Pinturak, eskulturak eta argazkigintzak askotariko erakusketa-eskaintza osatzen dute zubi honetarako Ziudadelan

Pinturak, eskulturak eta argazkigintzak askotariko erakusketa-eskaintza osatzen dute zubi honetarako Ziudadelan
Zabalik dauden lau erakusketak doan bisita daitezke goizez zein arratsaldez

Bertako lau artistaren obrek Ziudadelako aretoak partekatzen dituzte, egunotan, Afrikatik iritsitako erakusketa batekin, zeinean argazkien bidez, kontinente horren errealitatea erakusten baita. ‘Afrotopia’ izenburupean, aurten ‘Afrika behar-beharrezkoa’ zikloak aurkezten duen proposamena Mistoen Eraikineko lehen solairuan dago ikusgai. Eraikin bereko beheko solairuan, Iker Serrano artista iruindarrak mihise eta paper gaineko 52 pinturaren bidez bere ibilbide artistikoaren hamahiru urteak laburbiltzen ditu. Bolborategian, Teresa Sabaték eta Virginia Santosek Ziudadelan ‘Oinez eta eskuz 2’ proposatzen dute, hizkuntzen eta narrazioen nahasketa bat, errealitatea eta fikzioa tartekatzen duen historia baten bidez. Eskulturarako gunea Labearen eraikinean dago, Manuel Sagastumek erakusgai dituen 19 obrekin; gainera zentzumenerako esperientzia bat ere proposatzen du, eskulturak horretarako berariaz sortutako musika-pieza batekin nahasiz.

Ziudadelako erakusketa-aretoak udako lanegunetan goizez ireki ondoren, eta jendearen erantzuna ona izan dela-eta, Iruñeko Udaleko Kultura Alorrak joan den irailean erabaki zuen neguan ere ekimen horrekin jarraitzea, eta horrek bisita-orduak luzatuko ditu. Aretoak asteartetik larunbatera bisita daitezke, 11:30etik 13:30era, goizez, eta 18:00etatik 20:30era, arratsaldez. Igande eta jaiegunetan, ordutegia 11:30etik 13:30era izanen da. Aste hauetan zabalik dauden lau guneez gain, Ziudadelak erabilera anitzeko beste gune batzuk ere baditu Arma Aretoan, eta bertan erakusketak, lantegiak eta jarduera kulturalak aldian-aldian berrituz doaz.

Iker Serrano, ‘Hasieratik hasita, comenzando desde el principio’

Iker Serrano artista iruindarrak urtarrilaren 17ra arte izanen du ikusgai, Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan, ‘Hasieratik hasita, comenzando desde el principio’ izeneko obra. Erakusketaren izenburuak obra piktorikoen edukiei egiten die erreferentzia, zeinetan 2007tik gaur egun arte egin dituen proiektu nagusietan barnako ibilbidea ikus baitaiteke. Bertan aurki daitezke haren familia-inguruneko erretratuak, artearen jatorriari buruzko hausnarketa piktorikoak, boxeoari buruzko monografiko bat –egilea kirol horretan aritu zen garaian egina– eta baita Julio Verneren kontakizunetan zehar egindako bidaia bat ere. Osotara, erakusketak 52 pintura jasotzen ditu, mihise eta paper gainean, zazpi proiektutan banatuta.

Iker Serranoren lan-ibilbide artistikoa orain dela hamahiru urte hasi zen, Arte Ederretako ikasketak amaitu zituenean. Gainera, ikerlaria da, pinturan doktoregai Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan defendatuko du, aste gutxi barru, amaitu berri duen doktore-tesia: ‘Viaje al cuadro. Una metaficción en la pintura’. Gaur egun irakasle artista da, Basauriko Kultur Etxean, eta Basauriko Ariz Dorreko erakusketen komisarioa. Bere ibilbide profesionalean zenbait aintzatespen jaso izan ditu, besteak beste 2011ko ‘Nafarroako Artista Gazteak’ sariketako lehenengo saria eta ‘Iruñeko Artista Gazteak’ sariketako bigarrena.

