Pio XII.aren etorbidean trafikoa moztuko dute apirilaren 1ean eta 2an Antso Azkarraren eta Armada etorbideen artean, asfaltatzeko lanen ondorioz: bihar hasiko dituzte, ostiralarekin, eta apirilaren 3an amaituko

Pio XII.aren etorbidean trafikoa moztuko dute apirilaren 1ean eta 2an Antso Azkarraren eta Armada etorbideen artean, asfaltatzeko lanen ondorioz: bihar hasiko dituzte, ostiralarekin, eta apirilaren 3an amaituko
Udalak gomendatu du etorbide horretatik pasatu behar dutenek aurrez pentsatzea egin beharreko ibilbidea, aipatutako bi egun horietan bereziki, eta ahal dela Barañaingo eta Baiona etorbideak erabiltzea, edo bestela, Iturrama eta Errioxa kaleak
Fitxategi


6 fasetan eginen dituzte igarobide jasangarria handitzeko lanak, eta datorren astean egin beharrekoak eginda, hirugarren fasea amaituko dute. Antso Azkarraren eta Armada etorbideen arteko Pio XII.aren etorbidearen zatia asfaltatuko dute, hiriaren erdigunerako noranzkoan.  Gaur hasiko dira lanak prestatzen, eta apirilaren 3an amaituko dituzte; nolanahi ere, apirilaren 1ean eta 2an baino ez dute moztuko trafikoa, 09:30etik 19:00etara. Apirilaren 3an, ostegunarekin, eskuineko erreia moztuta egonen da, eta ostiralean zabalduko dute guztiz, hilaren 4an. Gainerako egunetan, garajeetarako sarbideei eraginen diete soilik lanek, eta baliteke noiz edo noiz Iruñerriko Hiri Garraioan ere moldaketaren bat egin behar izatea. Pio XII.aren etorbideak Antso Azkarrarenarekin bat egiten duen gunea ez dute fase honetan asfaltatuko.

Inguru horretan auto asko ez pilatzeko, Iruñeko Udalak beste ibilbide batzuk diseinatu ditu. Aste horretan Pio XII.aren etorbidetik pasatu behar izanez gero ibilbidea ongi pentsatzeko gomendatu dute, eta, trafikoa moztuko duten egunetan bereziki, Barañaingo eta Baiona etorbideak erabiltzeko ahal dela, edo bestela, Iturrama eta Errioxa kaleak. Asteazkenean eta ostegunean bide horiek hartu beharko dira ezinbestean; izan ere, Pio XII.aren etorbidearen eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzea moztuta egonen da erabat, eta eskuinera bakarrik biratzen ahalko da. 

Aurretiko lanak, informazioa emateko kanpaina etxebizitzetan eta merkataritzan, eta zalantzak 010 telefonoan 
Egun hauetan kartelak jarri dituzte inguruko etxebizitzetan, eta merkatariei ere jakinarazi zaie zer eragin izanen duten lanek eta noiz arte iraunen duten. Inork galderaren bat egin edo zalantzaren bat argitu nahiko balu, 010–948 420 100 telefonora deitu dezake.

Lanen kronograman zehaztu dutenez, gaur (osteguna) hasiko dira lanak prestatzen: zerbitzuendako bandetan dauden edukiontziak kenduko dituzte, eta Pio XII.aren eta Antso Azkarraren etorbideen arteko bizikletak alokatzeko zerbitzuaren aparkalekua ere bai. Hala, astelehenera bitartean, fresatu eta asfaltatu eginen dituzte bai zerbitzuendako banda eta bai bidegorria. Egun horietan lanek ez dute eraginik izanen trafikoan, noizean behin baino ez baitute moztuko, makineria sartu ahal izateko, eta beraz, Pio XII.aren etorbidea eta harekin bat egiten duten kaleak zabalik egonen dira. Hori bai, autobusek geltokian geratzeko hartzen duten erreiaren zatia itxi eginen dute, baina inguru horretan ibiltzen diren lineek ohiko moduan funtzionatuko dute bi egun horietan ere, eta ohiko geltokietan geratuko dira. Pio XII.aren etorbideko 13.ean dagoen zamalanetarako eremua itxita egonen da asfaltatzeko lanak amaitu arte.

