Petti, Olatz Salvador, Rolan Garces, Maite Larburu, Maddi Zubeldia, Xabier San Sebastian eta Peio Ospital izango dira 2019ko Kantu eta Hitzan

Petti, Olatz Salvador, Rolan Garces, Maite Larburu, Maddi Zubeldia, Xabier San Sebastian eta Peio Ospital izango dira 2019ko Kantu eta Hitzan
Ostegunean hasi eta ekainaren 27ra arte izango dira emanaldiak, Erraldoien Txokoan, 20:30ean; sarrera librea da, gonbidapena hartuta

Kantu eta Hitzaren aurtengo edizioak Iruñera ekarriko du berriro euskarazko musikaren gaur egungo hainbat ordezkari bilduko dituen programazioa: Petti, Olatz Salvador, Rolan Garces, Maite Larburu, Maddi Zubeldia, Xabier San Sebastian eta Peio Ospital. Formatu txikiko zazpi kontzertu izango dira, musika-estilo askotarikoak, artistek beren azken lanak ezagutarazteko emango dituztenak. Ostegunean, maiatzak 16, hasiko dira, eta astero, ekainaren 27ra arte, kontzertu bat egongo da.

Emanaldiak Erraldoien txokoan izango dira (Descalzos k., 72), 20:30ean, eta sarrera librea bada ere gonbidapenak hartu beharko dira aldez aurretik, Erraldoien txokoan bertan, kontzertua hasi eta ordubete lehenagotik. Horrela, segida emango zaio jada urteko bigarren hiruhilekoko kultur agendan finkatutako zikloari. Izan ere, Maitena Muruzabal Hezkuntza eta Kulturako Alorreko zuzendariak eta Juan Luis Pérez Mitxelena “Petti” 2019ko Kantu eta Hitzari hasiera emango dion artistak goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, azken urteotan 1.000tik gora lagun bildu ditu zikloak.

Musika-estilo askotariko kontzertuak
Petti izango da Erraldoien txokoko agertokira igotzen lehena, ostegunean, maiatzak 16. Haren musikaren bereizgarri dira, oraindik ere, musikariaren ahots sakon eta ozena eta gitarra jotzeko dohaina. Musika propioa sortzen daramatzan 20 urte baino gehiagoan euskal erroak eta eragin amerikarra duten doinuak hitz barnerakoiekin nahasten ditu. Kontzertu honetan musikari ezagunez lagunduta izango da: Joseba Irazoki, gitarran; Juantxo Zeberio, teklatuan, eta Lutxo Neira, kontrabaxuan.

Olatz Salvadorrek, Skakeitan taldeko teklatu-jotzaileak, maiatzaren 23an hartuko dio lekukoa. Zintzilik bakarka egin duen lehen diskoaren kanta intimistetan barna ibilbidea osatuko du. Elkarlanetik ere baduen lana da, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek hitzetan lagundu baitiote, baita Maria Bustos (Eraul), Jon Basaguren (Izaki gardenak, Libe), Juantxo Arakama (Glaukoma), Edorta Salvador eta Iñaki Salvador (Mikel Laboa, Benito Lertxundi) musikariek ere, besteak beste.

Musika-estiloa aldatuta, ondorengo astean, maiatzaren 30ean, ostegunarekin, Rolan & Loop abestiak entzuteko aukera izango dugu: Rolan Garcésen lehen bakarkako diskoa. Rolan folk, country eta blues estiloetan murgildu da disko horretan, nahiz eta aurretik rock&rollean aritu, Iruñeko zenbait talderekin aritu ere (Astrovandals, Granero Distorsion, Lex Misterio, Gravelites). Norberaren zein inguruaren askatasuna, barne-gatazkak eta garena izateko ikasitakoa dituzte hizpide diskoaren abestiek.

Musika mota desberdinetan barnako ibilbidean aurrera, Kantu eta Hitzak Maite Larburu ekarriko du Erraldoien Txokora. Hernanin jaioa eta profesionalki antzinako musikan jarduten delarik, biolin-jotzaile hau sorterriaren eta Amsterdamen artean, batetik bestera, bizi da. Neighbor izeneko bikotea sortu zuen Estatu Batuetako Josh Cheatham zangobiola-jotzailearekin, eta harekin bi disko kaleratu zituen; bietan hurbiltzen ziren folk, bossa eta jazz estiloetara, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestutako kanten bidez. Ekainaren 6an, Iruñean, bakarka egindako lehen lana aurkeztuko du: Hezurren azpian, euskarazko hamaika kantaz osatua.

Ibilbide luzeko musikariak, Kantu eta Hitza zikloaren kartela osatzeko
Kantu eta Hitzaren azken txanpan, musika-ibilbide luzea duten artistek osatuko dute programazioa. Ekainaren 13an, Maddi Zubeldia abeslari eta idazle ziburutarraren txanda izango da, H-Eden taldearen sortzailearena. Kontzertuaren ardatza bakarka egindako azken diskoa izango da, Zimurrak baleki, non musika eta olerkia folk-giroan uztartzeko nahia agertzen baitu.

Xabier San Sebastianek, Izotz eta Alboka taldeetako kide izandakoak, 2004an ekin zion bakarkako ibilbideari, eta ordutik igaro diren urteetan esperimentaziora hurbildu da, folk eta rockean ere aritu ostean. Ekainaren 20an izango da haren emanaldia. Eta amaitzeko, ekainaren 27an, Peio Ospital: euskal kulturaren ernaberritzean parte hartu zuen intelektuala, 60ko hamarkadako aldarri-kanten bidez. Pantxoa Carrèrerekin batera 40 urte baino gehiago kantuan aritu ostean, lehen bakarkako lana aurkeztuko du: Arnasa... Hatsa... Bizia...

 

KANTU ETA HITZA 2019. FORMATU TXIKIKO KONTZERTUAK EUSKARAZ


Ostegunetan. Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72)
 20:30ean. Gonbidapenak, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.


•    Maiatzak 16: Petti. Bonberenean zuzenean
•    Maiatzak 23: Olatz Salvador. Zintzilik
•    Maiatzak 30: Rolan Garces. Rolan & loop abestiak
•    Ekainak 6: Maite Larburu. Hezurren azpian
•    Ekainak 13: Maddi Zubeldia. Zimurrak baleki
•    Ekainak 20: Xabier San Sebastian. Zuhaitzak ez du beldurrik
•    Ekainak 27: Peio Ospital. Arnasa...hatsa...bizia...

 

¿Te ha sido útil esta página?