Partekatzen dugun iragan urrun baten soinu banda zuzenean esperimentatzea eta musika nola eratu den ulertzea: horra ‘Iruña Ilunabarrean’ zikloaren ostiralerako proposamena

Partekatzen dugun iragan urrun baten soinu banda zuzenean esperimentatzea eta musika nola eratu den ulertzea: horra ‘Iruña Ilunabarrean’ zikloaren ostiralerako proposamena
Neønymus O-ko Andre Mariaren plazara bueltatuko da denboran barnako bidaia baten akordeekin, antzinakoaren eta teknologiaren arteko zubilana eginez

‘Ilunabarra Iruñean’ zikloa aurrera doa ostiralean 20:00etan O-ko Andre Mariaren plazan Neønymusen “Viajeros del Tiempo” ikuskizunarekin. Laugarren jarduera da Iruñeko Udalaren udako programazioaren barruan bosgarren edizioa eginen duen zikloan aurten aurreikusitako bost saioetatik. ‘Ilunabarra Iruñean’ zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak uztartzen dituen familiendako programa bat da.

Neønymusek bihar, ordubete iraunen duen kontzertu bat eskainiko du. Denboran eta emozioetan barna nabigatzeko esperientzia bat izanen da, itsas sakonetik hasi eta gaur egunera arte, oinarri zehatz batekin: giza zelulak oroitzapenen gordailua dira izarren jatorritik abiatuta informazioa biltzen historia zeharkatzen dutenak. Saioan teknologia elektronikoa eta ezohiko instrumentuak (hezurrezko txirulak, plastikozko hodiak, itsas kurkuiluak, adarrak, sardexkak eta abar) uztartuko dira.

Neønymus Silverius de Uraren musika-proiektu berezia da eta ziklo honen aurreko edizioetan ere izana da. Gizon batek bakarrik, loop station baten teknologiari esker biderkatutako bere zuzeneko ahotsarekin, musikaren historia zeharkatzen du soinuak eta erritmoak sortzeko balio duen guztia erabiliz, bere arnasketatik edo ur-tantetatik hasi eta objektuak (hezur bat, zuhaitzak edo hodiak) kolpatzeraino. Horrekin guztiarekin, xamanen kantu erritual difonikoetatik hasi eta egungo hitetaraino iristen diren doinuak konposatzen ditu.

Neønymus Iruñera iritsiko da uda honetan zehar era askotako tokietan kontzertuak ematen aritu ondoren, hala nola Paleolitoko eta Burdin Aroko arkeologia-aztarnategietan, basoetan, auditoriumetan, gazteluetan eta Palentziako katedralean.

Jakin-mina eta sentiberatasuna elkartzen direnean

Silberius de Ura Burgosko hiriaren eta haran basati batean kokatutako herrixka txiki baten artean hazi zen, etxeetan elektrizitaterik eta ur-korronterik gabe, non ibilgailuen sarbide bakarra egoera txarrean zegoen bide bat baitzen, eta agian XX. mendeko modernitatearen eta landa-bizimodu soil eta ia erdiarotarraren arteko kontraste hori izan zen Silberiusek teknologia eta primitibotasuna uztartzearekin duen liluraren arrazoia.

“El espíritu de Lúgubre” desagertutako gaztelar-leondar folk taldearen alma materra izan zen, eta 2010etik aurrera espiritualtasunaren eta teknologiaren erdibideko ikerketa- eta esperimentazio-proiektu pertsonal bati ekin zion. Santo Domingo Silosko Monasterioan grabatutako bere “Ø” diskoa bitan izan da 1. postuan Amazon.es eta iTunes(es)-en munduko musikako zerrendetan. Bere ibilbidean nazioarteko bi FETEN sari jaso ditu, konposatu dituen soinu bandek izan dituzten aintzatespenez gain.

Bere proposamenaren berezitasunak ez du hotz uzten eta aldeko kritika ugari bereganatu ditu, hala ikastetxeetan ematen dituen kontzertu didaktikoengatik, nola publiko heterogeneoagoari zuzendutako kontzertuengatik. Besteak beste, Moskun, Parisen, Venezian eta Lisboan abestu du.

IRUÑA ILUNABARREAN

O-ko Andre Maria plaza

20:00

Sarrera librea

Abuztuaren 20ra bitarte

Abuztuak 13, ostirala

  • VIAJEROS DEL TIEMPO. Neønymus. Musika eta teknologia

Abuztuak 20, ostirala

  • REDOXIDABLES. Circonciencia. Zirkua