Pio XII.aren etorbidetik eta haren luzapen Basotxo kaletik, 4.485 joan-etorri egin ziren bizikletaz egun bakarrean, hartara ibilbide hori bihurtuta Iruñeko bizikleta-ardatz nagusietako bat, horretarako berariazko azpiegiturarik ez badu ere. Hala ondorioztatzen da Iruñeko Udaleko Mugikortasuneko Alorrak dituen datuetatik. Lehenengo aldiz iazko maiatzaren 3an bildu ziren datuok, eta emaitza horiek berretsi egin ziren Eguberrien aurreko egunetan egindako zenbaketa berrian.
Etorbide horretan, Irunlarrea kaletik abiatuta eta Alde Zaharreraino -Basotxo kaletik igaro eta Taconera kalearekin bat egin arte- 4 zenbaketa-puntu paratu ziren, eta honako datu hauek eman zituzten: Basotxo kalean 1.491 ziklista zenbatu ziren; Antso Azkarraren etorbidearen elkargunean, 1.382 joan-etorri; Iturrama eta Errioxa kaleen bidegurutzean, 932; eta Irunlarrea kalearen elkargunean, 680.
Egun horretan bertan ziklista kopurua zenbatzeko beste 20 zenbaketa-puntu paratu ziren hirian barna, eta horietako bitan besterik ez ziren Basotxo kaleko kopuruak gainditu: Errekoleten plazaren eta Gipuzkoako etorbidearen elkargunean (1.731 bidaia), eta Karlos III.aren etorbidearen eta San Fermin kalearen artean (1.539). Pio XII.aren eta Antso Azkarraren etorbideen elkarguneko kopurua beste puntu bakar batean gainditu zen: Zamargileen zubian (1.463). Hots, ziklista kopuru handienak erregistratu zituzten 5 puntu horietatik 2 Pio XII.aren etorbidean sustatuko den ardatz jasangarri berrian zeuden, beste hirurak, aldiz, Alde Zaharraren inguruan eta Karlos III.aren oinezkoendako ardatzean.
Beste puntu hauetan ere ziklisten trafiko nabarmena antzeman zen: Zezen-plaza inguruan (1.246 ziklista); Media Luna parkean (1.182); Armada etorbidearen eta Chinchilla Jeneralaren kalearen artean (1.106); Ospitalegunean, Nafarroaeta Barañaingo etorbideen elkargunean; Cuatro Vientos errotondan, Gipuzkoako, Sanduzelai eta Marcelo Celayeta etorbideen elkargunean (1.077); eta Marcelo Celayeta etorbideak eta Errotazarko kaleak bat egiten duten puntua (1.007).