Ostegunean Udalbatza 16:50ean abiatuko da Udaletxetik Bost Zaurien funtzioan parte hartzeko, Iruñeko Aste Santuan zinegotziak hiriaren izenenean bertaratzen diren ekitaldi bakarrean. Mercaderes, Caldereria eta San Agustin kaleetan barnako ibilbidea egingo dute, izen bera duen elizaraino, non 17:00etan ekitaldia izango baita. Ibilbidean Udalbatza hiriko bandera gabe joaten den ekitaldi bakarra da, elizaren barruan, ordea, dolu-bandera beltza daramalarik. Udalbatzako kideez gain, mazolariek, turuta-jotzaileek eta udaltzainek ere hartuko dute parte segizioan, gala-jantziz.
Alkateak Iñaki Cabases zinegotziari emango dio ordezkaritza ekitaldian, aurreko bi urteetan bezala. Urteko une bakarra da non zinegotzien gala-jantziek dominak Kristoren bost zaurien irudia irudikatzen den aldetik baitaramatzate (arantzazko koroa eta Gurutziltzatuaren esku eta oinetako zauriak). Irudi horixe da hiriko banderaren atzealdean agertzen dena.
Egun horretan, Udaletxeko fatxadak apaingarri bereziak izango ditu, balkoietan heraldika-oihalak paratuko baitira; oihal angeluzuzen brodatuak dira, Iruñeko armarria, Bost Zaurien ikurra eta hiriko burgu zaharretako armarriak ikusgai. Udalak 1614. urtean erabaki zuen haiek egitea.
Elizaren barruko prozesioa eta Katedraleko Musika Kaperaren emanaldia
Elizaren barruan prozesio bat egingo da, non Bost Zaurien irudia andetan eramango baita. Pausoa udalarena da, eta XVIII. mendearen bukaerakoa edo XIX.aren hasierakoa omen da. Bi aingeruk eusten diote Bost Zauriaren irudiari pausoan. Multzo artistikoa pinu-zuraz eta eskaiolaz eginda dago, polikromaturik dago eta ezarkinak ditu, urrezko eta zilarrezko xafletan eginak. Funtzioan, ohi bezala, Miserere romano XVIII. mendeko konposizio anonimoa eta Cristóbal Moralesi XVI. mendean egotzitako Inter vestibulum konposizioa entzungo dira, Katedraleko Musika Kaperaren eskutik.
Bost Zaurien Funtzioa ohitura zahar bat da, hiriak egindako hamar promes sekular delakoetan jasoa. 1601eko maiatzaren 30ean, hiria mehatxatzen zuen izurrite bubonikoa amaitu izana eskertzeko, Erregimentuak udal-akordio bidez ezarri zuen ekitaldi instituzional hau, zeinaren bidez Botoa berritzen baita.
Ekitaldia amaitu ondoren, Udalbatza Udaletxe plazara itzuliko da, ibilbide beretik. Desfilearen ondoren, hala nahi duten zinegotziek, jada nork bere izenean, Katedralean eta San Zernin elizan egingo diren ekitaldietan parte hartu ahal izango dute.