Iruñeko Udalak azken hilabeteotan jarduera lantalde berri bat abiatu du, zeina gizarte-bazterketan dauden hiriko 300 familiari oinarrizko elikagaiak banatzeaz arduratuko baita. Horrela, alde batetik, osasun-krisia hasi zenetik zerbitzu horrek izan duen eskari handiari erantzuten zaio, eta, bestetik, gizarte enplegu babestua sustatzen da. Programa horretan parte hartzen duten bost pertsona arduratzen dira Bartolomé de Carranza kaleko udal-lokalera heltzen diren elikagaiak kudeatzeaz eta Elikagai Bankua Fundaziotik datozen familia onuradunen artean banatzeaz.
Pandemiak eragindako krisiak sortutako premiek ekarri dute Iruñeko Udalak handitu behar izatea gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonei gizarte enplegu babestuaren bidez ematen dien oinarrizko elikadura-zerbitzua. Horrela, jantoki sozialaz arduratzen zen lantaldeari hiru pertsona gehiago gehitu zaizkio, eta haien eginkizunak zabaldu dira, orain Ermitagañako puntu berritik elikagaiak banatuko baitituzte. Hala, bi lantaldeek baliabideak partekatu eta beren lanak osatzen dituzte, gizarte-premiei ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzuteko.
Banaketa-puntu berrian, lehenik eta behin, janaria jasotzen da, hamabost egunetik behin, Elikagai Bankutik edo Iruñeko Udaleko beste leku batzuetatik datorrena, hala nola Baratzezaintzako Lantegi Eskolatik. Bertan, ezaugarrien arabera biltegiratu eta familia bakoitzarendako sortak ezartzen dira, era orekatuan, jasotako produktu guztiak kontsumitze aldera. Horrela, lantalde horrek parte-hartzaileak prestatu nahi ditu, hala nola biltegiratze- eta banaketa-tekniketan, elikagaiak manipulatzeko txartela lortzean eta zeharkako prestakuntzan eta ezagutzan, programan amaitu ondoren laneratzeari baldintza hobeagoetan aurre egiteko.
Proiektu integrala, hainbat gizarte-premiari erantzuteko
Elikagaiak banatzeko udal-puntua bi entitateren arteko proiektu integrala da, Iruñeko Udalaren eta Elikagai Bankua Fundazioaren artekoa, eta une oro biztanle behartsuenak ditu ardatz. Gizarte-bazterketako egoeran dauden familia eta pertsona horiek laguntza hori behar dute bizirauteko; janariz betetako erosketa-saski horiek jasotzeaz gain, prozesuaren protagonista ere bihurtzen dira, banaketa-puntuan bertan laguntzen baitute Enplegu Sozial Babestuaren bidez, eta, Baratzezaintzako Lantegi Eskolako gazte langabeen kasuan, banatzen diren sorta horietan sartzen diren elikagaiak landatzen eta ekoizten dituzte.
Baratzezaintzako Lantegi Eskolak zerbitzu horretan parte hartzeak plus interesgarria ematen dio, eta janari-sortetan produktu freskoak eta hurbilekoak sartzea ahalbidetzen du, hala nola urazak, eskarolak, borrajak, zerbak, ilarrak eta tipulak. Horrela, ikasleen ikaskuntzak zikloa ixten du, Eskolan landatzen diren produktuei erabilera solidarioa emanez. 16 eta 30 urteko gazteentzat zuzendutako prestakuntza eta enplegurako udal-baliabide horrek jarduera teorikoa eta Arantzadi parkeko udal-mintegietan benetako praktika batzen ditu.
Gizarte Enplegu Babestuko programa enplegurako udal-programa bat da, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta, eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatua, eta Errenta Bermatua jaso eta/edo gizarte-bazterketan dauden pertsonei zuzenduta dago, non enplegagarritasuna hobetzeko lan- eta gizarte-trebetasunak ematen zaizkien, gizarteratze- eta laneratze-ibilbide baten eta lan-kontratu baten barruan.