Alde Zaharreko Oscus etxadiko eraikinak eraisteko lanen % 70 gauzatu da, bi hilabetetik gora obretan egon eta gero. Eraikinak eraisteari dagozkien lanak ia amaituta daude eta eraikinaren zolatak eraistea falta da; lan hori behin betiko orubea osatzeko behar diren hondakinen eta betelanen kudeaketarekin batera eginen da. Aurreikuspenen arabera, otsailaren 20an amaituko dituzte lanak.
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dituzte lanak, eta dagoeneko zuinketa-fasean daude, orubearen egokitzapena eta etorkizuneko berrurbanizazioa zehazte aldera: akabera-kota in situ zehaztuko da, baita euri-uren hustuketa-sistemak eta mugakide diren lursailekiko itxitura-elementuak. Kokapen estrategikoa duenez eta arkeologiari dagokionez interesa izan dezakeenez, Iruñeko Udala orubean gune arkeologiko bat aktibatzeko aukera baloratzen ari da, erakunde espezializatuekin lankidetzan ikerketak eta lanak egin ahal izateko.
Amiantodun elementuak dagoeneko kendu dituzte, hala nola estalkia, teilatu-hegala, euri-uren zorrotak eta arotzerien azpiko itxitura-elementu bertikalak. Tratatutako azalera 2.200 metro karratukoa da. Jarduketa egiteko, aldameneko eraikinetako bizilagunei jakinarazi eta haiekin koordinatu zituzten lanak. Lanak inongo kalterik gabe bukatu ziren, eta, egindako neurketen arabera, ez zen amianto partikulen isurketarik gertatu.
Aldi berean, Iruñeko Udalak amiantoaren udal-errolda egin du; egun azkeneko berrikuspen eta barne-baliozkotze fasean dago, Nafarroako Gobernuari behin betiko bidali aurretik. Lan horri esker amiantoa kentzeko jarduketak antolatu eta lehenesteko tresna tekniko fidagarri bat eratuko da. Alde Zaharrari dagokionez, erroldak baieztatu du amiantoa izan dezaketen hamar bat estalki-elementu baino ez daudela, guztiak bizitegi-erabilerako eraikinetan.
Eraistearekin lotutako beste lan batzuk
Iruñeko Udalak Alde Zaharreko 111. etxadiaren barruko eraikinak eraisteko lan horiek gauzatzeko kontratua Obras y Servicios Tex SL enpresari adjudikatu zion 532.400 euroan. OM ARQ SLP enpresak eta Óscar Mongay Jiménez eta María Teresa Mariezcurrena Echeverría arkitektoek idatzitako proiektuaren arabera, kontratuak eraispena eta horren ondorioz sortuko den orubea lursail gisa egokitzea jasotzen du. Jarduketa Iruña Biziberritzen enpresa publikoak bultzatutako Alde Zaharra berroneratzeko prozesuaren barruan dago.
Barneko eraikin guztiak eraisteaz gain, eraispen-lanetan sartzen dira eraikinaren beraren zimendatze-elementuak hondeatzea eta kaltetutako alboko eraikuntza-zatiak konpontzea eta sendotzea. Inguruko lursailetako mehelinak finkatu, birpasatu eta berreraikiko dira lursail mugakideekin mugak markatuta, 2,50 metro inguruko garaierara bitarte. NAPIko patioarekin mugakidea den horma eraitsiko da, lurzatiaren itxitura berri bat altxatzeko: hormigoi aurrefabrikatuzko blokezko eta hesitutako hormatxo bat jarriko da, 2,50 metro inguruko altuerakoa.