‘Oinez eta eskuz 2’, Virginia Santos eta Teresa Sabatéren proposamen oso pertsonala

Teresa Sabaté eta Virginia Santosen proposamena Ziudadelako Bolborategian ikusgai dago urtarrilaren 17ra bitarte, eta oinarri du hizkuntzak eta narrazioak nahasten dituen hiru fasetako bidaia artistiko bat. Erakusketa honen jatorria bi artisten proposamen bat da, hizkuntzak eta narrazioak nahasteko, eta horretarako esperientzia partekatu baten bidez errealitatea eta fikzioa bateratzen dituzte. Hasierako ideia horietatik sortu zen lehen kolaborazioa, alegia, obra batean islatzea egunero Santa Marta kalean zuten lantegitik Uharte Arte Garaikidearen Zentroraino oinez, autoz edo autobusez egiten zuten ibilbidea. Zenbait hilabetez, ibilbide horretan bizitako esperientziak eta elkarrizketak bildu zituzten, eta horiekin pieza handi bat gauzatu zuten, zeina handitzen joan zen, hizkuntzak eta partekatutako esperientziak nahasten dituen hamar metroko mural handi bat osatu arte.

Baina bide hori egun hauetan Ziudadelako Bolborategian ikusgai dagoen obra sortzeko lehen fasea besterik ez zen izan. Hasierako planteamendu artistikoaren ondoren, Sabaték eta Santosek lantegira itzultzeko bideari ekin zioten, eta horrek ahalbidetu zien haien kalea berriz aurkitu eta beste modu batez begiratzea, hiri-ikuspegiaz. Asfaltoak, zirkulazioak edo eraikinek kontraste egiten zuten aurreko ibilbidean landu zuten natura-ingurunearekin, eta bi ideia horiek uztartzeko asmoz, haien lantegiaren inguruneari ukitu berde bat eman zioten. Hala, landarez eta kolorez betetako lorategi handia bailitzan imajinatu zuten haien kalea.

Egun hauetan ikusgai dagoen ‘Oinez eta eskuz 2’ obrak pandemia ere islatzen du, izan ere, bi artistek asmatu zuten lorategia osatzen ari zirela, konfinamendua iritsi zen. Egoera berri horrek elkarrekin leku berean lan egiten jarraitzea eragotzi zien hainbat astez, eta horrela gogoeta egiten jarraitzeko aukera izan zuten. Lan horretan jabetu ziren inguruan ditugun pertsonekiko harremanen garrantziaz, eta ideia hori obran txertatzea erabaki zuten; horretarako, lorategi imajinario horretan sartu zituzten haien kalean bizi diren zenbait pertsona erreal. Teresa Sabaték eta Virginia Santosek diotenez, egun hauetan Ziudadelan ikusgai dagoen obra ez dago itxita, eta bidaia eta esperientzia berriak sartzeko aukera zabalik utzi dute.

‘Figurak’, eskulturarako gunea Manuel Sagastumeren eskutik

‘Figurak’ erakusketa Ziudadelako Labean egonen da ikusgai abenduaren 13ra arte. Iruñean bizi den Manuel Sagastume artistaren 19 eskulturen bilduma da, non zentzumenendako esperientzia bat proposatzen baitu, entzumenaren bidez ere gozatzekoa. Erakusketak Tzesne artistak zehazki erakusketarako prestatu duen soinu pieza izanen du lagun. Eskultura-proposamena sei serietan banatuta dago eta artistaren ibilbide profesionalaren eskulturarik berrienak irudikatzen ditu.

Zenbait hamarkadatan arkitekturari ekin ondoren, Sagastumek hura alde batera uztea erabaki zuen eta metalezko material desberdinez irudi-eskulturak egiteari ekin zion. Urteen poderioz, dozenaka obra egin ditu, eta horietako batzuk Ziudadelan ikusgai dagoen erakusketaren parte dira. Obra horietako gehienak burdinaz eginak dira, horietan denboraren joana irudikatzea lortzeko, aireak eta oxidoak material horretan duten eraginaren bidez. Egia da, hala ere, ez dela aukeratutako material bakarra, aluminioa ere ageri baita obretako bitan, eta gainera margotutako zati bat ere agertzen da.

