Enrique Maya Iruñeko alkateak dohaintza-kontratu bat sinatu du gaur goizean Helena Fernandino eta Emilio Pi-rekin, zeinari esker Iruñeko Udalari lagatzen baitzaizkio arte garaikidearen nazioko zein nazioarteko bildumazaletasunaren erreferentetzat jotako Pi Fernandino bildumaren 156 obra. Horrez gain, beste agiri bat izenpetu dute, Iruñeko Udalak beste sei artelan eskuratzeko.
2017ko urtarriletik, Iruñeko Udalak Pi Fernandino bildumaren 87 obra zituen aldi baterako lagapenean, hiru urterako zehazki; horiek Arte Garaikidearen Bilduman txertatu eta erakusketa batean aurkeztu ziren, Ziudadelan. Pi Fernandino bilduma obra-sorta pribatua da, Madrilen bizi diren Emilio Pi eta Helena Fernandino enpresari eta senar-emazte iruindarrek 90eko hamarkadan eskuratutako artelanez osatua, nazioan zein nazioartean bildumazaletasun pribatuaren erreferente bihurtu dena. Bideoarte-bildumaren parte batek, zeina Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalari dohaintzan eman baitzaio, Espainiako bildumarik onenarendako ARCO saria jaso zuen 2010ean.
90eko hamarkadako obrak, Arte Garaikidearen Udal Bilduma osatzeko.
Udal-txostenetan jasotakoaren arabera, bildumak zenbait espezializazio-esparru ditu, eta horien artean bada, batetik, 90eko hamarkadan Espainian gailendu ziren artisten lan grafikoez osatutako funts nagusi bat, eta bestetik, testuinguru horretan ere oso garrantzitsuak izan ziren egileek formatu txikian egindako edizio berezien sorta bat. 1983 eta 2007 artean egindako sormen-lanak dira, nahiz eta gehienak 90eko hamarkadakoak diren. Hamarkada horretan Espainiako obra grafikoak goia jo zuen nazioartean, bai sortzaileek lortutako ospeagatik, bai lan horien merkaturatzeak piztutako interesagatik.
Obra berri hauekin udal-bildumak barne hartzen duen arte-panorama osatuko da, nabarmen osatu ere. Hala obra kopuruagatik nola egileen kalitatearengatik zein adierazgarritasunagatik, bildumak XX. mende amaierako Espainiako artearen kontakizun koherente bat eratzen du, haren lan grafikoetatik abiatuz.
Dohaintzan emandako obra, 160.000 euroan zenbatetsia
Dohainik lagatako 156 obren balioa 160.000 euroan zenbatetsita dago, gutxi gorabehera, eta erositako 6 lanen prezioa 30.000 euro da. Aldi baterako laga ziren 87 lanetako 8 itzuli egin dira, jabeek balio sentimentala dela-eta berreskuratu nahi izan dituztelako, eta tokiko artisten lan kopuru handia txertatu da. Hori horrela, Antoni Tàpies, Antonio Saura eta Joan Brossa izen ezagunez gain itzal handia duten bertako artistak ere ageri dira, Jorge Oteiza, Isabel Baquedano eta Pedro Salaberri, adibidez.
Dohaintzaren barruan 81 egileren hainbat lan biltzen dira: collageak, akuaforteak, litografiak, serigrafiak, grabatuak, xilograbatuak eta sakongrabatuak, hainbat euskarritan egindako inprimatzeak eta faksimileak. Erositako lanak José Manuel Broto, Joan Hernández Pijoan, Cristina Iglesias, Juan Muñoz, José María Sicilia eta Susana Solanok eginak dira.
Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman Juan Muñoz, Cristina Iglesias eta Antoni Muntadasen serie batzuen senide diren piezak daude, 1998an eta 2000n ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Erakustazokan hautatuak. Gaur egun, udal-bildumak askotariko egileen eta teknika heterogeneoko 500 artelan inguru biltzen ditu.
Gaur gauzatu den dohaintza duela zenbait hilabete egitea zegoen aurreikusita, baina COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela eta atzeratu behar izan zen. Dohaintza hori Helena Fernandinok eta Emilio Pik haien sorterriari halako ondare bat utzi nahiak eragin du, betiere Arte Garaikidearen Udal Bildumak urteotan egin duen lana balioestetik abiatuta. Bestetik, Udalak bilduma hori mantendu eta zabaltzeko duen konpromisoaren fruitu ere bada; bilduma hori funts honekin aberastu nahi da orain, Pi Fernandino Ondarea izenpean.
Uda ostean iritsiko da Ondare horren parte handi bat ezagutzeko abagunea, Ziudadelako Arma Aretoan eginen den erakusketa batean.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Pi Fernandino bildumak, nazioko zein nazioarteko bildumazaletasunaren erreferente batek, 156 obra eman dizkio dohaintzan Iruñeko Udalari