
Tokiko merkataritza sustatzeko ‘PamplonUp. Gora Iruñeko negozioak!’ kanpainaren edizio berrian saltoki berriak sartzen ahalko dira, bai lehen kanpainian onartuta zeuden JEZeko epigrafeetakoak bai orain gehitutako jarduera-sektore berrietakoak, eta bakoitzak erosten ahal duen bonu kopurua handituko da, lehen bostekoa baitzen. Deialdi berria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat, parte hartu nahi duten establezimenduetako titularrek 5 egun balioduneko epea izanen dute kanpainarekin bat egiteko, eta jada parte hartu dutenek ere jarraitu nahi dutela berretsi beharko dute epe horren barruan.
Eskabidea telematikoki aurkeztu beharko da Udalaren Egoitza Elektronikoan. Horretarako identifikazio digitala beharrezkoa izanen da (NAN digitala edo Cl@ave sistemaren zein egiaztagiri digitalaren bidez).
Kanpainarekin bat egin duten 464 establezimendu baino gehiago horietatik, gehienak moda eta oinetako saltokiak, tabernak, jatetxeak eta farmaziak izan dira. Ondoren, ile-apaindegiak eta bestelako zerbitzu pertsonalak, altzarien eta etxeko ekipamendu eta elektronikako saltokiak, liburu-dendak, loradendak, optika eta konponketa-lantegiak daude. Zerrenda honako hauekin osatzen zen: argazki-dendak, erabilitako ondasunak eta antikuarioak, bitxi-dendak, lurrin-dendak, jostailu-dendak, etxeko ehunkiak, kafetegiak, drogeriak, ostatuak, estetizistak, musika-instrumentuak, ortopediak, fotokopiak, bidaia-agentziak, fisioterapia-zerbitzuak, ortopediak, ikuztegiak, dietistak, podologoak, masaje-emaileak eta gozo-dendak.
14 euroko bonuak eta % 30eko deskontua mantenduko dira
Kanpaina berriaren xehetasunak deialdia argitaratzen denean ezagutuko dira, baina gaurko Lehendakaritza Batzordean Merkataritza eta Turismoko Alorreko Zuzendaria aurreratu duenez, ezaugarri orokorrak mantenduko dira eta abendu erdialdera arte luzatuko da. PamplonUp bonuei esker erosketak egiten ahalko dira % 30eko deskontuarekin. Izan ere, 14 euroan salduko dira eta 20 euroko erosketak egiten ahalko dira berriz ere.
Hala, kontsumoa sustatu nahi da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetan eta hiriko beste jarduera ekonomiko batzuetan, betiere saltzaileen mozkina murriztu gabe. 6 euroko aldea, erosketaren 20 euroen eta bonuak balio dituen 14 euroen artekoa, Iruñeko Udalak bonua zein establezimendutan erabili eta horri emanen dio.
COVID-19a kutsatzea geldiarazteko murrizketengatik erabat edo neurri batean itxita egon behar duten enpresa-jarduerek ere bonuen kanpainan parte hartzen ahalko dute, ireki dezaketen unetik aurrera kontsumitzen ahalko diren salmentak egiteko, opari-txartelak salduz edo erreserbak eginez datozen hilabeteotan kontsumitzeko.
Laster bonu-sistemari buruz eginen diren informazio- eta prestakuntza-saioetarako estekak iragarriko dira. Birtualki eginen dira (bideo-bilera), jarraibideak emateko eta interesdunei zalantzak argitzeko, kanpaina hasi aurretik.
Kanpaina honen xedea da tokiko kontsumoa handitzea, kontuan hartuta krisi ekonomikoak Iruñeko biztanleen kontsumoa asko murriztuko duela. Hala izanen dela uste da enplegua galdu dutenek edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean sartuta daudenek izanen duten erosteko ahalmena txikiagoa delako ez ezik, baita ere konfiantza galdu delako eta ziurgabetasuna delako nagusi etorkizunari begira, eta horrek kontsumitzaileek oro har merkataritzan egiten duten gastua murriztea ekartzen du.