Paseatzeko gune berri batek Etxabakoitzeko iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu igarobide natural txiki baten bidez

Paseatzeko gune berri batek Etxabakoitzeko iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu igarobide natural txiki baten bidez
Baratze ilegalek betetzen zuten eremu publikoa da, eta Udalak azken hilabeteotan berreskuratu egin du

 

 

Etxabakoitzek gune natural berri bat du aisialdirako eta paseatzeko, eta auzoaren iparraldea eta hegoaldea lotzen ditu. Titulartasun publikoko eremua da, azken hamarkadetan legez kanpoko baratzeek hartu dutena, eta duela hilabete batzuetatik hona Udalak berreskuratu du, herritar guztiek erabil dezaten. Zuhaixkak eta zuhaitzak landatzeari esker, eremua basoberritu egin da, eta bide natural txiki bat sortu da, besteak beste, grafiosiarekiko erresistenteak diren hogei zumar iberiko dituena, espezie hori genetikoki hobetzeko programa nazional baten parte direnak.

Ipar Etxabakoitzeko Remiro de Goñi kalearen atzealdeko pasealekutik irits daiteke pasealeku natural berrira, edo Elortz ibaiko ibai-parketik, auzoaren hegoaldean. 3.000 metro koadro inguru dira, eta horien artean daude udal-bide publiko gisa tipifikatutako lursailak eta Elorz ibaitik gertu dagoen lurzati bat (2358 zenbakia duena). Eremua basoberritzeko landaketak zortzi metroko landaketa-marko baten bidez egin dira bidean, eta bi lerrokadura eratu dituzte erdiko bidearen bi aldeetan. Landaketaren dentsitatea 0,4 zuhaitz metro koadro bakoitzeko izanen da, eta zuhaixka bana metro koadroko.

Zumar iberikoa berreskuratzen laguntzeko tokia

Bertan landatu diren espezien artean grafiosiarekiko erresistenteak diren hogei zumar daude, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioari eskatu zaizkionak. Ministerioak tokiko entitateen eskura hautatutako zazpi zumarren klonak jarri ditu, gaitz horrekiko erresistenteak eta baliabide genetikoak hobetzeko ikerketa programa baten parte direnak. Leheneratze-lanak osatzeko, Iruñeko klimari lotutako landaretza potentzialeko beste zuhaixka-espezie batzuk eta zuhaitz gehiago landatu dira, hala nola ametz ilaunduna, artea, astigarra, urkia, intxaurrondoa, serbala eta ibaiertzari dagokiona: lizarra eta haltzak, eta zuhaixken artean, sahats hauskara, lonicera, marmaratila, crataegusa eta patxarana, biodibertsitatea indartzeko.

Zumar iberikoen baliabide genetiko horiek kontserbatzeko, landan hautatutako aleak ugaltzen dira (hazien edo aldaxken bidez), eta, ondoren, kontserbazio-bankuetan landatzen dira. Landaketa horiei esker, beste alderdi biologiko eta ekologiko batzuk azter daitezke. Ex situ kontserbazio-bankuak dira, eta bertan zumar espezie guztien aleak eta Espainian duten banaketa-eremu osoa ordezkatuta daude. Asmoa da zumar iberikoen dibertsitate genetikoa ez galtzea, naturan ez baitago alderdi hori bermatuta.

Duela hiru hamarkada ilegalki okupatutako eremu publikoa berreskuratzea

Kalkuluen arabera, duela 30 urte hasi ziren lurzati horiek legez kanpoko baratzeekin okupatzen. Denbora horretan, udal-espazioa modu pribatuan erabiltzen aritu direnek inolako kontrolik gabe kendu dute inguruko landaretza, zuhaixkak eta zuhaitzak erauzi dituzte, hodiak eta motoponpak jarri dituzte ibaitik ura lortzeko, eta bidea oztopatu dute hainbat hondar-material eta hondakinekin.

Lurzoruaren okupazioa ez zetorrenez bat jabetzaren mugekin, Udalak egin behar izan duen lehen lanetariko bat leheneratu aurreko mugaketa izan da. Ondoren, lurra egokitzeko lanak egiten hasi dira, gero landaketa egiteko.

¿Te ha sido útil esta página?