Ostegunean salgai jarriko dira PamploUp kanpaina berriaren 70.200 bonuak, hiriko 825 saltokitan % 30eko deskontua eskaintzen dituztenak

Ostegunean salgai jarriko dira PamploUp kanpaina berriaren 70.200 bonuak, hiriko 825 saltokitan % 30eko deskontua eskaintzen dituztenak
18 urtetik gorako pertsona bakoitzak 15 bonu arte erosten ahalko ditu www.pamplonup.es webgunean edo 912302200 doako telefonoan

 

 

Iruñeko Udalak salgai jarriko ditu ostegunean, 12:00etan, ‘PamplonaUp. Gora Iruñeko negozioak!’ kanpaina berriaren 70.202 bonuak, hiriko 825 saltokitan –aurreko edizioan baino 200 establezimendu gehiagotan– % 30eko deskontua eskaintzen dituztenak. Bonuak www.pamplonup.es webgunean eta 912302200 doako telefonoaren bidez eskuratu ahal izanen dira; telefonoak linea batzuk izanen ditu erabilgarri. Kanpainak maiatzaren 31ra arte iraunen du, edo bonuak agortu arte.

18 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez 15 bonu erosten ahalko ditu. Ez da beharrezkoa Iruñean erroldatuta egotea. Bonu bakoitzeko 14 euro ordainduko dira baina 20 euroko erosketa egin ahal izanen da. Iruñeko Udalak bonua trukatu den establezimenduari emanen dio 6 euroko alde hori dirulaguntza gisara. Horrela, erosketak diruz laguntzen dira, % 30ean, negozioetarako inolako kosturik ekarri gabe.

Ekimen honen xehetasun guztiak, zeina ekonomia eta enplegua bultzatzeko neurrien planaren barruan baita, ostalaritzaren eta hotelen sektorerako atzo aurkeztutako dirulaguntzak bezala, gaur prentsaurrekoan azaldu dituzte Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Ana Elizaldek eta Nafarroako Merkatarien Elkarteko gerente Inma Elcanok.

Iruñeko Udalak guztira 421.212 euro bideratu ditu laguntza-deialdi horretarako; izan ere, kopuru hori 150.000 euroan handitu da Iruñeko Udaleko Navarra Suma eta Sozialistak taldeen aurrekontuen akordioaren ondoren. Iazko PamplonUp bonuen laguntza-deialdia bi fasetan egin zen. Lehenengoan, irailaren 10etik urriaren 31ra bitarte, 44.969 bonu saldu ziren; bigarrenean, azaroaren 18tik abenduaren 13ra bitarte, 185.364 bonu saldu ziren. Guztira 228.193 bonu. 660 enpresatako 682 merkataritza-establezimenduk parte hartu zuten.

Tokiko merkataritza bultzatzea eta erosteko modua aldatzea gertukoa ezagutuz

Kanpainaren helburuetako bat da tokiko kontsumoa sustatzea, COVID-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoa dela-eta Iruñean bizi direnen kontsumoan egon den atzeraldia gelditzen saiatuz. Kontsumitzaileek merkataritza-gastua murriztearen arrazoia ez da soilik enplegua galdu dutenek edo enplegu-erregulazioko espediente bat jasan dutenek erosteko ahalmen txikiagoa izatea; izan ere, konfiantza jaitsi izanak eta etorkizunaren inguruko ziurgabetasunak ere eragina izan dute.

Bigarren helburua da herritarrarengan hurbilen dauden establezimenduek – erdigunekoek zein auzoetakoek– duten merkataritza-eskaintza zabala erakustea, askotan gertu bizi direnek ez baitute hori ezagutzen. Horrela, erosketak gertuko saltokietan egitea suspertu nahi da, hiri-eredu bizi-biziari eusteko, erosketa-ohiturak aldatuz, sarbide erraza, arreta pertsonalizatua eta jasangarria duen merkataritza mota bat aurkituta, ibilgailu motordunen bidezko joan-etorriak behar ez direlako.

Establezimenduen azken zerrenda www.pamplonup.es webgunean

Egoki atxikitako 825 establezimenduak hainbat sektoretako saltokiak dira, elikadurakoak, ostalaritza-establezimenduak eta zerbitzu pertsonalen negozioak barne. Hirian banatuta daude eta webgune berean kontsultatzen ahalko dira, www.pamplonup.es-en. Agian datozen egunetan establezimenduren bat gehituko da, orain akatsak zuzentzeko prozesua zabalik baita. Informazio hori aipatu webgunean eguneratuko da.

825 establezimenduetatik, 596 (% 72), saltokiak dira; 141, zerbitzu pertsonalak (% 17); eta 88, ostalaritza eta turismo arlokoak (% 11). Merkataritza sektorean, 162, moda eta osagarrietakoak dira; 24, oinetakoenak; 109, farmaziak; 79, elikadura-dendak; 42, altzari eta etxeko ekipamenduko dendak; 24, liburu-dendak; 18, optikak; 17, lore-dendak; 16, bitxi-dendak; 13, lurrin-dendak; 12, argazki- eta fotokopia-dendak eta kirol-dendak; eta 10, informatika eta elektronikakoak, etxeko-ehunkien kopuru bera.

Zerbitzu pertsonaletan, 93 ile-apaindegi eta estetika-etxe nabarmentzen dira eta ostalaritza eta turismoan, 35 jatetxe eta 30 taberna. Zerrenda honako hauek osatzen dute: akademiak, akupuntura, bidaia agentziak, ostatuak, arte ederrak eta eskulanak, erabilitako ondasunak, kafetegiak, albaitari-klinikak, dietistak, burdindegiak, belar-dendak, fisioterapeutak, gimnasioak, musika-instrumentuak, jostailu-dendak, ikuztegiak, masajistak, ortopediak, podologoak, zinema-aretoak, erabilera anitzeko aretoak, oroigarriak eta konponketa-lantegiak.

20 euro baino gehiagoko erosketak bonu batekin, 40 euro baino gehiagokoak, birekin...

Bonuak ordainketa elektronikoko pasabidearen bidez ordainduko dira, 20 euroko bonu bakoitzeko 14 euro bakarrik ordainduz. Behin erosketa egin eta gero, QR kode bat duten bonuak posta elektronikoaren bidez bidaliko dira. Bonua hala gailu mugikorrean deskargatuta nola paperean inprimatuta aurkez daiteke, betiere QR kodea zuzen irakurtzen bada.

Bonuak publikoarentzako 20 € edo gehiagoko salmenta-prezioa duten erosketetan erabiltzen ahalko dira. Bonua trukatzeko tiketaren guztizkoak 20 euro edo gehiago izan beharko du, bi tiket izanez gero, 40 euro edo gehiago, eta horrela hurrenez hurren. Atxikitako establezimendu batek bonuak onartzen baditu tiketaren edo fakturaren guztizko prezio horretara iritsi gabe (aldea edozein dela ere, baita zentimotakoa ere), Iruñeko Udalak ez du salmenta horri lotutako bonurik izapidetuko. “Intzidentzia” egoeran utziko ditu. Hortaz, programa amaitzean izapidetuko dira eta lehentasunik gabe ordainduko, eta, edozein kasutan, dirulaguntzako baliorik handienarekin, kontsumitzaileak ordaindutakoaren arabera.

Erosketa bakoitzean bonu bat edo gehiago trukatzen ahalko dira, gehienez ere 30 bonu tiket edo faktura bakoitzeko. Ez dira itzuliko erosi eta kanpainaren epeen barruan parte hartzen duten establezimenduetan trukatu ez diren bonuak.

¿Te ha sido útil esta página?