Pio XII.aren etorbidea birnaturalizatzen ari dira: lorategi-eremuak jarri dituzte aparkaleku-plazetan, eta berdegune berriak espaloietan, Nafarroa eta Antso Azkarraren etorbideen artean

Pio XII.aren etorbidea birnaturalizatzen ari dira: lorategi-eremuak jarri dituzte aparkaleku-plazetan, eta berdegune berriak espaloietan, Nafarroa eta Antso Azkarraren etorbideen artean
Lanak sei fasetan egitea aurreikusten dute: lehen bi faseak amaitu dituzte dagoeneko, eta Antso Azkarraren eta Gaztelugibelaren artean ari dira orain lanean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Pio XII.eko igarobide jasangarriaren lanen 1. eta 2. faseetako lanak bukatu dituzte, baina lorezaintza-lanak bukatzeke daude oraindik; Nafarroa eta Antso Azkarraren etorbideen arteko tartean egin dituzte lanak. Tarte horretan bertan asfaltatze-lanak egin zituzten joan den astean, eta aparkaleku-plazen ordez berdeguneak jarri dituzte tarte horretako espaloietan eta etorbidearen eta Iturrama kalearen elkargunean dauden horietan. Horrez gain, hiri-garraioko bi geraleku sortu dituzte eta bidegorria hobetu dute.

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordea eta Gerentzia eta Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea gaur goizean izan dira Pio XII.aren etorbidean, eta bertatik bertara ikusi dituzte azken hilabeteotan egin dituzten lanak. Pio XII.eko igarobide jasangarria zabaltzeko lanek sei fase dituzte, eta orotara zazpi hilabete iraunen dute. Urrian hasi zituzten lanak, eta aurreikuspenak betetzen badira, udarako bukatuko dituzte. Lanen aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da, eta zenbateko horretatik 450.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu hitzarmen bidez. Excavaciones Fermín Osés SL enpresa arduratzen ari da lanak egiteaz, Mugikortasuna eta Jasangarritasuna Hobetzeko Esparru-akordiotik eratorritako seigarren kontratuaren adjudikazioduna baita. 

Une honetan, 3. faseko obrak egiten ari dira, Pio XII.eko Antso Azkarraren eta Gaztelugibelaren arteko tartean. Aldaketa nagusia Pio XII.aren eta Urdazubiko Monasterioaren elkargunean eginen dute: ibilgailuak gelditzeko marra atzeratuko dute. Halaber, berdeguneak sortuko dituzte 3. eta 5. portalen arteko aparkaleku-plazetan. Gainera, zerbitzuendako marra eta bidegorria berrantolatzen ari dira. Tarte horretako asfaltatze-lanak Aste Santuaren aurretik bukatzea aurreikusten dute.

Alferrik galdutako guneak birnaturalizatuko dituzte espaloietan
Pio XII.aren etorbidean lorategi-eremuen 2.446 metro karratu gehiago sortuko dituzte. Lanen sei faseetan beste jarduketa batzuk egin ahala, aparkaleku-plazak kentzen, eta haien ordez drainatze-sistema jasangarriko berdeguneak sortzen ari dira. Gainera, lorategi-eremuak eta berdeguneak sortu dituzte Pio XII.aren eta Nafarroa etorbidearen elkargunean, Pedro I.aren kalearekin bat egiten duen gurutzebidearen aurretik eta 41. eta 39. portalen eta 31. eta 29. portalen artean. 

Pio XII.aren eta Iturrama kalearen elkarguneko espaloian bi berdegune sortu dituzte. Hala, alferrik galdutako guneak birnaturalizatzen dituzte, eta, oinezkoek gune hori gutxitan erabiltzen duten arren, aukera paregabea da gune naturalak sortzeko. Gainera, hiri-drainatze jasangarria garrantzitsua da, hiriaren irudi atsegina sortze aldera.    Pio XII.eko igarobide jasangarri berria Iruñeko Udalaren Azpiegitura Berde eta Urdinen Udal Planaren parte da: igarobide berde bat sortzea da helburua, hiri-paisaien eta giro erdinaturalen bidez oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak sustatu eta lehenesteko. Izan ere, gune horiek guztiek Azpiegitura Berdeekin bat egiten dute, Ziudadelaren eta Nafarroako Unibertsitatearen artean ibilbide berdeak sortzen dituzte, eta Donejakue bidea sustatzen dute. 

Halaber, Iturrama kaleko bi noranzkoetan egin dituzte asfaltatze-lanak, kale horren eta Fuente del Hierro kalearen arteko biribilgunean. Bestalde, Iturrama kalean bertan villavesen bi geltoki aurreratu sortu dituzte, erabiltzaileen segurtasuna hobetu eta trafikoa baretzeko. Pio XII.eko igarobide jasangarriko lanen artean, zerbitzuendako funtzio anitzeko banda berrantolatzea aurreikusten da. Kale horretan ere, zamalanetarako eremuak aldatuko dituzte, eta hiru baino ez dituzte utziko. Gainera, mugikortasun urriko txartela duten ibilgailuendako beste aparkaleku-plaza bat sortuko dute, eta guztira sei plaza izanen ditu kaleak, Pio XII.aren etorbidean bezainbeste.  Azkenik, bidegorriak eta bizikletendako aparkalekuak hobetzen ari dira bizikletaren erabilera sustatu eta ibilbide seguruagoak sortzeko.

¿Te ha sido útil esta página?