Duela urtebete pasatxo abiatu zen Iruñeko Alde Zaharreko hiri-baratze komunitarioa, hiriko lehena, Pellejerías zokoan kokatuta. Azaroan, Udalak gune horretako zorua erabiltzeko baimena eman zion eskaera egin zuen elkarte bakarrari: Piparrika Elkartea. 12 hilabete baino gehiagoko lanaren ostean, baratze bihurtu da 1.500 m2-ko espazio hori, Jarauta kaleko 5ean zegoen eraikina eraitsi osteko orubea, zeinak zenbait zuhaitz eta putzu zahar bat baititu.
Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek baratzean bereizitako sei kontzeptu-gune hauen arteko desberdintasunak atzeman ahal izan dituzte: ekoizpen-baratzea, sendabelarrena, hazitegia, hezkuntza-xedeetarako baratzea, konposta egiteko gunea eta topalekua, bilerak egiteko eta lana koordinatzeko. Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko Alorreko zuzendari Camino Jasok udal-teknikariekin eta La Piparrikako bozeramaleekin batera eman du baratzearen funtzionamenduari eta horri lotutako zerbitzuei buruzko xehetasunen berri.
Une honetan baratzea 200 m2-ko gune bat da, eta honela osaturik dago: haziendako eta usain-belarretarako lau alor, "eguzkiko" bederatzi, laboreak txandakatzeko alor biribil bat, "itzalpeko" hiru eta lorategi jangarri bat. Urtean zehar lortutako produktuak autokontsumora eta gizarte-xedeetara soilik bideratzen dira. Horrez gain, lorategi bertikal bat eraikitzen ari dira, berdez tapizatutako horma bat. Hori egiteko ainguratze-sistema bat instalatuko da, zulatutako 2 litroko plastikozko botilak bata besteari lotuak hodietara briden bitartez, horrela landareak bata bestearen ondoan jarrita. Egitura hori baratzearen sarrerako horman paratuko da Udalaren Arotzeria eta Altzarigintza programako ikasleak lanean ari dira gune semiesferiko estali bat eraikitzeko, bertan zenbait jarduera egin daitezen.
Martxoan, tomateak eta pikillo-piperrak
Duela urtebete abiatu zenetik eta laboreen urteko plangintzarekin bat, landatu eta erein dira, besteak beste, urazak, erremolatxak, aza gorriak, ziazerbak, zerbak eta kardua. Bisita egin dutenek ikusi dituzten laboreak neguko barazkiak izan dira, eta horien hazitegiak egiten ari dira, ugaltzeko; laster, baina, hurrengo urtaroko laboreak landatzeari ekin beharko zaio: tomateak, pikillo-piperrak, baratxuriak... Alorretan laserrez landutako zuraz egindako kartelak daude, eta Aldezar elkarteak lagatako makina batekin egin dira. Espezie bakoitzaren izena gaztelaniaz, euskaraz eta braillez ageri da. Arloen oinarri diren oholetan erabilitako berniz eta pinturak ekologikoak dira, eta eraikuntza-materialak, berrerabilitakoak.
La Piparrika elkarteari egindako emakidak zenbait baldintza ezartzen zituen baratzea lantzeari dagokionez: nekazaritza ekologikoaren arauekin bat egitea (tokiko landareen barietateak hautatu, sintesi kimikoko produktuen erabilera baztertu, labore-txandaketa egin eta ura modu eraginkorrean erabili, besteak beste), tokian bertan konposta egitea baratzeak sortutako hondakin begetalekin, eta baratzea garbi edukitzea.
Baratzean badira ere hozkailu bat, eta hori da book crossing gunea, hots, liburuak trukatzekoa (liburuak hartu eta uzten dira, modu librean), zenbait eserleku eta paletekin egindako beste zenbait figura. Une honetan, Iruñeko Udaleko Arotzeria eta Altzarigintza programako ikasleak zurezko egitura semiesferiko bat osatzen ari dira baratzearen atzeko partean, eta topagune estali gisa erabiliko da laboreen-gunearekin eta auzoarekin lotutako jarduerak gauzatzeko.
Auzolanean aritzeko gune soziala
Agian, hiri-baratzearen kontzeptuaren ezaugarririk bereizgarriena komunitate-, gizarte-, hezkuntza- eta jasangarritasun-balioak sustatu nahi dituen "ekoizpen" gune bat lortzeko asmoa da. Zentzu horretan, Udalbatzari jakinarazi zaio baratzea jardunean edukitzeko beharrezkoak izan direla hiru batzar, 20 bilera, bi auzo-topaketa, lantaldeen 27 bilera, bai eta egiaztapen-bisitak antzeko baratzeetara ere. Izan ere, Pellejerias zokokoa bezalako baratze baten nekazaritza-kudeaketak bateratua behar du, komuna eta autogestionatua.
Kudeaketaren koordinazioaz harago, auzoan gizarte, hezkuntza eta aisialdirako topagune izatea bilatu du baratzeak. Orain arte bederatzi jarduera antolatu dira adingabeendako: hazien eta paleten inguruko lantegiak (2), txokolate-janak eta pintura-saioak (6) eta ipuin-kontaketa saio bat. La Piparrikako kideek gidari-lanak egin dituzte ikastetxe, egoitza edo fundazioek egindako 28 bisitetan, eta lantegi eta jardunaldiak gainbegiratu dituzte. Halaber, auzolaneko 25 saio koordinatu dituzte. Baratzeko arduradunek laguntza eman dute, baita ere, zenbait festa-jarduera programatzerako orduan: Jarautako festak, Aldako San Fermin, Alde Zaharraren Eguna, Olentzero, Arimen Gaua eta Aldezar elkartearen urteurrena. Gainera, elkarteak sare sozialen bidez egin nahi du lan pedagogikoa, eta Facebooken profil bat dauka, 756 lagunekin.
Baratzearen kostua
Baratzea martxan izateak Iruñeko Udalari eragiten dion kostua 17.500 euro ingurukoa dela kalkulatzen da. Proiektuaren hasieran Udalak lurzorua txukundu zuen, jarduketa txiki batzuk eginez: agregakinak bota ziren azalean, sarrerako burdin-hesia ordeztu zen eta baratzea Kondestablearen jauregiarekin lotzen duen irteera-arrapala hobetu zen, betiere larrialdietarako irteera den aldetik bete beharreko irizpideei jarraiki. Lan horien kostua 11.017 euro dela kalkulatu da. 2018. urtea hasi zenetik, 138,43 euro eskatu zaizkio Udalari.
Iruñeko Udalak 840 eta 5.504 euro inbertitu zituen materialetan 2016an eta 2017an, hurrenez hurren. Bada, La Piparrikak material batzuk berrerabili dituen arren (paletak, zurak, etab.), material gehienak Udalak jarri ditu Hiri Ekologikoaren Zerbitzuaren bitartez, Alor horretan egiten baita albaran guztien jarraipena.
70eko hamarkadaz geroztik hiri-nekazaritzako proiektuak beste esparru hauekin lotu dira: autogestioa, tokiko garapena, narriatutako eremuen hobekuntza, gizarteratzea, komunitatearen sendotzea eta ingurumen hezkuntza. Gainera, hiriak jasangarriagoak egiteko aukera ematen dute, eta hirietako biodibertsitatea babestu. Duela zenbait egun Iruñeko Hiri Baratzeen Plana aurkeztu zen, zeinak xede baitu 2018an lau hiri-baratze berri sortzea Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Mendebaldean, Pellejerías zokoan denaren parekoak. Planak 10.000 euroko inbertsioa aurreikusten du hirian sortzen den baratze bakoitzeko.