Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarria handitzeko lanak aurrera doaz, eta hiritik ateratzeko norabidean ariko dira hemendik aitzina. Datorren astean Armada etorbidearen eta Errioxa kalearen arteko tartea asfaltatzeko lanen aurretiko eginkizunetan hasiko dira: 6 faseetako 4.ari dagozkio lan horiek, eta 5. fasearen zati bati. Apirilaren 14tik 16ra, bidegorrian eta zerbitzuendako bandan eginen dituzte lanak, eta ez dute eraginik izanen trafikoan; apirilaren 22tik 25era zirkulazio-erreiak eta bidegurutzeak asfaltatuko dituzte, eta, lanek aurrera egin ahala, trafikoa moztuko dute tarteka 09:30etik 19:00etara bitartean; azkenik, apirilaren 28an eta 29an, lanak burutzeko, seinale horizontalak margotuko dituzte, eta noizean behin trafikoa desbideratzea baino ez dute eraginen.
Iruñeko Udalak gomendatu du Pio XII.aren etorbideko tarte horretatik pasatu behar izanez gero aurrez ondo pentsatzea egin beharreko ibilbidea, eta ahal dela beste bide batzuk hartzea, trafikoa arina izan dadin: Baiona eta Barañaingo etorbideak edo Iturrama, Errioxa eta Fuente del Hierro kaleak. Asfaltatzeko lanek eskola-oporraldian eraginen dute gehien trafikoan, baina hala ere Udalak beharrezkotzat jotzen du ahal dela beste bide batzuk hartzea, auto-pilaketarik izan ez dadin. Apirilaren 22tik 25era bitartean egin beharreko lanek eragina izanen dute Iruñerriko hiri-garraioaren geralekuetan eta ibilbideetan ere: L4, L15, L18, L2 eta N01 lineetan izanen diren aldaketak kontsultatu beharko dira. Halaber, lanak eginen dituzten tokietan dauden garajeetako sarbideei eta aparkaleku-poltsei ere eraginen diete lanek.
Igarobide jasangarria handitzeko asfaltatze-lanen lehen hiru faseetan egin zuen bezala, Iruñeko Udalak kartelak jarriko ditu portaletan eta saltokietan, lanen kronologiaren berri emateko eta zertan eraginen duten jakinarazteko. Bizilagunen, merkatarien eta sarri bide hori erabiltzen dutenen zalantzak argitzeko, 010 – 948 420 100 telefonoan xehetasun guztiak emanen dituzte. Lan hauek hamabost egun iraunen dute, eta Mugikortasun Talde Teknikoarekin elkarlanean egin dute plangintza. Orotara 1,8 milioi euroko aurrekontua dute Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarria handitzeko, eta horietatik 450.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriak dira. Excavaciones Fermín Osés SL enpresaren esku daude lanak.
Pio XII.aren etorbidearen eta Antso Azkarrarenaren arteko bidegurutzea ez dute asfaltatuko
Datorren astean, hilaren 14tik (astelehena) 16ra (asteazkena), bidegorrian eta zerbitzuendako bandan eginen dituzte lanak, eta ez dute eraginik izanen trafikoan: noizbehinka baino ez dute moztuko, makineria mugitzeko. Beraz, Pio XII.aren etorbidea zabalik egonen da, bai eta kale hauekin bat egiten duen bidegurutzeak ere: Antso Azkarraren etorbidea, Errioxa kalea, Urdazubiko Monasterioaren kalea, Gaztelugibel kalea eta Armada etorbidea. Hiru egun horietan, bidegorria eta zerbitzuendako banda fresatu eta asfaltatuko dituzte, eta baliteke noizean behin trafikoa desbideratzea Pio XII.aren etorbideko 4.eko garajeetara sartzeko eta 18-20 zenbakien arteko aparkaleku-poltsara sartzeko.
Iruñerriko hiri-garraio publikoaren geralekuetan, autobusak geratzeko hartzen duen erreia ere itxita egonen da. Horrek, ordea, ez du aldaketarik eraginen autobus-lineetan: betiko tokietan geratuko dira, baina zerbitzuendako erreia hartu gabe. Asfaltatuko duten tartean dauden edukiontziendako eremuetan bai, ordea. Apirilaren 14tik aitzina (astelehena), Pio XII.aren etorbideko 4-6 zenbakien artean dauden edukiontziak Urdazubiko Monasterioaren kaleko 10.era eramanen dituzte, eta etorbideko 16. zenbakian daudenak, berriz, Antso Azkarraren etorbideko 73.era. Asteartean, hilak 29, betiko tokira eramanen dituzte berriz.
