Otsailaren 27tik martxoaren 2ra, Kondestablen, Iruñeko Udalak saritutako proiektuen sortzaileekin lau saio izango dira, formatu ezberdinetan

Otsailaren 27tik martxoaren 2ra, Kondestablen, Iruñeko Udalak saritutako proiektuen sortzaileekin lau saio izango dira, formatu ezberdinetan
Iruñeko Udalak sormen artistikoko proiektuen III. Lehiaketa iragarri du, non 3.000 euroko 10 sari emango baitira

Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Udalak sormen artistikoko proiektuen urteko lehiaketarako deia egin du, bigarren edizioaren diru-kopuruak mantenduta 30.000 euro banatuko dituena, arte eszenikoak, plastikoak, musika, literatura eta ikus-entzunezkoak oinarri dituzten proiektuak sortu eta garatzeko.

Gainera, lehenengoz, Udalak urrats bat gehiago egin du, teknikariek lagundutako proiektuekiko interesa publikoarengan birsortzeko. Arratsaldean, Kondestablen, 2017an saritu ziren proposamenei lotutako lau ekitaldiko sorta abiatuko da. Ekitaldiak martxoaren 2a arte izango dira, eta hitzaldi aktibo batek emango die hasiera, Carmen Larraz dantzari eta koreografoak Transoceánica sortzeko prozesua hizpide. Proiektuak berekin ekarri zuen diziplina anitzeko ikerketa –dantza, argazkigintza eta musika ardatz–, gaur publikoari irekiko den hausnarketa.

Hain zuzen ere, jarduera-zikloa zein sormen artistikoko proiektuen Lehiaketaren edizio berria aurkezteko, Maider Beloki Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkariak eta Maitena Muruzabal Alorreko zuzendariak jendaurreko agerraldia egin dute goizean. Beraiekin Carmen Larraz bera eta César Oróz Martija umorista grafiko eta marrazkigilea ere bazeuden; azken horren El Reyno de las letras. Navarreando por la literatura universal proiektu saritua ere Kondestableko programazioan egongo da, martxoaren 2an.

Arte-sorkuntzaren “gizarte-itzulketa” Kondestablen
Lau jarduera aurreikusi dira diruz lagundu diren proiektuen jarraipenerako antolatutako ziklo labur honetan. Lehenik, arratsalde honetan bertan, 19:30ean, Carmen Larraz dantzari eta koreografoak hitzaldi aktiboa eskainiko du, Transoceánica sortzeko prozesuaren inguruan. Horren ikuskizuna, 2017ko urrian estreinaldia izan zuena, diziplina anitzez egindako sormen-balioaren taularatzea da, dantza, argazkia eta musika erabiliz. Proposamenak mugimendua arakatzen du, inguruarekiko harreman zuzena duen gorputzaren adimen fisikotik egindako garapena.

Hurrengo saioa otsailaren 28an izango da, ostegunarekin, 19:30ean. César Oróz, Carmen Larraz, Marga Gutiérrez, Ana Maestrojuán eta David Bernués saridunekin mahai-ingurua izango da, Iruñeko Udalak emandako sariak, horien garrantzia eta egileen sorkuntza-ibilbidean egindako ekarpena mintzagai.

Hona hemen 2017ko edizioko zazpi saridunak: Ana Maestrojuánen Martinaren parke fantastikoa haurrendako antzezlana; Carmen Larrazen koreografia-proiektua; César Orozen ikerketa-komikia; José Javier Castiellaren Apuntes para después del colapso arte-proiektua; José Vicent Egearen Alegoría de la fama musika-konposizioa; film laburren esparruan, David Bernuésen Pez Volador lanaren gidoia; eta Margarita Gutiérrezek sinatutako Cuerdas dokumental laburraren proiektua.

Azkenik, larunbatean, martxoak 2, saio bikoitz bat proposatu da. Alde batetik, 12:00etan, César Oróz marrazkigile eta umorista grafikoak argitaratu duen El Reyno de las letras. Navarreando por la literatura universal komikia sortzeko prozesua azalduko du. Komikian, Orózek umore grafikoa eta literatura unibertsalean egindako ikerketa uztartu ditu, garai ezberdinetako egile ospetsuen idatzietan Nafarroaren historia antzemateko. Horrela, Codex Calistinus, Dante Alighieri-ren Divina Commedia, William Shakespeare-ren Love's Labour's Lost abiapuntu, nafarrek literatur mugarri handien sortzaileengan piztutako irudiak eskaintzen ditu egileak. Arratsaldean, 18:00etan, Cuerdas saioaren txanda izango da, Peruko osasun-sisteman berreskuratu den zutikako erditzeari buruzko dokumental labur hori zuzendu duen Margarita Gutiérrez eskutik. Saioan filmaren estreinaldia izango da, Kondestableko ekitaldi-aretoan proiektatuko baita.

Zikloko saio guztiak Kondestable Civivoxean izango dira, eta sarrera librea izango da, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta.

