Bihar, ostegunean (ekainak 6), Maite Larburuk bakarka egindako lehen lana aurkeztuko du, Hezurren azpian izenburupean: euskarazko hamaika abesti, non antzinako musikan duen formakuntza klasikoagoa folk, bossa zein jazzarekin uztartuta aditu ahal baita. Kontzertua Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloaren barruan dago. Erraldoien Txokoan izango da (Descalzos k., 72), 20:30ean hasita, eta sarrera librea bada ere gonbidapenak hartu beharko dira aldez aurretik, txokoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik. Kontzertuaren estiloa ezberdina izango da, Kantu eta hitza zikloak aurretik eskainitakoen aldean; eta are kontzertu gehiago izango dira, ostegunero, ekainaren 27a arte.
Maite Larburu biolin-jotzailea, Hernanin jaioa, eta profesionalki antzinako musikan jarduten delarik, sorterriaren eta Amsterdamen artean, batetik bestera, bizi da. Neighbor izeneko bikotea sortu zuen Estatu Batuetako Josh Cheatham zangobiola-jotzailearekin, eta harekin bi disko kaleratu zituen; bietan hurbiltzen ziren folk, bossa eta jazz estiloetara, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestutako kanten bidez: Ura patrikan (2013) eta Hau (2016). Hezurren azpian da bakarka egin duen lehen lana, 11 abestiz osatua eta euskara hutsean, zeinean etxera itzultzearen ideiak garrantzi handia baitu. Lan honetaz mintzatzean, zera aipatzen da: artistaren ahotsaren adierazkortasuna zein naturaltasuna, eta munduari berak ematen dion begirada, sentikortasuna, xamurtasuna, umorea eta aldarrikapena nahasten dituzten hitzetan islatua. Erraldoien Txokoko agertokian, Maite Larbururekin (ahotsa, biolina, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa, xilofonoa, errezela), honako hauek ere izango dira: Caroline Taroucher (klarinete baxua), Aida Torres (perkusioa) eta Beñat Iturrioz (perkusioa).
Azken txanpan, Kantu eta Hitza zikloak ekainaren 13an eskainiko du hurrengo kontzertua, bertan Ziburuko abeslari eta idazle Maddi Zubeldia, H-Eden taldeko sortzailea, izango delarik. Emanaldiaren ardatza bakarka egindako azken diskoa izango da, Zimurrak baleki, non musika eta olerkia folk-giroan nahasteko nahia agertzen baitu. Xabier San Sebastianek, ekainaren 20an, eta Peio Ospitalek, 27an, emango diote zikloari amaiera.
KANTU ETA HITZA 2019. FORMATU TXIKIKO KONTZERTUAK EUSKARAZ
• Ostegunetan. Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72)
• 20:30ean. Gonbidapenak, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
• Ekainak 6
• Maite Larburu. Hezurren azpian
• Ekainak 13
• Maddi Zubeldia. Zimurrak baleki
• Ekainak 20
• Xabier San Sebastian. Zuhaitzak ez du beldurrik
• Ekainak 27
• Peio Ospital. Arnasa...hatsa...bizia...