Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarria prest dago dagoeneko. ‘Kale biziduna’ da, inaugurazioaren karietara egindako kanpainan azaltzen den moduan. Iruñeko Udalak hiriko bide nagusietako bat eraldatu du, pertsonen aldeko apustua egiten duen hirigintza-kontzeptu berri batean oinarrituta. Lan hauek egin dira etorbidean: 2.500 m2 berdegune sortu dira; oinezkoendako pasabideak aldatu dira ibilgarritasunari mesede egiteko; 2,5 kilometroko bidegorria indartu da joan-etorri jasangarriagoak egiteko, eta trafikoa baretzeko asmoz, zirkulazio-erreiak gutxitu dira, baita galtzadaren tamaina txikiagotu ere.
Bi fase izan dituzte Pio XII.aren etorbidean igarobide jasangarria sortzeko lanek: lehenengoa, 2018an eta bigarrena, 2024ko urritik 2025eko uztailera bitarte. Ia 4.375.000 euro inbertitu dira guztira gunea eraldatzeko. 70ko hamarkadan eraiki zen Pio XII.aren etorbidea, eta osagai hauek izan ditu lanak hasi aurretik: zirkulaziorako hiru errei noranzko bakoitzeko; aparkaleku-banda bat ondoan; autobus-geralekuak; zamalanetarako eremua; aparkaleku-plaza bereziak; espaloi zabalak bi aldeetan; zuhaitz ertainak zintarriaren ondoan eta zuhaitz handiz betetako erdibitzaile zabala.
Eremua eraldatzeari esker, atseginagoa da etorbidea, herritarrak ibiltzeko ezin hobea baita; lanen aurretik, berriz, soilik zirkulaziorako hiru errei zeuden noranzko bakoitzeko, eta igarotzeko gune bat zen etorbidea, ez baitzuen patxadaz ibiltzeko aukerarik ematen. Iruñeko lehen igarobide jasangarria eredu praktiko bat da bide publikoko eremuak oinezkoen, garraiobide jasangarrien eta errepideko zirkulazioaren artean modu ekitatiboan birpentsatu, banatu eta antolatzeko. Halaber, herritarren parte-hartzearen eta haien arteko lankidetzaren eredu izan da, hasiera batean, 2018an, bizilagunekin eta auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuneko eragileekin partekatu baitzen ideia. Azken finean, hiriaren eboluziora egokitutako abangoardiazko esku-hartze bat da, baita mundu osoko erronka klimatikoei aurre egiteko erresilientzia-eredu bat ere.
Bidean egin diren aldaketak bertatik bertara ezagutzeko, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea, Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkaria eta Udalbatzako kide batzuk Pio XII.aren etorbidearen tarte batean barna ibili dira, kale horrek Gaztelugibel kalearekin bat egiten duen tokitik Iturrama kaleko bidegurutzeraino. Alexia Canto Álvarez Iruñeko Udaleko Mugikortasun zerbitzuko arduradunak gidatu du bisita. Igarobide jasangarria Iruña marka proiektuaren parte da, eta hiri-marka horrek helburu du proiektu-multzo baten bidez herritarrak eta gizarte-eragileak parte hartzera bultzatzea hiri pluralagoa, garaikideagoa eta abangoardistagoa eraikitzeko bidean.
Lanen lehen fasea, 2018an
Iruñeko Udalak 2017an proposatu zuen Pio XII.aren etorbidea eraberritzea, igarobide jasangarri bat sortu eta espazioa garraiobide guztien artean modu ekitatiboagoan banatzeko xedez, betiere ibilgailu pribatuen zirkulaziorako bideak gutxitu eta garraiobide jasangarriendako bide gehiago jarrita (oinezkoak, bizikletak eta garraio kolektiboak). Proiektua idatzi aurretik, inplikatutako eragileekin parte hartzeko prozesu bat egin zen irizpide eta esku-hartze garrantzitsuenak adosteko.
