Joxan Artze Usurbilen jaiotako olerkari, idazle eta txalapartaria izan zen, eta olerki-, abesti- zein idazki-ondare mardula utzi zuen. Bihar, ostiralean, omenaldi xumea jasoko du Andoni Salamero idazleak eta Mixel Ducau zein Caroline Phillips musikariek Kondestable Civivoxean eskainiko duten euskarazko musika-ikuskizunean. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da, hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta. Urtean zehar Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten kultur programazioaren barruan sartzen da.
“Artze … Joxan, oroituz!” da ikuskizun honen izenburua, Joxan Artzeren beraren olerkiak eta abesti-hitzak oinarri dituela. Errezitatuko diren olerkiak honako liburu hauetatik hartu dira: Ortzia lorez, lurra izarrez Oihana auhenka; Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza. Joxan Artzeren euskarazko olerkiaz gozatzea eta horien ezagueraren hedapena handitzea dira proiektu honen helburuak. Olerkiei eta musikari esker, ikuskizunak hausnarketa ere piztuko du; izan ere, olerkietan agertzen diren gaiak, besteak beste, natura, gizakia euskara eta haraindikotasuna dira.
Andoni Salamero Euskal Filologian lizentziaduna da, eta olerkaria; halaber, esataria, euskararen aldeko elkarte bateko teknikaria eta euskaltegiko zein Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko irakaslea izan da, baita euskara eta literaturako irakaslea ere. Senpereko Hatsa elkartearen bitartez argitaratu ditu bere olerkiak, hiru bildumatan: Zu.Ni.Bi.Bidean..., Bide ertzeko printzak eta Japonia: poesiaren sumendi ezkutua. Bere olerkiez David Azurza, Aitor Biain, Joxan Artze, Oskorri zein Pantxoa eta Peio artistekin aritu da.
Mixel Ducau musikariak euskal rockaren mugimenduaren sorreran parte hartu zuen. Anje Duhalderekin Errobi sortu zuen, rock progresiboko talde mitikoa, eta ondoren hainbat musika-proiektutan hartu zuen parte, Zaldiboboan eta Bidaian, besteak beste. Caroline Philips Kaliforniako musikagileak arte lirikoa eta piano klasikoa ikasi zuen lau urtez Parisen. Horren ostean, jazzean murgildu zen eta zenbait kontzertu eman zituen Parisen. Mixel Ducaurekin Bidaia folk-taldea sortu zuen.