Ostiralean, 09:30ean, Hiriaren egoerari buruzko eztabaida eginen da Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, legealdiko azkena

Ostiralean, 09:30ean, Hiriaren egoerari buruzko eztabaida eginen da Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, legealdiko azkena
Saioa zuzenean jarraitzen ahalko da, 'streaming' bidez, Udalaren webgunean

Hiriaren egoerari buruzko eztabaida, legealdiko azkena, bihar (ostirala) eginen da 09:30etik aurrera. Osoko Bilkura berezia izanen da, eta Garbiñe Bueno Zabalza lehen alkateordea izanen du buru. Hiriko politika orokorreko hamabosgarren eztabaida monografiko hori zuzenean jarraitzen ahalko da streaming bidez, https://www.pamplona.es/eu udal-webgunean.

Alkateak emanen dio hasiera saioari, eta lehenengo esku-hartzeak ez du denbora-mugarik izanen. Txanda hori bukatu eta gero 30 minutuko etenaldia eginen da. Jarraian, berriz ekinen zaio saioari, eta gobernu-taldea osatzen ez duten oposizioko bozeramaile bakoitzak 20 minutuko esku-hartzeak egiteko aukera izanen du: alderdi bakoitzak duen ordezkari kopuruaren hurrenkeran arituko dira, gehien dituenetik gutxien dituenera. Hala, lehenik eta behin UPN taldeko bozeramaileek esku hartuko dute, gero PSNkoek eta, azkenik, PPko bozeramailea arituko da. Alkateak erantzuteko txanda du nahi izanez gero, denbora-mugarik gabe.

Erantzun ala ez erantzun, saioak aurrera jarraituko du, eta gobernu-taldea osatzen duten taldeen txanda izanen da: alderdi bakoitzak duen ordezkari kopuruaren hurrenkeran arituko dira, gehien dituenetik gutxien dituenera, hau da, EH Bildu hasiko da, eta ondoren, Geroa Bai eta Talde Mistoa arituko dira, hurrenkera horretan. Udal-taldeek esku hartzeko lehen txanda hori amaitu ondoren, bigarren txanda hasiko da. Oposizioko taldeek emanen diote hasiera txanda horri, hau da, UPNk, PSNk eta PPk, eta bakoitzak 10 minutuko denbora-tartea izanen du. Alkateak, nahi izanez gero, berriro erantzuteko txanda izanen du, denbora-mugarik gabe. Ondoren, EH Bildu eta Geroa Bai udal-taldeek eta Talde Mistoak esku hartuko dute, hamar minutuz ere.

10 minutuko esku-hartzeen ondoren, alkateak berriro erantzuteko txanda horretan esku hartzen ez badu, denbora-mugarik gabeko azken txanda batekin emanen zaio amaiera eztabaidari. Aldiz, alkateak berriro erantzuteko txanda horretan esku hartzen badu, hiru minutuz esku hartzeko txanda izanen dute udal-talde guztiek: oposizioko alderdiek izanen dute lehenengo txanda, ordezkari gehien dituen alderdiarekin hasi eta gutxien dituenarekin bukatuta, hau da, UPN lehenengo, eta ondoren, PSN eta PP, hurrenkera horretan; ondoren, EH Bildu, Geroa Bai eta Talde Mistoaren txanda izanen da, hurrenkera horretan.

Udal-taldeek esku hartzeko hirugarren txanda horren ondoren, Iruñeko alkateak denbora-mugarik gabeko azken txanda batekin amaituko du eztabaida-saioa.

¿Te ha sido útil esta página?