
Sarasate pasealekua plataforma bakarrean urbanizatuko da, arrapalarik eta eskailerarik gabe, egungo zuhaitz-lerrokadurei eutsiz, eta obrak 2026ko udaberrirako amaituta egotea espero da. Hasierako kalkulua da udalak 10,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko duela hiru urtean (2,3 milioi euro Iruñerriko Mankomunitatearen kontura saneamendu-sareetan egin beharreko lanak direla eta, eta 8,1 milioi euro obrengatik). Prozesua heldu den otsailean bertan hasiko da, obrak 2025eko urtarrilean hastea espero da, eta 15 hilabetetan gauzatu ondoren, 2026ko udaberrian entregatzea. Udalak kanpoko finantzaketa lortu nahi du, Nafarroako edo Estatuko Aurrekontu Orokorretan zuzenketak eginez.
Proiektuaren idazketa ‘Zip’ proiektua oinarri hartuta lizitatuko da, hori izan baitzen 2019an Iruñeko Udalak deitu zuen ideia-lehiaketaren barruan egindako herritarren partaidetza prozesuan babes handiena jaso zuen proposamena. Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Joxe Abaurrea Hirigintzako, Etxebizitzako eta Agenda 2030eko zinegotzi ordezkariak eta Borja Izaguirre Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu dituzte hiri erdiko bulebar horretan eginen den hurrengo jarduketaren ildo estrategikoak eta helburuak, eta horrekin batera, prozesurako aurreikusitako kronograma ere aurreratu dute.
Aurkezpenean azpimarratu dutenez, Sarasate pasealekuko sareak berrurbanizatu eta berritzeak esku hartzeko espazioa hobetzeaz gain, trafikoa baretzeko bigarren fasea antolatzeko balioko du. Gainera, udalaren esku-hartzeak urrats berri bat izan nahi du Iruña hiri berde eta jasangarri gisa ezagutarazteko; izan ere, gaur egungo Atsegina egiteko Planean sakondu nahi da, Gazteluko plazaren eta Nafarroako Jauregiko lorategien ingurua Takonera parkearekin lotuko dituen ardatz berde bat bultzatzeko, Europar Batasunaren gomendioen ildotik.
Azkenik, eta ikuspegi sinbolikotik, proposamenaren xedea da Sarasate pasealekuaren urbanizazio berria Nafarroako eskultura-obra adierazgarriak bilduko dituen aire zabaleko museo moduko bat bihurtzea. Gainera, pasealekuari izena ematen dion biolin jotzaile eta konpositore iruindarraren figura argi eta garbi ikusarazteko, Sarasateren estatua errealista bat jartzeko asmoa dago, hiriko Seme Kutuna baita. ‘Europako biolina’ izenez ezaguna, bere ospeak nazioartean ezagun egin zuen Iruña. Espazio horretarako egindako proposamenetako bat Pablo Sarasateren (Iruña 1844/Biarritz 1908) tamaina handiko estatua errealista bat jartzea da, eta horretarako, erreferentziazko eskultoreekin harremanetan hasi dira dagoeneko.
Hiru urterako kronograma zehatza
‘Zip’ proiektuak arrapalarik eta eskailerarik gabeko plataforma bakarraren aldeko apustua egin zuen, II. Zabalgunea eta Alde Zaharra lotzen dituen herritarren joan-etorri handikoa gune hau erabat irisgarri egite aldera, eta pasealekua bi edo hiru mailatan mantentzen duen kota diferentzia nabarmena gainditzeko.
Kronogramaren arabera, heldu den otsailean bertan eginen da pasealekuaren diseinu berria idazteko lizitazio-agiria, ZIP proiektua oinarritzat hartuta. Hori guztia, prentsaurrekoan azaldu dutenez, eztabaida tekniko eta politiko baten bidez eginen da, eztabaida horretan ahalik eta adostasun handiena bilatuz, eta Hirigintza Batzordean antolatuko da. Batzordeak proiektuen eta lorategien zerbitzu teknikoen laguntza ere jasoko du.
Berrurbanizazio-proiektua idatziko duen taldea aukeratzeko lehiaketa martxoan lizitatzea espero da (300.000 euroan), eta, horrekin batera, obren lizitaziorako plegua prestatuko da. Lan hori Mankomunitatearekin koordinatuta eginen da, Mankomunitatea arduratzen baita saneamendu-sareez eta Eskualdeko Hiri Garraioko geralekuen birkokapenaren azterketaz.
2024ko ekainean, idazketa-taldea hautatuko da, obra-zuzendaritzako lanak ere hark hartuko ditu bere gain. Proiektua idazteko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa izanen da.