Laster III. edizioaren hasiera
Halako emaitzek bultzatu dute sormen artistikoko proiektuetarako lehiaketaren deialdiaren IIII. edizioa; horren oinarriak laster NAOn argitaratuko dira, eta 3.000 euroko 10 sari bitarte emango dira. Udalak guztira hamar bat proiektu saritu ahalko ditu, horietako hiru 35 urtetik beherako artistendako gordetzen badira ere. Halaber, sarietako bat euskarazko lan garaikide bat sortzeko izango da, hori txertatu ahal izateko Garaikide udal-programan. Puntuatzean berdinketa izanez gero, 35 urtetik beherakoek jasoko dute saria, oro har.

Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari eta teknikariek osatuko dute epaimahaia, eta aurkeztutako proiektuak baloratuko dituzte, hiru irizpide orokor aintzat hartuta: proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (gehienez ere 9 puntura bitarte); sortzailearen ibilbidea, kontuan izanda azken urteetan egindako sormen-lanak (4 puntura bitarte); eta proiektuak lurraldean izango duen eragina (2 puntura bitarte). Interesdunek proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratu eta biharamunetik aitzina. Lanak aurkeztu ahal dira Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak adierazitakoetan.

Lehiaketan parte hartu ahalko dute Iruñean erroldatutako pertsona fisikoek, baldin eta proiektua noiz aurkeztu eta gutxienez urtebete lehenagotik –etenik gabe– bertan erroldatuta egon badira. Banakako ala taldeko proiektuak aurkez daitezke, baina interesduna behin bakarrik aurkez daiteke, eta proiektuak jatorrizkoak izango dira. 2019ko abenduaren 31rako buruturik egon beharko dute. Eskabidearekin batera, beharrezko agiri hauek aurkeztu beharko dira: sormen-proiektua, artistaren ibilbide profesionala, eta edizioari, ekoizpenari edo jendaurrean agertzeari buruzko aurreikuspenak. Lehiaketan parte-hartzeak berekin dakar partaidearen zinpeko aitorpena, non proiektuaren egile legitimoa dela baieztatzen baita.

Proiektu hautatuek laguntza eta aholkularitza jasotzen ahalko dute Kultura eta Hezkuntzako Alorreko teknikarien partetik proposamena garatzeko. Halaber, hala behar duten proiektuetarako erabili ahalko dira Huarte Arte Garaikideko Zentroko guneak eta baliabide teknikoak, zentroaren egoitza edo egonaldi artistikoen barruan baliabide horiek erabiltzeko aukera ematen den baldintza berberetan.

Bi edizio, 17 proiektu saridun
2017an, sormen artistikoa bultzatzeko udal-laguntzetarako lehen deialdian, diziplina ezberdineko 45 proiektu lehiatu ziren guztira: ikus-entzunezko arteetako 10 proiektu, arte eszenikoetako 10 proiektu, 4 literatur proiektu, 8 musikakoak eta 13 arte plastikoetakoak. Proiektuetako zazpi saritu ziren, lehen edizioaren oinarrietan aurreikusitako kopuruarekin bat.

Hurrengo urtean Iruñeko Udalaren lehiaketan aukera zabaldu zen 10 proiektu laguntzeko. Orduan 16 proposamen aurkeztu ziren, eta hona hemen saridunak: Ana Sarrias Oteiza, Microrrelatos para Delirius proiektu literarioagatik; Iñaki Alforja, Motxila 21, Tutti va Bene proiektu dokumentalagatik; Itsaso Iribarren Muñoz, arte eszenikoko Instrucciones para vivir antzezlanagatik; David Marcotegui Nuin, Bibelot izeneko film laburraren gidoiagatik; Mikel Romeo Ruiz, En el tren a Lisboa, lehen eleberriagatik; Mireya Martín Larumbe, Las felicidades inmanentes instalazioagatik; Mirari Echávarri, ikus-entzunezko entsegu gisako Cuerpos #2 Skin Picking proiektuagatik; Aizpea de Atxa, gizarteak emakumeari eman dion adierazpen ikonografikoari buruzko Eurak eta gu hausnarketagatik; Txemi Pejenaute, Fuego antzerki-idazlanagatik; eta Nieves Oteiza Goñi, Nadie llora a la reina muerta literatur testuagatik.

 

LEHIAKETAKO ARTE-PROIEKTUEN PROGRAMAZIOA

Otsailaren 27tik martxoaren 2ra
Egoitza: Kondestable Civivoxa
Sarrera librea da, gonbidapena aurretik hartuta 

Otsailak 27, asteazkena
19:30. HITZALDI AKTIBOA

  • Carmen Larraz
  • Transoceánica ikuskizunaren sormen-prozesua

Otsailak 28, osteguna
19:30. MAHAI-INGURUA

  • Iruñeko Udalak emandako sariak, horien garrantzia eta egileen sorkuntza-ibilbidean egindako ekarpena mintzagai

Martxoak 2, larunbata 
12:00. HITZALDIA

  • César Oróz, umorista grafiko eta marrazkigilea
  • El reyno de las letras. Navarreando por la literatura universal argitalpenaren sormen-prozesua

18:00. ESTREINALDIA

  • Cuerdas dokumental laburraren proiekzioa
  • Margarita Gutiérrez
¿Te ha sido útil esta página?