‘PamploSound’ onlineko musika jaialdiaren udaberriko edizioa aurkeztu da, hemengo 58 artistek interpretatutako 10 abesti berrirekin

‘PamploSound’ onlineko musika jaialdiaren udaberriko edizioa aurkeztu da, hemengo 58 artistek interpretatutako 10 abesti berrirekin
Inaugurazio-ekitaldian Anne Lukinek eta Los Tenampasek abestietako bat jo dute eta dagoeneko denak daude eskuragarri pamplosound.es webgunean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak ‘PamploSound’ onlineko musika jaialdiaren bigarren edizioa abiatu du, oraingoan, udaberriarekin lotutako inguru batean. Bertako 58 artista elkarlanean aritu dira musika-proposamen hau osatzen duten hamar abestiak sortzeko. Musika ulertzeko oso estilo eta modu ezberdinak batzen dituen proposamen honekin gozatu daiteke dagoeneko pamplosound.es webgunearen bidez. Jaialdiaren jendaurreko aurkezpena Ziudadelako Armen Aretoan egin da, bertan, parte hartu duten artistak eta Udaleko udal taldeen ordezkariak izan dira, eta Anne Lukinek eta Los Tenampasek “Quisiera”, jaialdirako sortu duten abestia, zuzenean interpretatu dute.

Jaialdia guztiz online bada ere, Ziudadelako Armen Aretoan egin da ekimenaren jendaurreko aurkezpena, zeinetara abestien sorreran parte hartu duten artistak zein udalbatzako kideak gonbidatu baitira. Maria García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak hartu du hitza ‘Udaberriko PamploSound’-en xehetasunak azaltzeko. Izan ere. jaialdia Udalak sustatzen du musikaren sektoreari laguntzeko bide gisa, osasun krisiaren ondorioak bereziki pairatzen ari baita kontzertu eta ekitaldi jendetsuak egitea ezinezkoa delako. Bidenabar, gainera, herritarrek modu seguruan eta edozein une eta tokitan gozatzen ahal dute Iruñeko artisten sorkuntzez.

Aurkezpen ekitaldian, Anne Lukin artista zuzenean aritu da, Los Tenampas taldearekin batera PamploSounderako prestatutako kanta interpretatuz. Iruindarrak  Operación Triunfoko akademiatik atera bezain laster konposatu zuen “Quisiera” kanta, sorterriko bere jendemina erakusteko. Pandemiaren hasieraren ondorioz letra horiek ez zuten ibilbide luzeagorik izan, harik eta proposamen honek haietaz gogorarazi eta kutxatik aterarazi zion arte, aire berri bat emateko. Berak bolero antza hartzen zionez, Los Tenampas taldekoei laguntza eskatu zien eta elkarrekin malenkonia eta norberaren erroekiko maitasuna gogora dakartzan abesti hau sortu zuten.

PamploSound, musika sortzeko modu ezberdina hiriko artisten elkarlanari esker

‘PamploSound’-en balio erantsia sormen artistikoaren aldeko apustua eta sustapena da. Ez da artistek eta musikariek bakarrik abestiak interpretatzen dituzten jaialdi bat; izan ere, artistek nahi dituzten abestiak sortzen eta berrikusten parte hartzen dute. Zentzu horretan, Udalak musikaren sektoreari, abeslariei zein musikariei, lagundu ez ezik, tokiko artistei ere balioa eman nahi die, bere sormena erakusten lagunduz, eta horrela gure herrialdean dugun sormenerako moldakortasun handia eta musika-aberastasuna erakutsiz.