Apirilaren 22an eta 23an, berriz, Armada etorbidearen eta Antso Azkarraren etorbidearen arteko tartea asfaltatuko dute, hiritik ateratzeko norabidean. Pio XII.aren etorbideak eta Antso Azkarrarenak bat egiten duten bidegurutzea ez dute asfaltatuko, eta hiriaren erdigunerako noranzkoan zabalik egonen da uneoro, baina ez hiritik ateratzeko. Armada etorbidearen eta Antso Azkarraren arteko tartean, ordea, trafikoa moztuko dute bi egunetan 09:30etik 19:00etara. Asteartean, bidegurutze guztiak zabalik egonen dira erdigunerako noranzkoan, baina 09:30etik 19:00etara ezin izanen dira erabili hiritik ateratzeko. Asteazkenean, berriz, Gaztelugibeleko eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzeak guztiz itxiko dituzte 09:30etik 19:00etara bitarte.
Egun horietan, Pio XII.aren etorbidearen eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzean dagoen autobus-geralekua itxita egonen da 09:30etik 19:00etara bitarte. Gainerako orduetan zabalik egonen da. Pio XII.aren etorbideko 4. zenbakiko garajeetarako sarbidea eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko iparraldeko aparkalekuetarakoa zabalik egonen dira, baina noizbehinka desbideratu eginen dute sarrera. Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen arteko tartea zabalik egonen da asteartean eta asteazkenean, bai eta Pio XII.aren etorbideko 18-20 zenbakietako aparkaleku-poltsa ere.
Bidegurutzeak, zabalik oro har, baina salbuespenak izanen dira, Errioxa kalekoan bereziki
Apirilaren 24an (osteguna) eta 25ean (ostirala), hurrengo tartean eginen dituzte lanak: Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen artean. Esan bezala, Antso Azkarraren etorbideko bidegurutzea ez dute asfaltatuko, baina Iturrama kalekoa bai. Ordurako zabalik egonen da Armada etorbidearen eta Antso Azkarraren etorbidearen arteko tartea, nahiz eta noizbehinka trafikoa desbideratu beharko duten seinale horizontalak margotzeko. Gauza bera gertatuko da Armada etorbideko, Gaztelugibeleko eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzeetan ere. Ostegunean, Antso Azkarraren etorbideko eta Errioxa kaleko bidegurutzeak zabalik egonen dira hiriaren erdigunerako noranzkoan, baina ezin izanen dira erabili hiritik ateratzeko. Ostiralean, Errioxa kaleko bidegurutzea itxita egonen da 09:30etik 19:00etara bitartean hiritik ateratzeko noranzkoan, eta 17:00etatik 19:00etara osorik itxiko dute.
Aurreko tartean bezala, Antso Azkarraren etorbidearen eta Nafarroa etorbidearen artean dauden Iruñerriko hiri-garraioaren geralekuak itxi eginen dituzte. Zehazki, Pio XII.aren etorbideko 18. zenbakiko geralekua eta 28.ekoa itxita egonen dira 09:30etik 19:00etara. Gainerako orduetan zabalik egonen dira.
Lanek aurrera egin ahala, lehen zatian eragin txikiagoa izanen dute lanek. Hala, bigarren zatian lanean hasterako, Pio XII.aren etorbideko 4. zenbakiko garajeetarako eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko garajeetarako eta aparkaleku-poltsarako sarbideak zabalik egonen dira. Pio XII.aren etorbideko 18-20 zenbakietako aparkaleku-poltsa, ordea, itxita egonen da 09:30etik 19:00etara. Errioxa kaleko iparraldeko garajeetarako eta aparkalekuetarako sarbidea zabalik egonen da, eta Pio XII.aren etorbideko bidegurutzean biratu beharko dute autoek. Iruñerriko hiri-garraioaren geralekuak itxita egonen dira 19:00ak arte Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen artean.
Apirileko azken asterako, hilaren 28 (astelehena) eta 29rako (asteartea) alegia, seinale horizontalak margotzea eta edukiontziak berriz zerbitzuendako bandan jartzea baino ez da faltako. Pio XII.aren etorbidea zabalik egonen da, baina baliteke noizbehinka trafikoa desbideratu behar izatea seinale horizontalak margotu ahal izateko bai Armada etorbidearen eta Antso Azkarraren etorbidearen artean eta bai Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen artean. Halaber, litekeena da seinale horizontalak margotzeko lan horiek noizbehinka eragina izatea Iruñerriko hiri-garraioaren geralekuetan.