen jauregian izanen du egoitza, eta Udaleko Alorrekin elkarlanean arituko da zer-nolako babesa behar duten jakiteko

Iruñeko Udalak martxan jarri du boluntarioen sare berria, trukean ezer eskatu gabe komunitatearen bizitza hobetzeko xedez beren denbora eta esperientzia ematen dutenak elkartzeko. Plaza On Udalaren baliabide berri bat da, eta, hainbat alorrekin elkarlanean, herritarren beharrak eta boluntarioak elkartuko ditu. 

Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak, Silvia Cruchaga Torremocha Plaza On taldearen koordinatzaileak eta Joseba Arbaiza Álvarez Partaidetzako udal-teknikariak prentsaurreko bat egin dute sare berria aurkezteko, eta baliabide horren logoa eta helburuak ezagutarazi dituzte. Besteak beste, Udalak sare komunitarioa suspertu nahi du boluntarioen ekintza jakin batzuen bidez, eta herritarrak dinamika komunitarioetan sartzea erraztu nahi du. Plaza On sarearen beste helburuetako bat da udaleko-alorrek boluntarioen dinamikak izatea egunerokoan.

Kondestablearen Jauregiko bigarren solairuan dago Plaza On, Zentro barruan. Hiru lagun egonen dira bulegoan, eta haien lana izanen da boluntario gisa izena ematen dutenak koordinatzea eta udal-alorrek egiten dituzten eskaerei erantzutea. Gainera, udal-webgune bat jarri dute martxan, eta hor ere eman daiteke izena boluntarioen sarean parte hartzeko. Bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18 urte beteak izatea, nahiz eta 12 urtetik gorako adin txikikoek ere parte hartu dezaketen familiaren baimenarekin, eta denbora, esperientzia eta ezagutzak eskaini ahal izatea. Halaber, boluntario izan nahi dutenek zer programa interesatzen zaien ere adierazi beharko dute (haurrak, adinekoak, ingurumena...).

Herritarrek elkarrizketen eta boluntarioak prestatzeko plan eta jardueren sistema baten bidez hartuko dute parte Plaza On plataforman, eta prestakuntza orokorra ez ezik, ekintza espezifikoetarako berariaz pentsatutakoa ere jasoko dute. Dagoeneko antolatuta dauden elkarteen sareko taldeek ere izanen dute tokia boluntarioen sarean, eta boluntarioak behar dituzten proiektuak aurkezten ahalko dituzte. Horrela, unean-unean antzematen diren behar jakinei erantzuteko tresnak ezartzen saiatuko dira. 

Plaza On elkargune bat da 

Ekarpenak egiteko prest dagoen jendea eta elkarlanerako proiektuak eta jarduerak lotzea da boluntarioen sarearen oinarrizko helburua. Hortik datorkio izena ere, ‘plaza’, elkargune bat baita, herritarrak elkartu, beren esperientziak eta beharrak partekatu eta elkarlanean aritzeko leku bat. 

Boluntarioen sarearen apustu nagusietako bat elkarteen sarearekin, bizilagunen komunitateekin eta bestelako sareekin aliantzak egitea da, sortzen diren beharrei hobeto erantzun ahal izateko denen artean. Oraintxe bertan, hiru arlotan egiten ari dira boluntario-lana. Alde batetik, ingurumenaren arloan, boluntarioak Klima Ekintzarako Lantaldean parte hartzen ari dira, landaketak egiten, errekak garbitzen, eta Animaliak Hartzeko Zentroarekin elkarlanean ere bai. Bestetik, Iruña ahalegina egiten ari da hiri hezitzailea izateko, eta ahalegin horrekin lotuta, bada boluntarioendako programa bat Lehen Hezkuntzako ikasleei irakurmena lantzen laguntzeko (Lecxit). Eskolarako bide seguruak sortzeko sistema ere adin txikikoei zuzenduta dago, eta mugikortasunaren arloko beste ekintza batzuetan diharduten boluntarioak ari dira horretan ere.

Kulturaren eta ikus-entzuleak ekartzen dituzten ekitaldien arloan, boluntarioek hainbat ekitalditan laguntzen dute: hala nola Batasunaren Pribilegioan, Harresietako Jaialdian eta beste hainbat kultura-ekitalditan. Halakoetan, mugikortasun murriztua dutenei lagundu eta babesa ematen diete. Gizarte Ekintzako, Herritarren Partaidetzako eta Kultur Aniztasuneko Alorrean, berriz, boluntarioek uztailaren 14an egin ohi den kulturen Mazedonian parte hartzen dute.  Gainera, Haurrendako eta Nerabeendako Prebentzio programan laguntzen dute, eta baita adinekoekin egiten diren lanetan ere: nahi ez den bakardadeari aurre egiten, ibilaldi osasungarriak eginez jarduera fisikoa egin dezaten laguntzen eta hainbat liburutegi publikotan arrakala digitala txikitzen laguntzen.

Plaza On sarea lan-ildo horiek egonkortzen saiatuko da, eta Udal Alorrekin sinergiak sortzen ere bai, hauekin nagusiki: Kultura, Hezkuntza, Kirola, Ingurumen Hezkuntza, Mugikortasuna, Berdintasuna, Gizarte Ekintza, Adinekoak, Gazteria, Haurrak, Garapenaren aldeko Lankidetza, Herritarren Partaidetza, Euskara eta Kultur Aniztasuna. Izan ere, Alor horiek sortzen dituzte jarduera eta programa gehien, eta horietan behar da herritarren ekarpenik handiena.

Beste erakunde eta instituzioekin elkarlanean

Udalarekin ez ezik, Nafarroako Gobernuko Nafarroa, Orotan Lagun boluntarioen sarearekin ere ariko da elkarlanean Plaza On, prestakuntzak antolatu eta hainbat proiektu martxan jartzeko. Lan-ildoak elkarrekin zehaztu eta boluntarioak artatu eta prestatzeko metodologiak ere landuko dituzte. 

Plaza On boluntarioen sarearen xedea da hirian dauden sare komunitarioen osagarri izan eta haiei babesa ematea. Hala, sarearen eginkizun nagusietako bat boluntarioak elkarteen sarearekin lotzea izanen da,  auzoetako egitasmoak  indartzeko. Harreman horri esker, baliteke noizean behin elkarlanerako bideak sortzea boluntario gisa Plaza On sarean izena ematen dutenen eta auzoetako egitasmoen artean. 

Arlo guztietan, sarearen helburu behinena Iruña solidarioa, bateratua eta aktiboa izan dadin lortzea da. 

Plaza On Boluntarioen Sarea

  • Egoitza: Kondestablearen jauregia (Kale Nagusia 2, Bigarren solairua)

  • Ordutegia:

    • Irailetik ekainera: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara

    • Uztailean eta abuztuan: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara

  • Harremanetarako:

  • Webgunea: https://www.plazaonpamplona.es/eu/plaza-on-2/

  • Boluntario gisa izena emateko baldintzak:

    • 18 urte beteak izatea

    • 16 eta 18 urte bitarteko gazteek gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien baimena behar dute.

    • 12 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izanen dute boluntarioen ekintzetan baldin eta gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien baimena badute eta eginen dituzten ekintzek ez badiete kalterik eragiten garapenerako eta prestakuntzarako.

 

¿Te ha sido útil esta página?