Parmako bastioiko lanetan Arrotxapeko portaleko taula altxagarriarekin lotzen zen "habe etzaneko zubiaren" arku bat aurkitu dute

Parmako bastioiko lanetan Arrotxapeko portaleko taula altxagarriarekin lotzen zen "habe etzaneko zubiaren" arku bat aurkitu dute
Aurrera doaz berritzeke geratzen den Iruñeko azken gotorlekuko lanak eta Espainiako Gobernuaren finantzazioa dutenak



Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Parmako bastioia eta behe-bateria birgaitzeko lanak aurrera doaz, aurreikusitako erritmoan. Gaur goizean Udaleko Hirigintza Batzorde eta Gerentziako kideak, Enrique Maya alkatearekin batera, gotorlekua bisitatu dute lanen gauzatzearen egoera ikusteko eta horien jarraipena egiten duten udal-teknikarien, proiektua idatzi eta zuzendu duen taldearen, Marta eta Miguel Monreal Vidal arkitektoen eta Construcciones Leache obren arduradunen azalpenak jasotzeko.

Obrak egin bitartean, Iruñeko gotorlekuaren jatorrizko trazadura osatzen jarraitzen duen aurkikuntza bat egin da: beheko bastioiaren eta aurrez aurre duen hormaren arteko lubanarroan adreiluzko arku bat agertu da, habe etzaneko zubiaren azken zatia izanen litzatekeena (lubanarroaren gainean altxatzen den eta lurraren gainean zimendatzen den egitura finkoa), Arrotxapeko portaleko zubi altxagarrira sartzeko.

Birgaitze hori irailean hasi zen, eta hiriko gotorleku-multzoaren zaharberritze-lanekin amaitzea dakar, Ziudadelak eta hiriko harresiek osatzen duten ondare-multzoa berreskuratzeko hainbat hamarkadatako lanen zikloa itxiz. Hiriko harresi-barrutia eta Alde Zaharra 1968ko apiriletik aitzina “Multzo historiko-artistikotzat” hartzen dira, eta harresiak zehazki, Udalaren Interes Kulturaleko Ondasuna kategoria duten ondare-ondasunak dira, Udal Planarekin bat.

Lan horiek 904.225 euroko aurrekontua dute, baina Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak bere gain hartuko ditu 646.375 euro (guztizkoaren % 65) “% 1,5 kulturala” dirulaguntza-programaren bidez. Esku-hartzea uztailaren amaieran bukatuko da, eta hiriko plan estrategikoaren (2030 Estrategia) helburuen parte da, izan ere, hiriko kultur ondarea berreskuratu eta kontserbatzeaz gain, hiri-paisaiaren hobekuntzan, eta zehazki, Alde Zaharraren eta Ibai Parkearen hobekuntzan eta hiriaren posizionamendu turistikoan eragina izanen du, eta baita sektoreko enpleguaren hazkundean.

“Habe etzaneko zubia”

Behe-bateriako obretan zehar, zehazki lubanarroaren parean, aurkikuntza bat egin da: adreiluzko arku bat agertu da eta ikerketen arabera, “habe etzaneko zubiaren” azken arkua izan liteke, Arrotxapeko portaleko kanpoko aldea ixten zuen zubi altxagarriaren taularekin lotzen zena, pasabide gisa. Aurkikuntza hori bertatik bertara aztertu dute dagoeneko Vianako Printzea Erakundeko teknikariek. Habe etzaneko zubia lubanarroaren gainean eraikitako luzera-elementu bat da, eta bertan sostengatzen da ate batera daraman zubi altxagarriaren taula. Zubia adreiluzko arkuz osatuta eta lurraren gainean zimendatuta dago, eta atera sartzeko pasabidearen atal finkoa litzateke, Laguntza Ateko zubitik Ziudadelara doan sarbidearekin gertatzen den bezala.

Arrotxapeko portalea XX. mendearen hasieran (1915) kendu zuten herritarrek gaur egun Portale Berriko Jaitsiera deitzen den aldapatik gurdi eta ibilgailu motordunen bidez erdigunera iristeari buruz egindako protesten ondorioz. Barruti gotortura sartzeko ateetako bat zen, eta hura ixteko aukera ere ematen zuen, bai eta hirira sartzen ziren salgaien gaineko bidesariak kobratzekoa ere. Ikerketen arabera, ate horrek Frantziako Portalearen egitura bikia izanen zuen, elkarren segidan, angeluan, zeuden bi aterekin eta “Derché maniobra” egiteko beharrezko engranajeak ere izanen zituen. Jatorriz ate hartakoa zen Karlos V.aren armarria bere garaian lekualdatu zen, eta gaur egun,1950ean Víctor Eusak egin zuen Portale Berrian ikus daiteke.

Agertu den arkua San Domingoko aldaparen eta Portale Berriaren Jaitsieraren arteko elkargunean dago eta aurkitzeko hiru indusketa-lan behar izan ziren.

Behe-bateria: bost kanoi-zulo

Une hauetan, dagoeneko berreraiki dira teknika modernoagoekin baina jatorrizko eraikuntza errespetatuz, bost kanoi zuloen ertzak eta parapetoak. Horien aztarnak Beheko bastioia (Eskortak) ezkutatzen zuen landaredia kopuru handi bat kendu ondoren aurkitu ziren. Elementu horien harlanduz fabrikak Ezkaba motako harriarekin (kalkarenita) hornituko dira, akabera pitzatuarekin, dagoenaren antzerakoa, eta barneko aldean, antzinako adreiluarekin, zehar-sahieska jarrita.

Harrizko fabrika berriz elkartu da gotorleku osoan erabili den nahasketa berarekin: ura, karea, Puente la Reina de Jacatik ekarritako ibaiko hondar beltz garbitua eta Andosillako okre harea. Une hauetan, xafla geotestila jartzea eta landare-lurrezko geruza batez betetzea falta da belardi natural bat ereiteko, eremu berde jasangarria izanen dena, mantentzeko premia txikia duelako.

Halaber, egiturazko elementuak finkatu dira gotorleku horren oinarrian, harresia irmotuz eta izkinaren atal bat berreraikitzeko materiala birjarriz, eta eremu horretako zuhaitzen sustraiek mugitutako harlanduak birkokatu dira. Landarediak elementuaren profila desitxuratzearen ondorioz zenbait tokitan jada ez zen jatorrizko konfigurazioa ikusten.

Lanak bastioiaren goialdean

Une hauetan lanak aurrera doaz, bereziki gotorlekuaren goialdean fokalizatuta, hau da, Parmako bastioian zentzu hertsian. XVI. Mendetik aurrera eraikia, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eta Ingurabideko pasealekuaren amaieraren artean dago, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren parean.

Dagoeneko bastioiko malkarretako (elementuaren kanpoaldera jotzen duten bastioiko horma-atalen eremua) landaredia garbitu da, eta espazio horretan dauden zazpi kanoi-zuloen berreraikuntzan lanean ari dira, behe-baterian erabili diren prozedura, teknika eta akaberarekin.

Iruñeko gotorlekuen gainontzeko birgaitzeetan bezala, esku-hartzeak berekin dakar sastrakak kentzea, junturak pikatzea eta kaltetutako eremuak desmuntatu eta finkatzea, bai eta, behar den tokian materiala berritzea ere, paramentu guztien garbiketarekin eta argiztatzea jartzearekin amaitzeko.

 

¿Te ha sido útil esta página?