Ariketa fisikoa, aztura osasungarriak eta bizitza aktiboa dira Iruñeko Udalak, urtarriletik ekainera arte, 50 urtetik gorakoendako gimnasia aerobiko modernoa eta yoga udal-ikastaroetan izena eman dutenen artean martxan jarri duen ‘pamPSaporte Sanus’ estrategiaren atzean dauden kontzeptuak. Bi ikastaroak eguneratu dira eta beren metodologiak egokitu dituzte ariketa fisiko osasungarriaren eragin terapeutikoaren aldeko apustua eginteko, erronken, helburu osasungarrien, aholkuen eta egoera fisikoari buruzko testen bidez.
Fernando Aranguren Gazteria eta Kiroleko zinegotzi bereziak eta Miguel Tobar Sedena SLko –yoga eta gimnasia aerobiko modernoa programen kudeaketaren esleipena duen enpresa– Kirol alorreko zuzendariak, gaur goizean aurkeztu dute ‘pamPSaporte Sanus’ ekimena, zeina 6 hilabeteko bidaia gisara ulertzen baita, yoga eta gimnasia ikastaroak amaitu artekoa. Bertan, aholkuak, trukuak eta beharrezko tresnak partekatuko dira, pertsona horiek, beren egunerokotasunean, bizimodu sedentarioari aurre egiteko, ongizate orokorra hobetzeko eta bizi-kalitate hobea izateko ohitura onak har ditzaten. Hala, Osasunaren Munduko Erakundeak ariketa fisikoari eta aztura sedentarioei buruz adin tarte bakoitzarentzat gomendatutako gutxienekoak ere lortzen ahalko dira.
‘pamPSaporte’ estrategia berri hori Iruñeko Udalak lizitatutako eta Sedena SLri adjudikatutako Yoga eta Gimnasia Aerobiko Modernorako bi kontratu berrietatik eratorri da. Bi hamarkadatik gorako ibilbidearen ondoren, edukiak eta metodologiak eguneratu dira ariketa fisikoaren ikuskera terapeutikoagoa sustatzeko xedez. Ariketa Fisiko Kuantifikatu eta Saritua bezalako metodo berritzaileak sartu dira, eta eskolak kontzeptu berrietara egokitu dira, hala nola, ‘Hatha-Yoga’ 50 urtetik gorakoendako yogan, jarduera fisikoak musika erritmo-oinarriekin, norberaren pisuaren indarra edo pisu txikiak, tonifikazioa eta gorputz-enborreko eta zoru pelbikoko muskuluak indartzea gimnasia aerobiko modernoan.
Une honetan, gimnasia aerobiko modernoko ikastaroan 818 parte-hartzaile daude, eta 651 pertsonak eman dute izena yoga ikastaroetan. Lehen aldiz, ikastaro horien 25 urte baino gehiagoko ibilbidean, Iruñeko Udalak ikasgela bakoitzeko ratioa 35 pertsonara murriztu egin du. Hala, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun neurriak betetzeaz gain, ikastaroen kalitatea hobetu nahi da.
Hileko libreta, erronkak eta gomendioak
Eskoletako berezko jardueraz gain, ‘pamPSaporte Sanus’ estrategia berriak hilero hiru ekintza egiteko aukera ematen du. Lehengoak, hain zuzen ere, ‘pamPSaporte-arekin’ zerikusia du; hileko libreta bat da, banakakoa, non ariketa fisikoarekin, elikadurarekin, atsedenarekin eta ongizatearekin lotutako helburu batzuk proposatzen baitira. Helburu horien kontrola pertsona bakoitzak eraman dezake, modu horretan, horiek betetzen dituen baloratu ahal izateko. Urtarrilean, honako hauek dira proposamenak: astean hiru egunetan fruta-ale bat sartzea gosarian, 10.000tik 15.000 pausora bitarte egitea astean bost egunetan eta mugikorrean ‘hegazkin modua’ jartzea oheratu baino ordubete lehenago, astean hiru egunetan.
Bigarren ekintza eduki osagarriekin lotuta dago, hilero aldatu eta libretaren atzealdean jarrita daudenak. Bost proposamen eginen dira, dibulgazio-informazio gisa, ohitura osasungarrietan hezteko edo motibazioa areagotzeko, hileko helburuak lortze aldera. Adibidez, eskailerak erabiltzea igogailuaren ordez, geldialdi bat lehenago jaistea gehiago ibiltzeko, oinez joatea erosketak egitera eta asteburuan paseatzera ateratzea telebista ikusten geratu beharrean. Urtarrileko estrategiaren webgunean elikadura zaintzeko sukaldaritza errezeta osasungarriak argitaratu dira ere.
Erronkak hilero eta egoera fisikoari buruzko testa, nahi duenarentzat
Azkenik, hilero bi erronka ezarri dira, hala banakakoak nola kolektiboak, eta horien bidez estrategiarekiko fideltasuna sortzea da xedea. Esaterako, urtarrileko banakako erronkak 24 ordutan 20.000 pauso egitean datza, hau da, egun bakar batean 20 kilometro baino gehiago ibiltzea. Erronka kolektiboaren helburua pauso horiek batzea da, parte hartzaile guztien artean munduari bira bat ematen saiatzeko. 40.000 kilometro inguru eta milioika pauso behar dira helburu hori lortzeko.
Bigarren ekimena, yoga eta gimnasia aerobiko modernoa udal-programen diseinu metodologiko berriari lotuta dago eta egoera fisikoari buruzko test bat ezartzean datza. Kontua da egoera fisiko hori neurtzea ikastaroak egiten diren aldiko bi unetan, emaitzak alderatzeko. Ikasle bakoitzak erabakiko du testa egin edo ez. Roberta E. Rikliren y C. Jessie Jonesen ‘Senior Fitness Test’ testaren azken edizioa erabiliko da. Test horiek egiteko, Sedenako langileak (programen enpresa adjudikazioduna) ikastaro espezializatuen bidez prestatzen ari dira.