
Ostiralean, maiatzaren 22an, amaituko da epea udako hiri-kanpaldietan eta udal-jardueretan izena emateko: 3 eta 17 urte bitarteko adingabeei daude zuzenduta, eta Iruñeko Udalak antolatzen ditu. Parte hartu nahi dutenek 010 herritarrendako arreta-telefonoaren bidez gauzatu behar dute izen-ematea (948420100, sakelako telefonotik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Lekuak izena eman den hurrenkerarekin bat esleituko dira. Iruñean erroldatuta daudenek lehentasuna izanen dute.
Iruñeko Udalak 800 leku eskaini ditu oraingoan, 600 hiri-kanpaldietan parte hartzeko eta gainerakoak jolas-jarduerak egiteko, besteak beste, hondartzara eta beste ingurune natural batzuetara irteerak egitea. Hiri-kanpaldiak uztailaren 15etik abuztuaren 14ra bitarte antolatzen dira Iturrama eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoetan, eta 2014 eta 2022 urteen artean jaiotakoei daude zuzenduta. Astero 120 toki eskaintzen dira, eta gehienez ere hiru asterako ematen ahal da izena. Hiri-kanpaldiek jolasak, eskulanak, kirola eta sormen-lantegiak barne hartzen dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, 08:00etatik 14:00etara (15:30era bitarte jantoki-zerbitzua erabiltzen bada). Asteko prezioa 60 eurokoa izanen da (90 euro, jantoki-zerbitzua barne). Gainera, kopuru horiei % 20ko deskontua aplikatuko zaie bi seme-alabek izena ematen badute, eta % 30ekoa hiru seme-alabek izena ematen badute.
Jolas-jarduerei dagokienez, 2009 eta 2018 urteen artean jaiotakoendako hiru irteera antolatu dira, goizez, uztailaren 15etik 17ra. Izena hiru egunetarako ematen da, ez egun solteetarako, eta eskaintzak hamaiketakoa barne hartzen du. Era berean, jolasez beteriko hiru aste antolatu dira Arantzadi eta Sanduzelaiko udal-igerilekuetan, Igerian programaren barruan. Aste baterako edo gehiagotarako ematen ahalko da izena. Eta azkenik, abuztuaren 10etik 13ra, hainbat jarduera antolatu dira San Bartolome gotorlekuan, besteak beste, paseoak piragua gainean, erronkak eta beste jolas batzuk. Izen-emateak jarduerez beteriko lau egunak barne hartzen ditu, eta, beraz, interesa dutenek ezin dute egun solteetarako izena eman.