Oraingoan, hainbat estilotako taldeak –popa, rocka, klasikoa, rapa, soula, indiea, ska, stonerra, mariatxiak eta brass band bat– elkartu dira, konposatzeko, entseatzeko, moldatzeko eta, azkenik, emanaldi bat egiteko, estilo eta soinu nahasketa horren adierazgarri. Hemengo artista batzuk, hala nola Iker Piedrafita, Tonino Carotone, José Ramón García, Gorka Urbizu, Pedro Fernández Razkin eta Germán San Martín arduratu dira jaialdiaren kartela osatzen duten hamar abestiak sortzeaz, eta horiek jada eskuratu daitezke doan pamplosound.es webgunean. Halaber, ‘Iruña kultura da’ ekimenaren sare sozialetako profiletan elkarrizketak, making-offaren uneak eta parte-hartzaileen gogoeta interesgarriak agertuko dira.

Fusio arriskutsuak, hala nola, rapa eta musika klasikoa, eta soul eta jotaren arteko uztarketa

Sorkuntzaren eta izaera-zigilu ezberdina duten abestien aldeko apustua ageriagoa da ‘PamploSound’-en edizio honetan, esaterako, elkarrekin entzutea ohikoa ez den soinuen fusioari esker. ‘Ánimas’ gaiarekin agerian utzi dute Isusko eta Sergi Urgarte ‘Leyenda Urbana’ taldeko kide ohiek  itxura batean pentsaezinak liratekeen fusioak, rapa eta musika klasikoa kasu, posible direla. Hori lortzeko bidean Iruñeko Gazte Orkestraren eta Amaia Astizen ahotsaren laguntza izan dute.

Eta proposamena nahiko arriskutsua ez badirudi, ‘PamploSound’ gertuko musika-tradizioak ozeanoaren beste aldetik heldutako soinuekin fusionatzen ausartu da. ‘El barquero del Ebro’ abestian, jota eta soula elkartzen dira Broken Brothers Brass Banden haizeei eta Nerea Erbitiren ahotsari esker.

Artisten arteko elkarlanaren garrantzia, eszenatoki gainean erakutsita

Jaialdiko kanta gehienak argitaratu gabeak dira. Haietako bat, ‘El último cliente’, Tonino Carotone artistaren bertsiorik dantzagarriena da, kasu honetan Piluka Arangurenek lagunduta. Taberna, festa eta gozamen kutsuko abestia da, letra eta erritmo gogoraerrazak dituena. Nota elektrikoak eta bateriaren eta gitarraren aldeko apustua dira ‘Suzko Bola’-ren aurkezpen-gutuna, Monte del Osok konposatutako abesti berria Gorka Urbizuren laguntzarekin.  ‘Los sueños no dan dinero, dan problemas’ ere ‘PamploSound’-en udaberriko edizio honetan jaio da. Juárez, Kabbalah eta CoraBloom ‘Culebras’ taldeko kide ohiak western instrumental bitxi hau sortzeaz arduratu dira. Ingelesezko musikak ere tokia dauka ‘I don’t want  you’ ‘Fulanok’ konposatutako kantarekin; Ione Ayerdiren ahotserako pentsatua da eta Germán San Martínek teklatu-soinuak batu dizkio.

Ska eta punka, gaztelania eta euskara. Bi elkarketa horiek ikusteko aukera izanen dugu ‘Rudi not dead’ abestian. Juantxo Skalari & La Rude Banden kanta mitikoaren bertsio akustikoa da, oraingoan Endika Irusok interpretatua. Beste proposamen bat, ‘Miedo’, ‘Dikers’ taldearen abesti originala da, eta oraingoan Iker Piedrafitak berrinterpretatzen du Alfredo Piedrafitak gitarran (Barricada) eta José Ramón Garcíak pianoan lagunduta. Musika-ikuspegi berri hauek bertsio akustiko eta intimoa eskaintzen dute, jatorrizkoaren oso bestelakoa. Amaitzeko, ‘Que nadie apague tu luz’, Razkinek eta Naiara Ruzek egin duten elkarlanaren fruitua, izan ere, azken horrek ahotsa eta dantza jartzen dizkio bertsio akustikoari.

¿Te ha sido útil esta página?