PamplonUp kanpainaren bonuen % 86 merkataritza-sektorean trukatu ziren, etxeko ekipamendurako eta modako establezimenduetan egindako gastuak buru direlarik

PamplonUp kanpainaren bonuen % 86 merkataritza-sektorean trukatu ziren, etxeko ekipamendurako eta modako establezimenduetan egindako gastuak buru direlarik
682 establezimenduk parte hartu dute eta haietatik kanpaina bezeroen artean ezagutzera eman dutenek eduki dituzte salmenta handienak
PamplonUp

 

Iruñeko Udalak bultzatutako ‘PamplonUp. Gora Iruñeko negozioak!’ kanpainan trukatutako 228.193 bonuen % 86 merkataritza-sektoreko establezimenduetan gastatu ziren. Hori da udal-txosten batean 228.193 bonuen kanpainari buruz bildutako datuetako bat; txostena gaur goizean aurkeztu du Lehendakaritza Batzordean Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak. 228.193 bonu horietatik, zerbitzuen esparruan197.034 bonu trukatu ziren, eta zerbitzuen esparruan, berriz, 21.263 (% 9) eta ostalaritzan, 9.896 (% 4).

PamplonUp bonuen laguntza-deialdia bi fasetan egin zen. Lehenengoa, irailaren 10etik urriaren 31ra bitarte, eta 44.969 bonu saldu ziren; bigarrena, azaroaren 18tik abenduaren 13ra bitarte, 185.364 bonuekin. Guztira, 660 enpresetako 682 merkataritza-establezimenduk parte hartu dute. Horietatik, 458 merkataritza sektorekoak ziren (% 67), 122, zerbitzuetakoak (% 18) eta 102, ostalaritzakoak (% 15).

1,4 milioi euroko udal-inbertsioa; bertako establezimenduetan egindako gastua, 4,8 milioi

228.193 bonuekin Udalak 1,4 milioi euroko ekarpena egin du eta ekimen horrek 4,8 milioi euro baino gehiago mugitu ditu hiriko saltokietan egindako erosketetan. Bonu bakoitzak 14 euro balio zituen, eta haiekin 20 euroren erosketak egiten ahal ziren; hortaz, gainerako 6 euroak Udalaren dirulaguntza izan ziren. Udal-inbertsio horri gehitu zaio merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak beren gain hartu zituzten gastuak –espazioak osasun-neurri berriekin bat seguru bihurtzeko– diruz laguntzeko deialdia.

Modu honetan kontsumoak eta hiriko jarduera ekonomikoak behera egitea saihestu nahi zen, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako sektoreei babesa emanez, hiriaren ekonomia suspertzeko estrategikotzat jotzen baitira. Uste da tokiko enplegua sortu eta mantentzeko gaitasuna duten esparruak direla eta baita hiriko erdiguneko kaleak eta auzoak bizirik eta jarduten mantentzea lortzeko ere.

Bi deialdiak aurrera eramateko elkarlanean aritu izan da honako hauekin: Nafarroako Markatariak eta Alde Zahar, Zabalgune, Iturrama, Donibane Ermitagaña Mendebalde, Mendillorri, Txantrea eta Sanduzelai eta Arrotxapeko auzo-merkatarien elkarteak,  Nafarroako Ostalaritza Elkarteak eta Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak (AEHN), eta Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartea (ANAPEH).

Salmenta handienak Zabalguneetan eta Donibane-Ermitagañan

Merkataritza-guneen arabera, erabilitako bonuen eta kanpainara atxikitako establezimenduen arteko proportzioa mantendu da. Zabalguneetan 65.480 bonu trukatu dira, bonu guztien % 28,7, saltoki parte-hartzaileak % 24 zirenean. Donibane-Ermitagañan, berriz, 60.160 bonu erabili ziren (guztien % 26,36), establezimenduen % 18 zirenean, eta Alde Zaharrean, 47.013 bonu (% 20,60), atxikitako establezimendu guztien % 25. Iturraman trukatutako bonuen proportzioa % 10,67 izan zen (24.353), establezimenduen % 9.