1964tik Iruñean bizi bada ere, Sagastume Donostiako da, hemezortzi urte lehenago han jaio baitzen. Industri ingeniaritza, arkitektura eta hirigintza ikasi zuen Bilbon, Iruñean eta Bartzelonan. Fernando Redón eta Curro Inzarekin lan egin ondoren, Sagastumek bere Arkitektura estudioa ireki zuen Iruñean, eta horretan lan publiko zein pribatu garrantzitsuak egin zituen, Iruñeko Justizia Jauregi Berria, adibidez. Luis Tabuenca eta Manolo Blascorekin batera Iruñeko Autobus Geltoki Berria eta Sevillako Expo92-rako hiri-altzariak eta loreontzien euskarriak proiektatu zituen.

Manuel Sagastume 80ko hamarkadaren hasieran Nafarroako Arkitektoen Elkargoko Lehendakaria izan zen, eta 2008an, Bilbon egoitza duen Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Dekanoa. Hiru dimentsioak dira bere espezialitatea, baina artista gisa, pinturan ere hasi zen teknika desberdinak erabiliz egindako koadro sorta batekin.

‘Afrotopia’, ondoan dugun kontinentearen errealitateren inguruko hausnarketa argazkien bidez

‘Afrika behar-beharrezkoa’ zikloaren eskutik urtero Ziudadelan egin ohi den erakusketa, edizio honetan, ‘Afrotopia’ da, eta urtarrilaren 10era arte egonen da zabalik Mistoen eraikineko lehenengo solairuan. Senegal, Niger eta Maliko 35 gazteren 58 argazkik osatzen dute erakusketa, eta horietan gogoeta egiten dute ingurumenaz, jasangarritasunaz, globalizazioaz, emakumeek gizartean duten zereginaz, gazteen amets eta nahiez, tradizioaz, eta abar. Erakusketaren jatorria hau da: Héctor Mediavillak diseinatu eta 2017ko azaroan eman zituen Acerca/AECID-en hiru lantegi, Dakarren (Senegal), Niameyn (Niger) eta Bamakon (Mali), Bamakoko Argazkilaritza Bienalaren barruan.

Felwine Sarr idazle, ekonomista eta musikari senegaldarrak sortu zuen ‘Afrotopia’ terminoa, kontinente afrikarrari begiratzeko modu berri bat proposatze aldera, deskolonizazio mentalaren alde eginez, Héctor Mediavillak katalogoan azaltzen duen bezala. Afrikak Mendebaldea eredu gisa hartzeari utzi behar diola agertzen du, eta bere etorkizunari buruzko ikuspegi propioa garatu behar duela, horrek ekintza egokiari bide eman diezaion. Horretarako, berriz ere pentsatu behar da egungo paradigma, eta kanpotik inposatutako parametroetatik aldendu, bertako errealitatea kontuan hartuta ekonomiaz, ekologiaz, kulturaz eta sinboloez bezainbatean.

Lantegietan partaide bakoitzak hiru astetan garatzen ahal zuen argazkilaritza-proiektu bat aukeratu zuen, gogoetarako gune irekiak sortzeko ideiari jarraiki, afrikarrek beraiek erabaki dezaten zer etorkizun nahi duten, haien sustraien balioa eta kultur aberastasun paregabea ukatu gabe.

Dakarren bederatzi argazkilarik parte hartu zuten: bi emakume eta zazpi gizon. Gazteak, 22 eta 35 urte bitartekoak, profil, esperientzia eta interes askotarikoekin. Salbuespena Assane Sow izan zen, 45 urtekoa, Senegaleko egunkari nagusietan 20 urteko eskarmentua duen argazki-erreportaria, zeinak lan pertsonalagoa, “artistikoagoa” egin nahi zuen.

Bigarren lantegia Niameyn egin zen. Nigerren, Senegalen ez bezala, ez dago argazkilaritza- ez zinema-eskolarik, ezta ikusizko komunikazioari buruzkoak ere. Hortaz, askoz zailagoa da lanbide horiek garatzen ikastea. Hautatutako hamalau lagunetatik hiru emakumeak ziren. Hori arrakasta izan zen erakusketaren komisarioarentzat, herrialde horretan ia ez baitago emakume argazkilaririk. Bamakoko ikasle taldeak bestelako profila zuen. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteak ziren, multimedia ikasgaiko bigarren mailako ikasleak, Arte eta Lanbideen Multimedia Kontserbatrioan.

 

¿Te ha sido útil esta página?