Proiektuaren ildo nagusiek aparkaleku-banda eta beste hornidura batzuk kentzea eta noranzko bakoitzean norabide bakarreko bidegorri bat sortzea barne hartzen zuten, besteak beste. Gainera, galtzadaren eskuineko erreian funtzio anitzeko gune bat jartzea aurreikusten zen, bertan gune hauek sortzeko: edukiontziendako gune bat, mugikortasun urriko pertsonendako aparkaleku-plazak, zamalanetarako eremu bat eta garraio publikoa itxoiteko plataformak. Noranzko bakoitzeko bi errei baliatuko ziren orduan errepideko zirkulaziorako.
Gainera, Pio XII.aren etorbidetik ezkerretara, Iturrama eta Errioxa kaleetara, biratzeko bideak kenduko ziren, baita kale horien bidegurutzeetako itzulbideak ere; halaber, oinezkoen pasabideak birkokatuko ziren ibilgarritasunaren mesederako, eta villavesen geralekuak handitu. Halaber, aurreikusten zen Antso Azkarraren etorbideko bidegurutzeko kanpoaldeko espaloietan lorategi-eremuak sortzea, baita beste lan batzuk ere; hala eta guztiz ere, lan horiek ezin izan ziren une horretan egin, eta lanen bigarren fasean burutu dira.
Aldaketak horiek egiteko lehen faseko lanak 2018an gauzatu ziren, 1.950.000 euroko aurrekontuarekin.
2025ean osatu dira lanak
2024an, igarobide jasangarria osatu eta aurreko legealdian egindako aldaketak konpontzeko lanak berriro jarri ziren abian: etorbideko toki batzuetan aparkaleku-plazak jarri ziren berriz ere. Iazko urrian hasi ziren lanak eta 2025eko uztailean bukatu. 2.424.921,40 euroko inbertsioa izan du bigarren faseak, eta horietatik 450.000 euro Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak jarri ditu.
Proiektua abian jarri zen unetik igaro diren sei urteetan, Iruñeko Udalak hainbat estrategia zehaztu ditu, eta hirigintzarekin lotutako hainbat esku-hartze egin ditu hiri-espazioa birnaturalizatzera begira, 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuetan (GJH) adierazten diren klima-aldaketara egokitzeko erronkekin bat etorrita. Denbora-tarte horretan, Iruñeko Azpiegitura Berde eta Urdineko eta Hiri-drainatze Jasangarriko Plana onesteari esker, gune berriak eta lorategi-eremuak eta igarobide jasangarriak sortzeko eta espazioak birnaturalizatzeko beharra azpimarratu da.
Azken urtean, Pio XII.aren etorbidea handitu eta igarobide jasangarri bihurtzeko lanei esker, berdegune gehiago sortu dira bidean barna, elkartzeko eta ongizaterako guneak sortu eta errepideko zirkulazioa bereizita. Halaber, euri-lorategiak eraiki dira funtzio anitzeko guneko zati batzuetan, eta erabiltzen ez ziren zolatutako eremuen ordez, lorategi-eremuak, landareak eta ureztatze-sistema automatikoak jarri dira gune birnaturalizatu horietan. Hiru zuhaitz-espezietako 24 ale landatu dira guztira, baita 19 barietateko 3.625 zuhaixka eta 17 landare bizikorren 3.487 ale ere.
Horrez gain, bi norabideko bidegorriak bi metro zabaldu dira, ibilgailu motordunendako bi erdigaltzadak estutu da eta ilaran aparkatzeko plaza gehienak kendu dira, soilik zamalanetarako eta mugikortasun urriko pertsonendako hainbat plaza mantenduta. Galtzadaren neurria aldatzearen ondorioz, elkarguneak berrantolatu ,oinezkoendako pasabideak hobetu eta espaloi jarraituak eraiki behar izan dira ondoko aparkaleku-poltsetako sarbideetan. Azkenik, beste esku-hartze hauek barne hartu dituzte lanek: bidegorrietako eta etorbide osoko galtzadako zoladura asfaltikoa birjartzea eta bidegorrien eta txirrindularien pasabideen seinale horizontalak hobetzea.