Irailaren hasieran Udalak Iruñeko establezimenduetan erosteko abiatutako PamplonUp deskontu-kanpaina urriaren amaiera arte luzatuko da. Hala, hilabete horren 10era arte eskuratzen ahalko dira bonuak, eta urriaren 31ra bitarte erabili. Luzapen honekin aukera gehiago eman nahi zaizkie deskontu horiei etekina atera nahi dietenei, eta aldi berean hiriko merkataritzari babesa eman, pandemiatik eratorritako murrizketen ondorioz une zail batean baitago. Kanpaina abiatu zenetik, PamplonUp.es webgunearen bidez 17.063 bonu erosi dira guztira, eta horietatik 10.754 jada saltokietan trukatu dira.
PamplonUp bonuek aukera ematen dute udal-ekimen honekin bat egin duten 430 saltokietan erosketak egiteko % 30eko deskontuarekin. 18 urtetik gorakoek eskura ditzakete bonuak, www.pamplonup.es webgunean eta gehienez 5 bonu, bakoitza 14 euroan, eta haiekin 20 euroko erosketak egin.
Iruñeko Udalak 800.000 euro bideratu ditu bonuen kanpainarako eta milioi bat euro merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak beren gain hartzen ari diren gastuak –espazioak osasun-neurri berriekin bat seguru bihurtzeko– diruz laguntzeko. 1,8 milioi euroko gastu hau Iruñeko Udalak egindako COVID-19 neurrien planaren barruan dago, koronabirusak osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan eragindako egoerari aurre egiteko. Planaren barruan 15 neurri zehatz daude, ardatz hartuta oinarrizko gizarte zerbitzuei laguntza ematea, ekonomia eta enplegua sustatzea eta etorkizuneko mugikortasunarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzea.
Erosketa bakoitzean nahi adina bonu erabil daitezke
Joan den irailaren 10etik aurrera zirkulazioan jarri ziren 133.333 bonuek erosketak % 30ean diruz laguntzen dituzte, horrek dendei inongo gasturik eragin gabe. 6 euroko aldea, 20 euro eta bonuak balio dituen 14 euroren artekoa, Iruñeko Udalak bonua zein establezimendutan trukatu eta horri emanen dio.
Bonuak 18 urtetik gorako edozein pertsonak eskura ditzake www.pamplonup.es webgunean. NAN bakoitzeko gehienez ere 5 bonu erosten ahalko dira, 70 euroan, 100 euroko erosketa-balioarekin. Kanpainarekin bat egin duten dendetan, nahi adina bonu erabil daitezke. Ez da itzuliko erosketa-prezioaren eta bonuaren arteko aldea; beraz, tiketak trukatutako bonu guztien balio bera edo handiagoa izan beharko du beti. Ez da itzuliko erabili ez diren bonuen zenbatekoa. Itzulketarik izanez gero, establezimendu bereko beste produktu batekin trukatuko da. Bonuen salmenta urriaren 10a arte luzatuko da eta bat egin duten negozioetan gastatu ahalko dira urriaren 31ra arte (hori barne).
Bonuen erosketa egiteko, pamplonup.es webgunean sartu ondoren, klik egin ‘Bonuak erosi’ estekan. Datu pertsonalak sartu ondoren, zenbat bonu eskuratu nahi dituzun adieraziko da. Eskuratutako bonuak ordainketa elektronikoko pasabidearen bidez ordainduko dira, 20 euroko bonu bakoitzeko 14 euro bakarrik ordainduz. Ondoren, QR kodea duten bonuak jasoko dira, horiek dendetan irakurriko dira eta bonu bakoitzari 20 euroko balioa aplikatuko zaio. Horrela, % 30eko deskontua gauzatuko da. Bonua hala zein gailu mugikorretan deskargatu eta horretan nola paperean inprimatuta aurkez daitezke, betiere QR kodea zuzen irakurtzen bada.
Moda, ostalaritza, farmaziak, ile-apaindegiak, altzairuak, elektronika, liburu-dendak, loradendak...
Bat egin duten 400dik gora dendak hiri guztian barna sakabanaturik daude eta webguneko mapa interaktiboa estekan kontsulta daitezke. Kategoria (33 sektore desberdin) zein kokapena kontutan harturik agertzen dira. Parte-hartzaileen artean honakoak daude:, 87 moda denda eta 20 zapata-dendak, 41 taberna eta 28 jatetxe, 43 farmazia, 35 ileapaindegi eta bestelako zerbitzu pertsonalak, 23 altzari eta etxerako ekipamendua-eletronikoen saltokiak, 18 liburu-denda, 11 loradenda, 10 optika eta 10 konpontzeko lantegi.
Zerrenda honako hauekin osatzen da: argazki-dendak, erabilitako ondasunak eta antikuarioak, bitxi-dendak, lurrin-dendak, jostailu-dendak, etxeko ehunkiak, drogeriak, ostatuak, estezistak, musika-instrumentuak, ortopediak, fotokopiak, bidaia-agentziak, fisioterapia, ikuztegiak, dietistak, podologoak, masaje-emaileak eta gozo-dendak.