Gaur aurkeztutako udal-txostenarekin bat, bonu bidezko salmentak neurri handiagoan establezimendu bakoitzeko taldearen proaktibitatearen eta bezeroen arteko kanpainaren sustapenaren araberakoak izan dira, zonaldekoa edo enpresa motakoa baino. Adibidez, azaltzen da, atxikitako 99 establezimendu zituen ‘Farmaziak eta parafarmaziak’ azpisektorean, Arrotxapeko zentro batean 1.001 bonu trukatu zirela. Auzoko gainontzeko farmaziek eta parafarmaziek 2 eta 238 bonu bitarte trukatu zituzten.

Lehendakaritza Batzordean, establezimenduak taldekatu ziren hiru sektore handiez gain, azpisektoreen araberako datuak eman dituzte. Bonu gehien trukatu dituztenak ‘Altzariak, etxeko ekipamendua eta elektronika’ azpisektoreko 39 establezimenduak izan dira, 66.353 bonuekin (guztien % 29,08), atxikitako establezimendu guztien % 6 izan arren. Jarraian ‘Moda, osagarriak eta kirola’ azpisektoreko 136 establezimendu izan ziren, 51.051 bonuekin (% 22,37). Gainontzeko azpisektoreek ez zuten trukatutako bonu guztien % 7 gainditu. Ehuneko horretara gerturatu ziren ile-apaindegiak eta estetika-zentroak, optikak, elikadura, farmaziak eta parafarmaziak eta zapata-dendak.

Salmenta-erritmoa eta bonuen erabilera, desberdinak bi deialdietan

Saldutako bonuen kopuruaz gainera, kanpainako bi deialdien arteko desberdintasuna salmenten erritmoa eta erabilera izan dira. Lehenengoa, pixkanakakoa izan zen; kanpaina jardunean hasi eta handik bi astera salmentak igo ziren, eta momentu horretan bertan establezimendu parte-hartzaileei ordaintzen hasi zitzaien. Bigarrenean, salmentek eta trukeek kopuru garrantzitsuak lortu zituzten. Kanpaina azaroaren 18an hasi zen, eta 23rako 58.000 bonu baino gehiago saldu ziren, eta azaroaren 27an ateratako185.000 bonuak agortu ziren. ‘Black Friday’ eguneko efektua (azaroko azken ostirala) nabaritu egin zen, azaroaren 27an eta 28an izan baitziren eskaneatze gehien establezimenduetan (22.997 eta 18.117, hurrenez hurren).

Horren arrazoia da produktu berri bat erosketa-sistema ezezagun batez egindako komunikazio-kanpainak aste batzuk behar dituela arrakasta izateko, bai bezeroen artean bai merkatarien artean. Establezimendu parte-hartzaileek ekimena ezagutu eta nola funtzionatzen zuen ikusi ahala, sistemaren salmenta proaktiboa egiten hasi ziren. Beste faktore batzuk hauexek izan ziren: bigarren deialdian pertsona bakoitzeko 25 bonu bitarte erosteko aukera (lehenengoan 5 izan ziren), eta horrek gastu handiagoko salmenten alde egin zuen, eta azaroan abiatu zen telefono bidezko salmenta.

Azkenik, batzordean jakinarazi dute kanpainaren inguruko gogobetetze-inkesta bat elektronikoki birbidaliko zaiela parte-hartzaile guztiei aste honetan zehar (bezeroei eta establezimenduei). Horren xedea da haien iritzia ezagutzea honako alderdi hauei buruz: izena-emateko prozesua, webgunearen informazioa, aplikazioa, nola ordaindu, jasotako prestakuntza eta jarraibideak eta euskarri teknikoa eta administratiboa.

¿Te ha sido útil esta página?