P2P Iruña-Gares Skate lasterketa eginen dute igandean hamaseigarrenez, inoizko nazioartekoena: 400 bat lagunek hartuko dute parte, eta % 40 emakumeak izanen dira

P2P Iruña-Gares Skate lasterketa eginen dute igandean hamaseigarrenez, inoizko nazioartekoena: 400 bat lagunek hartuko dute parte, eta % 40 emakumeak izanen dira
Larunbat arratsaldean III. P2P Txiki Saria jokatuko dute, Antoniuttin, eta bost kategoria egonen dira: haurtxoak, benjaminaurrekoak, benjaminak, kimuak eta haurrak
Irudia
Irudia
Irudia

P2P Iruña-Gares Skate lasterketa mundu osoko patinaje-maratoirik erakargarrienetako bat da, eta igande honetan XVI. aldiz eginen dute, Basotxo kaletik abiatuta. Gainera, orain arte egin direnen artean nazioartekoena izanen da, hamabi herrialde baino gehiagotako 400 lagunek hartuko baitute parte, eta inoiz baino emakume gehiago izanen dira tartean, % 40; urtez urte gero eta emakume gehiagok ematen dute izena lasterketan. Larunbatean III. P2P Txiki Saria jokatuko dute Antoniutti parkeko zirkuituan, eta gazteenak ariko dira lehian, haurtxoen kategoriatik hasi eta haurreneraino.

Bai hemen inguruan eta bai nazioartean errotuta dago jada lasterketa hori, eta gaur eman dute aurtengoaren nondik norakoen berri Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, Jorge Aguirre Oviedo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren kudeatzaileak, Pedro Sarasibar Latasa Nafarroako Patinaje Federazioko lehendakariak eta Arantxa Blanco Garde lasterketaren antolakuntzaren arduradunak. Ixone Esquiroz Luna Garesko Udaleko Kiroleko zinegotzia ere izan da ekitaldian. Ohiko moduan, Garesko Foruen pasealekuan jarriko dute helmuga, eta parte-hartzaileek 42 kilometro baino gehiago egin beharko dituzte Iruñetik horraino iristeko.

Beste behin ere, munduko txapeldunek parte hartuko dute lasterketan, bai eta Espainiako eta nazioarteko lehiaketetan dominaren bat irabazi dutenek ere. Emakumezkoen kategorian lehia estua izanen da, hainbat hautagai baitaude lehen posturako: Maite Ancín eta Luisa Ayala nafarrak eta Laura Esbri, besteak beste. Gizonezkoen kategorian ere ez dago erraza jakiten: Nolan Beddiaf frantsesa aintzat hartzekoa da, P2P lasterketako gaur egungo txapelduna eta maratoiko munduko txapelduna baita, baina ezin aipatu gabe utzi Carlos Tarazona, Julio Mirena, Rafael Heredia, Victor Blanch, Aitor Vacas eta Adrián Alonso ere.

Garesen, helmuga inguruan, pantaila erraldoi bat jarriko dute lasterketa zuzenean ikusi ahal izateko, eta maratoiaren sare sozialetan ere emanen dute. P2P lasterketa amaitutakoan, abiadura-erronka ospetsuaz gozatzen ahalko da. Aurtengo erronka oso bestelakoa izanen da aurreko urteetakoen aldean, herri-kirolak eta patinajea uztartuko baititu. Erronkaren ondoren, sariak banatuko dituzte Julian Mena plazan.

Igandeko probaren aurretik berotzen hasteko, larunbat arratsaldean III. P2P Txiki Saria jokatuko dute, 16:30etik aitzina. Antoniutti parkeko hiri-zirkuituan izanen da, eta hainbat proba eginen dituzte patinajea ikusarazteko, kirol hori oso errotuta baitago Nafarroan. Bost kategoria egonen dira (haurtxoak, benjaminaurrekoak, benjaminak, kimuak eta haurrak), eta kategoria bakoitzak distantzia jakin bat korritu beharko du; abiadura-probak eta puntuaziokoak eginen dituzte. 

Proba eredugarria: genero-ikuspegia eta ingurumenarekiko errespetua
Berriro Ere IT Kirol Elkarteak, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko eta Garesko Udalek eta Nafarroako eta Espainiako patinaje-selekzioek elkarlanean antolatu dute proba, eta Nafarroako Erresuma markak, Onda Cero irratiak eta Diario de Noticias egunkariak babestu dute. Beste behin ere, irizpide sozialak eta ingurumenekoak aintzat hartu dituzte, ekitaldia inklusiboa izan dadin, genero-berdintasuna eta -ekitatea bermatu dezan eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin.

Halaber, hainbat GKErekin hitzartu dute tokia eta baliabideak emanen dizkietela lanean aritzen diren arloen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko modua izan dezaten. Eta dirua ere emanen diete, besteak beste, Etiopia Patina, GERNA, Brazadas de Superación, Acción contra la Trata eta ASVONA erakundeei.  Beren aldetik, elkarte horiek txostenak egiten dituzte P2P probaren zer alderdi hobetu daitezkeen eta nola adieraziz, eta boluntarioak biltzen dituzte asteburuan egitekoak diren probetan laguntzeko.

P2P lasterketa ekitaldi jasangarria da aspalditik, eta urterik urte antolatzaileek hainbat eta hainbat ekintza egiten dituzte arlo horretan hobetzeko. Besteak beste, emakumeak kirolean duen ikusgaitasuna sustatzen dute: aurten, esaterako, abiadura-erronkan emakumezkoek eta gizonezkoek bereizirik hartuko dute parte; lasterketaren berri ematen duen kartelean emakumezkoak soilik ageri dira, eta berdintasunaren aldeko beste ekintza batzuk ere egiten ditu: hala nola irteerako eta helmugako marrak egoki antolatzea emakumeek ikusgaitasun handiagoa izan dezaten bai irteeran eta bai helmugan.


XVI. P2P IRUÑA - GARES SKATE LASTERKETA (2025)

Ekainak 7, larunbata. III. P2P TXIKI SARIA

  • 16:30. III. P2P Txiki Saria. Kategoriak: haurtxoak, benjaminaurrekoak, benjaminak, kimuak eta haurrak.

Ekainak 8, igandea. P2P - Iruña - Gares Skate maratoia

  • 10:00. Irteera: Taconera kaletik.

  • 11:00. Lehen parte-hartzaileak iritsiko dira. Garesko Foruen pasealekua.

  • 12:30. Abiadura-erronka. Garesko Foruen pasealekua.

  • 13:00. P2P Skate lasterketako sarien banaketa. Julián Mena plaza.

¿Te ha sido útil esta página?