Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarria sortzeko lanak hilabete honetan hasiko dira, sei fasetan egingo dira, abenduaren 31 bitarte, eta kostua 1,6 milioi euro izango da

Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarria sortzeko lanak hilabete honetan hasiko dira, sei fasetan egingo dira, abenduaren 31 bitarte, eta kostua 1,6 milioi euro izango da
Zirkulazioa ez da etengo, informatzaileak egongo dira obretan bertan, eta makinak uztailaren 16an hasiko dira lanean Nafarroa etorbideko eta Errioxa kaleko bidegurutzeetan

Hilabete honetako azken astean hasiko dira lanak Pio XII.aren etorbidea zirkulazio bareagoko korridore jasangarri bihurtzeko, zeinean lehentasun handiagoa izango baitute oinezkoek, bizikletek eta hiri-garraioak. Hasierako lan horiek barne hartzen duten obraren zuinketa eta material-bilketa esku-hartzearen eremu desberdinetan. Sanferminen ostean, uztailaren 16an, makinak lanean hasiko dira Pio XII.aren 1. zatian (Irunlarrea-Nafarroa etorbidea) eta Errioxa kalearekiko elkargunean, aurreikusitako kronogramarekin bat. Hala azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendari Cristina Arregik, behin Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek esleitu dizkiola Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresari, 1.595.072,66 euroan. Gauzatzeko epea 180 egun naturalekoa da, eta berme-epea, hiru urtekoa. Zenbateko horrek 398.723,09 euroko beherapena dakar.

Obrak sei fasetan egingo dira (gauzatzeko epeekin bat etorrita), eta 13 zatitan banatuko dira. Zati horietako bakoitzean arian arian eta modu mailakatuan lan egingo da: orain ospitale-eremutik hasiko da, eta abenduan, Basotxo kaleko inguruan amaituko. Zirkulazioa ez da etengo (salbu eta errepidea asfaltatzeko unean uneko egunetan), villavesen ibilbideak eta geralekuak ez dira aldatuko, garajeetara eta etxeetara sartzeko bideak bermatuko dira, eta fase bakoitzean jarduketak aurrera doazen heinean, aparkatzeko eremu gorriak gaitzen joango dira inguruetan.

Halaber, eta sor daitezkeen zalantza guztiei erantzuteko, informazio bulego bat jarriko da obretan bertan, lanak aurrera doazen ahala mugituko dena; obraren gaineko informazio praktikoa banatuko da etxez etxe esku-hartzeak non eta eremu horietan (Iturrama, Donibane, Pio XII.a, ospitale-eremua, Etxabakoitz baita Zizur Nagusian ere); auzotarrei behar bezala eta denboraz ohartaraziko zaie lanetako fase bakoitza noiz hasiko den, eta datozen asteetan esku-hartzeak ukitu ditzakeen sektoreekin bilera informatiboak egingo dira. Helburua da, zinegotziek prentsaurrekoan esan duten moduan, lan horiek ahalik eta ondorio txikienak ekartzea gune horietan bizi eta lan egiten dutenentzat.

¿Te ha sido útil esta página?