Iruñeko Udalak eta AEPJPk (Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkarteak) PARJAP 2024 kongresua antolatu dute maiatzaren 8tik 10era Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditoriumean. Foro espezializatu horrek, aurtengo edizioan, Naturan Oinarritutako Soluzioak (NOS) izanen ditu ardatz etorkizuneko apustu gisa, eta 500 pertsona baino gehiago bilduko ditu hiru egun horietan eginen diren hitzaldi, mahai-inguru eta networking jardunaldietan.
Gaur goizean, Joseba Asiron hiriko alkateak eta Pedro Calaza AEPJPko presidenteak Parke eta Lorategi Publikoen Kongresu Nazionalaren 50. edizioaren programa aurkeztu dute. Edukiak lau gai-multzoren inguruan bilduko dira, eta NOSen ikuspegitik aztertuko dira. Hala, soluzio horiek lurralde-antolamenduaren esparruan nola garatu aztertuko da, hiri mailan nola aplikatu, berdegune publikoetan nola gauzatu, eta, azkenik, aukerak eskala txikiko proiektu eta proposamenetara ekarriko dira. Hiru egun horietan, Italia, Frantzia eta Alemaniako 30 bat hizlarik, tartean aditu profesionalek eta zientzialariek, naturaren potentzialari eta onurei buruzko esperientziak eta ikerketak partekatuko dituzte hitzaldi eta mahai-inguruetan.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Pedro Calaza AEPJPko presidenteak Kongresua ofizialki inauguratu ondoren, Carlo Calfapietra Institute of Research on Terrestrial Ecosystems-eko (IRET) zuzendariak eginen du PARJAP jardunaldien inaugurazio-hitzaldia: Naturan Oinarritutako Soluzioak hiri-ekosistema birgaitzeko. Hirien birnaturalizazioa, Iruñeko Udalaren etorkizunera begirako Azpiegitura Berde eta Drainatze Jasangarriko Plana, urik gabeko lorategiak edo lurzoruaren biodibertsitatearen kontserbazioa ere gai nabarmenak izanen dira hitzaldi eta mahai-inguruetan.
Foro espezializatu hau administrazio publikoko teknikariei, mantentze- eta kontserbazio-enpresen kudeatzaileei, aholkularitza-enpresei, lorezaintza-enpresei eta graduko edo lanbide-heziketako ikasleei zuzenduta dago, eta klima-aldaketari aurre egiteko espazio berdea nola erabili pentsatzeko erronkari aurre egin beharko dio. Kongresuan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude oraindik AEPJPren webgunean.
Saio zientifikoez gain, PARJAP 2024ko programak beste jarduera batzuk ere biltzen ditu, hala nola posterrak aurkeztea, kongresua oroitzeko udal-mugartean zuhaitz bat landatzea, eta, bilkuren barruan, AEPJPko bazkideen batzarra eginen da. Horiez gain, Azpiegitura Berdeen esparruan haien zerbitzuak ezagutzera eman nahi dituzten enpresei zuzendutako erakusmahaien gune bat ere izanen da. Guztira 24 konpainiak baieztatu dute Baluarten Kress enpresaren babesarekin eta Imesapiren laguntzarekin eginen den PARJAP 2024 Kongresuan izanen direla, haien lana ikusarazi eta harreman profesional berriak eta negozio aukerak sortze aldera.
Parke eta Lorategien 50. Kongresu Nazionalari amaiera emateko PARJAP sariak banatuko dira. Maiatzaren 10ean, ostiralarekin, Iruñeko Katedraleko Errefektorioan egin asmo den kongresuaren amaierako gala-afarian eginen da sari-banaketa.
"Naturan Oinarritutako Soluzioak" kontzeptua Nazio Batuen Habitat III Hiri Agenda Berriaren eta Espainiako Hiri Agendaren parte da. Kontzeptu horrek lurralde- eta hiri-kudeaketari lotutako arazoak konpontzeko naturaren printzipioak baliatzen dituzten ikuspegiak, ekintzak edo prozesuak biltzen ditu, hala nola klima-aldaketara egokitzea eta baliabide, ura, elikagaien segurtasuna zein airearen kalitatea eta ingurunea kudeatzea. Gero eta hiritarragoa den gizarte honetan, tresna horiek frogatu dute kostuak aurrezteko eta tokiko enplegua sortzeko erabilgarriak direla, merkeak eta balio erantsia dutela, eta gainera hirien garapen bizigarriagoa lortzen laguntzen dute. NOSak bat datoz 2030 Agendaren programarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH).
PARJAP, hiriko jardunbide egokien erakusleihoa
Iruña, gaur egun, estatuko hiribururik berdeenetako bat da, natur ondare handiari esker; izan ere, 3,5 milioi metro koadro berdegune eta 120.000 zuhaitz ditu. Udal-langileen eta kontratetako langileen artean, egunero ia 150 pertsona aritzen dira berdeguneak eta zuhaiztiak zaintzen. Hiriak berdegune asko ditu, eta mota askotakoak, hala nola paisaia-diseinu landua duten hiri-parke handiak (adibidez, Yamaguchi parkea) zein berdeguneen eremu handiak (Gaztelugibeleko parkea). Azken hori berdeguneen elkargune moduko bat da hiriaren erdigunean.
Berdeguneen Zerbitzutik egiten den maneiuak eta mantentze-lanek zuhaitzen kalitatearen aldeko apustua lehenetsi dute historikoki, eta, urte batzuetatik hona, ingurunera egokitzea eta ura aurreztea ere bilatzen da. Alde batetik, telekudeaketa zentralizatuaren bidez, izan ere, Iruña aitzindaria izan zen laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran irrati bidezko komunikazioan oinarritutako prozedura ezartzen, eta bestetik, ur gutxi behar duten espezieak aukeratuz eta hiri-espazioak birnaturalizatzeko etengabe lan eginez.
Gaur egun, hiria Azpiegitura Berde eta Drainatze Jasangarriko Plan bat prestatzen ari da. Naturan Oinarritutako Soluzioak aztertzea eta horietan jarduteko proposamenak egiteko dokumentu bat izatea da plan horren asmoa, erakundearen barruan datozen urteetan zeharka garatu beharreko ekintzak markatuko dituena. Helburua: estrategikoki planifikatutako sare bat sortzea, kalitate handiko gune natural eta erdinaturalak beste ingurumen-elementu batzuekin lotzeko, ekosistema-zerbitzuak eskaini eta biodibertsitatea babesteko eta klima-aldaketaren aurrean erresilientea eta ingurune naturalarekin konprometitua den hiri baten oinarriak ezartzeko. PARJAP 2024 Iruñeak berdeguneei dagokienez dituen jardunbide egokiak aztertzeko eta munduko azken joera eta aditu onenen proposamenekin alderatzeko foroa izanen da.