Paderborn erromesen aterpetxea zabalik dago honez gero, Santiago de Compostelara kredentzialarekin doazen erromesak hartzeko. Aterpetxe hau Iraizoz txaletean dago, Club Natación kirol-instalazioen sarreraren ondoan, eta martxoaren 1etik urriaren 31ra bitartean egonen da zabalik, 13:00etatik 22:00etara. Instalazioa Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko Paderborneko Donejakue Anaidiak kudeatzen du, eta ostatu emaile boluntarioak arduratzen dira harrera egiteaz.
Alemaniako elkarte hori 2006az geroztik arduratzen da aterpetxeaz, bi hirien arteko senidetzea dela eta 1993tik Iruñeko Udalarekin duen lankidetza-hitzarmenari esker. Elkarteak konpromisoa hartzen du erromesei harrera eta abegi egiteko eta informazio eta laguntza emateko, Donejakue Bideko aterpetxeetan ohikoak diren erabilera eta praktikekin bat etorriz.
Nabarmentzekoa da Santiagorako bidean hiritik igarotzen diren Alemaniako erromesen ehuneko handia.
Paderborn aterpetxea Udalarena da, eta 26 plaza eskaintzen ditu hainbat edukierako geletan banatuta; horiez gain sukaldea, jantokia eta Interneteko konexioa ere baditu. Halaber, lorategia, motxila-gordetegia, bizikletendako sotoa, ikuzgailua eta lehorgailua ditu. Aterpetxe gehienetan bezala, lekuak iritsi ahala betetzen dira eta gau bakarra eman daiteke bertan.
Bi ostatu emaile arduratzen dira Arga ibai-ertzean dagoen aterpetxeaz. Aterpetxe hori Magdalenako zubitik 200 bat metrora dago eta kilometro bat baino gutxiagora dauden hiriko Alde Zaharrera eta katedralera erraz iristeko aukera ematen du. Joan den denboraldian berritu ziren bertako instalazioak, uholdeen ondorioak konpontzeko, eta kaltetutako eremuetako ateak, leihoak eta pintura berritu ziren.
PADERBORN ETXEA ATERPETXEA
• Irekita: martxoaren 1etik urriaren 31ra arte
• Ordutegia: 13:00 – 22:00
• Leku kopurua: 26, hainbat gelatan banatuta
• Lorategia, motxila-gordetegia, bizikletendako sotoa, ikuzgailua eta lehorgailua ditu.
• Kredentziala duten erromesendako soilik
• Helbidea: Caparrosoren hondatza kalea 6. Telefonoa: 948 395 423