Herritarrek ostegunera arte egiten ahalko dituzte 2023ko abenduaren 19an Iruñeko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan (Amaia k. 27), 18:30etik 20:00etara eginen den Zabalguneetako auzo-eztabaidagunerako kontsultak, ekarpenak eta iradokizunak.
Saioan bertan ekarpenak aurrez aurre egiteaz gain, nahi dutenek aldez aurretik ere online egiten ahalko dituzte Erabaki Iruñea plataformaren eta foros@pamplona.es posta elektronikoaren bidez. Eztabaidagunea Participa Pamplona Youtubeko kanalaren bidez jarraitzen ahalko da, bai eta partaidetzako sare sozialen eta Iruñeko Udalaren sare orokorren bidez ere. Saioa #ZabalguneetakoEztabaidagunea / #ForoEnsanches traolen bidez etiketatuko da. Saioak entzumen irisgarritasuneko zerbitzua izanen du: zeinu-hizkuntzako interpreteak, azpitituluak eta aparatuak edo inplanteak dituztenendako aparatuak (begizta magnetikoa).
Legealdi honetako Auzo-eztabaidagune guztietan Cristina Ibarrola alkatea eta dagokion auzoko zinegotzia –kasu honetan Carlos Salvador– egotea aurreikusten da. Herritarren parte-hartzeko gune hori interesa duten pertsona, kolektibo eta entitate guztiei zabalik dagoen eztabaidagune gisa eratuta dago. Parte hartzea errazteko, eztabaidaguneek kontziliazio/ludoteka zerbitzu bat dute, eta topaketa egin bitartean haurrak zaintzeaz arduratzen dira. Informazio osagarria lortzeko, Herritarren Partaidetzako Zentroarekin harremanetan jartzeko aukera dago, 948420266 telefonoaren bidez edo foros@pamplona.es helbide elektronikoan.
Galderei erantzuteko eta proiektuak eta hobekuntzak aurkezteko, auzoan erantzukizunak dituzten teknikariak egonen dira, udalekoak zein udalez gaindikoak. Egitura beti berbera da: ongi etorria; sarrera, alkatearen eskutik; auzoko zinegotziaren informazioa eta galderak eta iradokizunak egiteko tarte bat. Bilerak Eguberrietako festen ondoren hasiko dira berriro, eta urteko lehen eztabaidagunea Iturramakoa izanen da.