Pandemiaren eraginak 2020ko udal-aurrekontuetan 10 milioi euroko kostua ekarri du

Pandemiaren eraginak 2020ko udal-aurrekontuetan 10 milioi euroko kostua ekarri du
Datua gaur goizean egindako COVID batzordean aurkeztu dute, eta ezohiko gastuak eta 2020rako aurreikusitako diru-sarreretan izandako murriztapena gehitzetik dator
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udalaren 2020ko aurrekontuek hamar milioi euro inguruko murrizketa izanen dute hasiera batean aurreikusitakoarekin alderatuta, pandemiaren eraginaren ondorioz. Gastuen igoerari –6,1 milioi euro– murrizketa handia gehitu behar zaio aurreikusitako diru-bilketan, izan ere, espero zena baino 3,9 milioi euro gutxiago bilduko dira. Datu horien inguruko zehaztapenak gaur goizean Udalak egin duen COVID batzordearen lehen bileran eman dira.

Osasun-krisiaren ondorioz, hasiera batean aurreikusita ez zeuden gastuei aurre egin behar izan zaie, krisiaren ondorio negatiboek herritarrengan duten eragina arintzeko xedez. Horrela, hasiera batean 5,1 milioi euroko ekintza plan bat prestatu zen, batez ere gastu sozialera eta ehun-ekonomikoari laguntzak ematera zuzendua; horri lotuta abiatu zen establezimendu seguru eta merkataritza-bonuen kanpaina. Halaber, plan horren barruan sartu ziren Norbera Babesteko Ekipamenduak erosteko partidak, kultur entitateei laguntzekoak eta ingurumeneko eta larrialdietarako etxebizitzen arloetan neurriak hartzekoak. Ekainean milioi bat euroko aurrekontua zuten neurri berriak ezarri ziren, besteak beste, honako hauek: jarduketak kirolguneetan horiek berriz zabaltze aldera; ekipamenduak, ibilgailuak eta bide publikoa desinfektatzeko gastuak; NBEen erosketa eta ANIMSAren diru-zuzkidura handitzea prozesu telematikoak bultzatzeko.

Bestalde, nabarmendu behar da, osasun-krisia gertatu ezean, Iruñeko Udalaren 2020ko diru-sarrerak bost milioi euro inguru handituko zirela. Hilabeteak igaro ahala eta pandemiaren bilakaera ikusita, egiaztatu da datu hori ez dela handituko; aitzitik, 1,7 milioi euro inguru murriztuko da. Eta kontuan hartu behar da koronabirusaren ondorioak iritsi osteko kalkuluek datu okerragoak iragartzen zituztela. Hain negatiboa ez den agertoki hau eman da gainbalioen eta EIOZen likidazioa ona izan delako; diru-sarrera horiek ziklo ekonomikoari lotuta daude beti, eta horiei esker pandemia piztu ondoren kalkulatutako kopuruetatik gora itxiko da urtea. Era berean, jasotako ezohiko laguntzak aintzat hartu behar dira, 2,8 milioi euro jotzen dutenak. Batez ere Nafarroako Gobernuak eman ditu laguntza horiek, baina baita entitate pribatuek ere, esaterako, La Caixa Fundazioak.

Milagrosa, Sanduzelai eta Bigarren Zabalgunea intzidentzia altuena duten eremuak

Osasun arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Iruñeko oinarrizko guneetan intzidentzia metatu altuena Milagrosak du, 2.786 kasu 100.000 biztanleko; gero Sanduzelaik, 2.783 kasu 100.000 biztanleko, eta Bigarren Zabalguneak, 2.004 kasu 100.000 biztanleko. Iruñean kutsatutakoen adinari dagokionez, nabarmendu behar da, datu horien arabera, kutsatutakoen % 16k soilik dituztela 60 urte baino gehiago. Bestalde, 30 urtetik beherakoak kutsatutakoen % 41 dira.

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren arabera, kutsapen-eredua hiriburuan Nafarroako gainerako tokietan emandakoaren oso antzekoa da, hala asintomatikoen kopuruaz nola horien lotura epidemiologikoaz bezainbatean. Kasu gehienak familia-, gizarte- eta lan-jatorria duten agerraldiekin loturik daude. Gutxi gorabehera, hiru kasutatik batean ez da kontaktu ezagunik identifikatzen eta ez dago loturarik ezein agerraldirekin. Iruñean, agerraldi-kopuru altua identifikatu bada ere, azken asteotan ez da agerraldi esanguratsurik egon.

Iruñeko Udaleko COVID batzordea eratu da

Iruñeko Udaleko COVID batzordearen lehenengo bileran aditzera eman dira pandemiak hirian osasun-, gizarte- eta ekonomia-arloetan duen intzidentziaren inguruan eskuragarri dauden datu orokorrak. Horrez gain, birusaren intzidentziak Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Ekintzako Alorretan eragin dituen behar berriak aztertu eta jakitera eman dira aurreikuspenen arabera hurrengo hamabi hilabeteetan beharko diren baliabideak. 

¿Te ha sido útil esta página?