Pilotaren Munduko Hiriburua da Iruñeak FITURen aurkeztuko duen eskaintza turistikoaren ardatz

Pilotaren Munduko Hiriburua da Iruñeak FITURen aurkeztuko duen eskaintza turistikoaren ardatz
Hiriak ostegunean aurkeztuko du bere proposamena Madrilen, biltzarren eta erakustaldien turismoaren aldeko apustua ere barne hartuta
Fitur

 

Iruñeak pilotaren aldeko apustua egin du 2026ko eskaintza turistikoaren ardatz nagusi gisa, ‘Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua’ proiektuaren eskutik; hala, aste honetan, FITUR Nazioarteko Turismo Azokan parte hartuko du: asteazken honetan hasiko da Madrilen, eta igandera arte iraunen du. Horretarako, euskal pilotari keinu eginez, hiriak proposamen turistiko zabala proposatu du: ibilbideak, proposamen turistikoak, bisita gidatuak, kirol-proposamenak, ekitaldiak eta gastronomia. Iruñeko Udalaren Lehendakaritza Batzordeak gaurko saioan ezagutu du hiriak Madrilen aurkeztuko duen eskaintza turistikoa, sektoreko profesionalei eta herritar orori zuzendua. 

Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak ostegunean aurkeztuko du proposamena azokan. Aitzitik, aurreikuspenen arabera, Joseba Asiron Saez ere FITURen izanen da, Nafarroako Egunaren karietara antolatutako ekitaldien barruan. 

Hiriak 2025ean proiektu pilotu moduan aurkeztutako proposamenetako batzuetan sakonduko du, baina, ostera, eskaintza zabaldu du jarduera askotarikoagoak proposatuz. Hala, ‘Iruña eta euskal pilota’ eta ‘Gaueko bisitak Iruñeko katedralera’ bisita gidatuez gain, oraingoan beste ekitaldi hauek egin dute bat proposamenarekin: Iruñeko euskal pilotaren historian barnako ibilbide tematiko bat eta Jorge Oteizaren artelanetan eta pilotan barnako bisita gidatu bat. Horrekin guztiarekin, hainbat kirol-lehiaketaren agertoki izatea aurreikusten da, hala nola esku-pilotako, erremonteko eta beste modalitate batzuetako txapelketa profesionalak, Labrit pilotalekua ardatz hartuta, baita beste ekitaldi batzuena ere, hala nola pilotari buruzko biltzar bat eta ‘Pilotaldia’ izeneko topaketa bat, Euskadiko eta Nafarroako pilota-eskolen artean. Gainera, elizak eta pilotak bat eginen dute berriz ere: hainbat pilota-erakustaldi eginen dira katedraleko klaustroan. Hori guztiaz gain, urtean zehar Pilota eta Iruña erakusketa jarriko da ikusgai hiriko hainbat tokitan, kirola bisitariei hurbiltzeko xedez. 

Gastronomiak ere badu bere lekua proposamenaren barruan, batez ere aintzat hartuta turismo gastronomikoa hiriaren indarguneetako bat dela. Hori dela eta, Udalak, sektoreko elkarteekin lankidetzan, kirola eta janaria bateratzeko ekitaldi gastronomiko bat jarriko du martxan; izen iradokitzailea izanen du: ‘Eskuz eta koilaraz, pilotaz eta sukaldeaz’.

Biltzar eta erakustaldiekin lotutako turismoa, mugaz gaindiko proiektu
Iruñeak pilotarekin duen lotura azpimarratzeaz gain, hiriak biltzarrekin, erakustaldiekin eta azokekin lotutako turismoaren inguruko proposamena aurkeztuko du FITURen. Zehatz-mehatz, GREENMICE proiektua aurkeztuko da: mugaz gaindiko egitasmo bat da, eta Europako finantzaketa du, POCTEFA programaren bidez. Iruña, Paue udalerri frantsesarekin batera, MICE helmuga jasangarri gisa aurkeztuko da turismo-azokan. Hiria estrategikoki kokatutako gune gisa aurkeztuko da; izan ere, Frantzia ondoan dago kokatuta, eta herrialdearen iparraldeko hiri nagusiekin lotuta dago. Gainera, ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten du, eta ekitaldi handiak hartzeko azpiegitura eta baliabideak ditu, hala nola Baluarte eta Nafarroa Arena. 

Biltzar eta erakustaldiekin lotutako turismoak, gainera, mugaz gaindiko sektore turistikoaren urtarokotasunarekin haustea ahalbidetuko du, bai eta ingurumenarekiko begirunezkoa den tokiko enplegua sortzea ere. Tresna egokia izan daiteke Sanferminak alde batera utzita hiria ezagutzera emateko, festak baitira hiriaren nortasun-ezaugarri nagusia nazioan eta nazioartean. 

Bi proposamen esanguratsu horiek alde batera utzita, Iruñeak hainbat lan-bilera eginen ditu egun hauetan, eta komunikabideei eskainitako aurkezpenak eginen ditu, hala nola bidaia-agentzia handizkari eta txikizkariei. Era berean, Iruña Helmuga Turistikoen Sarearen kide gisa aintzatesteko bereizgarria emateko baliatuko da ekitaldia, azkenekoz berritu baita.

¿Te ha sido útil esta página?