Otsailaren 28a, horixe da azken eguna Iruñean saltoki berriei bultzada eman nahi dien Denda Naiz - Soy Comercio ekimenean izena emateko. Udalak eta CEINek 20 proiekturi emango diote laguntza, prestakuntza- eta aholkularitza-programa baten bidez. Interesdunek www.pamplona.es eta www.cein.es webguneetan eskuragarri dagoen formularioa beteta aurkez ditzakete beren ideiak.
Denda Naiz programa merkataritza-esparruko enpresak sortzea sustatu nahi duen ekimena da, enplegua zein berrikuntza bultzatu eta merkataritzako hiri-ehuna hobetzea xede duena. Aurten, programa martxoaren 11tik ekainaren 14ra gauzatuko da. Hautatzen diren proiektuek aukera izanen dute programa zehatz batez baliatzeko, beren enpresa-proposamena azkartze aldera; programa horretan, halaber, gaitasun ekintzaileak garatu eta CEINeko teknikarien zein sektoreko profesionalen banakako tutoretzen babesa jasoko dute.
Programak merkataritza-jarduera bat garatzen duen gune fisiko bati lotutako negozio-ideiak ditu jomugan, betiere horiek Iruñeko udal-mugartean abiatzeko asmoz. Gainera, lehentasuna emanen zaie berrikuntza sustatu eta hiriko merkataritza-ehuna hobetuko duten ideiei, bai eta herritarren beharrei eta hiriko merkataritza-joerei erantzuten dietenei ere.
CEINek proiektuak baloratuko dituen batzorde tekniko baten bitartez eginen du proiektuen aukeraketa, hiru irizpide hauekin bat: lehenik, talde eragilearen eskarmentua, prestakuntza, motibazioa eta gaitasunak, guztizko puntuazioaren % 30era bitarte; bigarrenik, enpresa-proiektua bera (sektorea, berritasun edo bereizgarritasun-maila, areto erabilgarri bat edukitzea, proiektuaren heldutasuna eta aldez aurretiko bideragarritasun ekonomikoa), % 35 bitarte; eta, hirugarrenik, hiriari egingo dion ekarpena, hots, zer nolako eragina izan dezakeen proiektuak hiria biziberritzeko, guztizko puntuazioaren gainerako % 35 bitarte.
Hautatuek astean bi prestakuntza-saio jasoko dituzte, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako zentroaren egoitzan (Leire k., 20); eta beste ekintza batzuez osatuko dira, hala nola jarraipena zein aholkularitza, Iruñean finkatutako hainbat merkataritza-establezimenduren jabeen eskutik, programan beren eskarmentua ekintzaileei helarazteko aholkulari arituko baitira. Honako hauek arituko dira laguntzaile eta aholkulari programan: Ayestarán, Mundoraintxe eta La Mandarra de la Ramos, Txirrintxa eta Katuzarra.