Pio XII.aren etorbidea itxita asteartean eta asteazkenean, 09:30etik 19:00etara
Hilaren 1ean (asteartea) eta 2an (asteazkena) asfaltatu eginen dute, eta lan horiek bai, horiek etorbidearen zati osoan izanen dute eragina. 09:30etik 19:00etara Pio XII.aren etorbidea itxita egonen da Antso Azkarraren eta Armada etorbideen artean, hiriko erdigunerako noranzkoan, eta halaber, etorbide horrek Urdazubiko Monasterioaren kalearekin eta Gaztelugibelarekin bat egiten duen bidegurutzeak ere itxiko dituzte, noranzko berean.  Villavesen geralekuak ere itxita egonen dira, eta L4, L15, L18 eta N2 lineek beste bide batzuk eginen dituzte: itxita egonen diren geltokietan adieraziko dute zein diren behin-behineko ibilbide horiek, eta apirilaren 3an berreskuratuko dituzte ohikoak, 19:00etatik aurrera. Pio XII.eko 13. zenbakian dagoen garajerako sarbide bat jarriko dute bidegorrian, eta aparkalekuko irteera zabalik egonen da, Urdazubiko Monasterioaren kalera desbideratuta. 

Apirilaren 3an amaitzea aurreikusten dute, ostegunarekin: eskuineko erreia margotu beharko dute egun horretan, Iruñerriko hiri-garraioaren geralekuetako seinaleak barne. Hala, eskuineko erreia itxi eginen dute 09:30etik 19:00etara, baina ezkerrekotik arazorik gabe zirkulatzen ahalko da hiriaren erdigunerako noranzkoan. Urdazubiko Monasterioaren eta Gaztelugibelaren bidegurutzeak zabalik egonen dira, noizbehinka trafikoa desbideratuko badute ere, eta Pio XII.aren etorbideko 13. zenbakiko eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko garajeetara ere ohiko moduan sartu eta irteten ahalko da. Zati horretako villavesen geralekuak 19:00etatik aurrera egonen dira zabalik.

Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarria
Igarobide jasangarria handitzeko lanen 3. fasean, zeregin nagusia Pio XII.aren etorbideak eta Urdazubiko Monasterioaren kaleak bat egiten duten gunea moldatzea da: besteak beste, ibilgailuak geratzeko marra atzeratu eginen dute. Gainera, berdegune bat sortuko dute 3. eta 5. zenbakien arteko aparkalekuan; zerbitzuendako banda berrantolatuko dute, eta bidegorria hobetuko. Excavaciones Fermín Osés SL ari da lanak egiten, 1,8 milioi euroko aurrekontuarekin; horietatik 450.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriak dira. 

Iazko urrian hasi zituzten lanak, eta sei faseak osatu ondoren (orain hirugarrena amaitzen ari dira), Pio XII.aren etorbidea izanen da hirira sartu eta hiritik irteteko bide nagusia hego-mendebaldetik. Gainera, igarobide jasangarriak 2.446 m2 hartuko ditu, eta berdegune gehiago jarriko dituzte. Aurreikuspenen arabera, uztailean amaituko dituzte lanak. Proiektuak etorbide osoko galtzadari, aparkalekuei eta zamalanetarako eremuei eraginen die; mugikortasun murriztua dutenendako aparkaleku gehiago jarriko dituzte, Iturrama kaleko autobus geraleku batzuk berrantolatu eginen dituzte, eta bidegorria hobetuko dute, babes-banda sendotu eginen baitute babesgune zolatuak jarrita bidegurutze guztietan. 1970eko hamarkadan zabaldu zutenetik, inoiz ez dute Pio XII.aren etorbidea osorik asfaltatu berriz.
 

¿Te ha sido útil esta página?