Irailean, obren lizitazioa egin ahal izatea espero da. Lizitazio hori Mankomunitatearekin aldez aurretik landu den baldintza-agiriaren arabera eginen da. Lizitazio horretarako aurreikusitako epea hiru hilabetekoa da; beraz, gauzatzeko 15 epea izanen duten obrak 2025eko urtarrilean adjudikatzea eta hasiko direla aurreikusten da. Gaur aurkeztutako kronogramaren arabera, 2026ko udaberrian finkatu da obra entregatzeko epea.
Takoneraraino iritsiko den ardatz berdea barne hartzen duen “hiri-proiektu bat”
Jarduketaren helburu nagusietako bat pasealeku osoan plataforma bakarra mantentzea izanen da, eta salbuespen gisa hartuko dira gauzatu ezin diren oztopo teknikoak dakartzaten jarduketak, dela konplexutasunagatik, dela gehiegizko kostuagatik, edo zuhaiztiari oso kalte larria eragiten zaiolako. Zuhaitzen gaur egungo lerrokadurak errespetatzea da asmoa, ale jakin batzuk kendu (moztu) beharra balego izan ezik. Hori aintzat hartuta, orain arte zuhaitzei buruz egindako txosten guztiak jasoko dira espedientean.
Obrak fasez fase planifikatuko dira, inguruko gizarte-bizitza errazteko, eta arreta berezia jarriko da 2025eko sanferminetan eta Eguberrietan. Egun horietan lanak gelditzeak edo geldotzeak eragina izanen du obrak egiteko aurreikusitako epean.
Obren baldintza-agiriak Iruñerriko Mankomunitatearekin bateratuko dira; izan ere, Vínculo plazako eta Alhondiga, García Castañón eta Fernández Arenas kaleetako sareak berrurbanizatu eta berritu beharko dira, guztira ia 23.000 m2-ko azalera. Esku-hartzearen zati horrek 2,3 milioi euroko kostua izanen du.
Izan ere, “Hiri Proiektu” ikuspegitik, Sarasate ingurua berrurbanizatzeko proposamena ez da hertsiki mugatzen Iruñeko eremu publikoan berez garrantzi handikoa den pasealekuaren espaziora; aitzitik, Udalaren asmoa da Ziudadela kalea eta Arazuri Doktorearen pasealekuan zehar jarraipena ematea Takonera parkearekin lotu arte. Horrek ardatz berde bat sortuko du, eta Iruñeak trantsizio ekologikoarekin konprometitutako hiri gisa ezagun izaten jarraitzea ahalbidetuko du. Esku-hartzeak, gainera, inguruko trafikoa baretzen lagunduko du.
Aire zabaleko museoa eta Pablo Sarasateren omenezko estatua
Sarasate pasealekua, bide publikoa izateaz gain, pasealekuari bere izena eskainiz Pablo Sarasate (Iruña 1844/Biarritz 1908) biolin jotzaile,musikagile eta Iruñeko seme kuttunari eginiko aintzatespen bat da. Izan ere, Iruñearen izena garai hartako Europako gorte guztietara eraman zuen, eta, hil zenean, testamentuzko legatu bidez laga zizkion hiriari bere partiturak (Iruñeko Udal Artxibategia), bere instrumentuak, sariak eta bestelako objektuak (gaur egun, Pablo Sarasate Museo Aretoan daudenak). Pasealekuan eginen den esku-hartze artistikoa figura hori ikusarazten eta ohoratzen ahaleginduko da, eta espazio erreferentzial hori ezaguterraz bilakatzen, musikariaren eskultura errealista bat instalatuz horretarako.
Baina, era berean, aire zabaleko museo moduko bat izatea da nahia, eta horretarako, Nafarroako eskulturaren erreferente garrantzitsuekin harremanetan hasi dira, erreferentziazko artisten pieza adierazgarriak kanpoan jartzea aztertzeko. Asmoa da bulebar bat sortzea eta kultur erakusketa bat eskaintzea herritarrei, hiri-espazio gisa nola ukaezinezko kultura-aberastasuneko piezak edukiko dituen espazio bat izanen den aldetik duen balioa emateko.
Proiektuan, gaur egun pasealekuan dauden eskulturak (Nafarroako errege-erreginenak) kentzea ere aurreikusten da, Takonera parkera eramateko. Udalaren ustez, pieza horiek egokiagoak dira parke hori bezalako parke erromantiko baterako, eta horrekin batera, Basotxo kalea berrurbanizatuko da, hiria Atsegin egiteko planean aurreikusitako birmoldaketa orokorraren barruan.