
La lenteur (Geldotasuna), izen hori eman dio Paul Alexandre artista frantsesak bere azken argazki-erakusketari, eta horrela, hitz hutsaren bidez, bisitaria eramaten du egungo gizartearen bizitza-erritmoari arrotz zaion leku lasai eta atenporal batera. Erakusketa, 50etik gora argazki dituena, gaur inauguratu da Ziudadelako Mistoen Eraikinean, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariaren eta Tessa Demichel diChroma Photograpy-ren erakusketa-arduradunaren eskutik. Urtarrilaren 19a arte egonen da ikusgai, Ziudadelaren ohiko ordutegian, hots, asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketak artistaren 63 argazki ekarri ditu guztira Iruñera, eta horietan edozein denbora-erreferentzia uzten dute bazter, bai zuri-beltzeko hautuak bai xehetasunen aldeko apustuak. Polaroid argazkien bidez Paul Alexandrek noraezera, denboraz kanpoko unera darama bisitaria. Bat-bateko argazkiek itzalak, hostoak, hodeiak, haurrak jolasean eta hiri-eszenak irudikatzen dituzte, xehetasunak islatu nahian eta eszena behatzen duenarengan zerbait iradoki nahian, ausazkoan magia eta arruntasunean apartekotasuna bilatzeko asmoz, prentsaurrekoan Tessa Demichelek deskribatu duenez.
Denbora birsortzea
Erakusketan Paul Alexandrek azken hamabost urteetan bere kameraz hartutako argazkiak bildu dira. Erakusketa intimista da, oso lan minimalistak hartaratutakoa, eta irudi bakoitza poesia bihurtzen duena. Argazkiak artistaren adiskidea den Celine Walterrek idatzitako testuez lagunduta ageri dira. Anne Morin diChroma Photographyren zuzendariak eta erakusketaren komisarioak erakusketari buruz argitaratutako liburuan esaten duenez “argazki hauetariko bakoitzak denboraren modu bat birsortzen du tentsio eta askapenen arteko jolas sotil baten bidez”. Paul Alexandrek hartutako argazkiek ez dute denbora astronomikorik. Aitzitik, nolabaiteko diakronia bilatzen dute, edozein jarraitutasun linealetatik ihesi.
Argazkiek arte bihurtzen dituzte ohiko irudi ustekabekoak, arreta handiz zainduta hala enkoadraketa, argia eta forma nola eszenan harrapatzen den unea bera. Leiho ireki bat, erdi-irakurria dagoen liburu bat, zabu bat ageriko gabezia batez ez baitu inork bultzatzen; horiek dira artistaren keinu txikiak, bisitaria gaur eta orainetik aldentzera daramatenak, eta zehaztugabeko garai batera zein errealitate sinple baina iradokitzaile batera bidaiatzera.
Paul Alexandre eskultore, argazkilari eta idazle frantsesa da, diskrezioa bere bizitza-estiloaren ardatz egin duena. Jendaurreko edozer agerralditik ihesi eta teknologia berriekiko arrotz, urteak daramatza Alpeetako herri txiki batean bizitzen, Interneterako konexiorik gabe, eta uko egiten dio jendaurreko ekitaldietan agertzeari. Bizitza eta izadiaren xehetasun txikiei buruzkoa da haren lana, eta horiexek islatzen ditu bere argazki eta eskulturetan. Berriki L’Isle Sur la Sorgue (Frantzia) udalerriko Campredon Arte Zentroan erakutsi ditu lanak, Jessica Lange aktorearekin egindako erakusketa batean.